Showing posts with label mind manager. Show all posts
Showing posts with label mind manager. Show all posts

2009/06/03

EMUNEKO IKASTAROA PRESTATZEN


Kaixo, hurrengo asteetan Arrasaten elkartuko gara buru-mapei buruzko ikastarotxoan.

Ikastaroari lotuta nahi zenuketen edozer (galderak, nahiak, iradokizunak,...) aurrez adieraztera animatzeko idazten dut hau.
Laneko informazioren bat buru-mapa gisa nola landu zitekeen aztertzea nahi baduzue, bota lasai hori ere eta saiatuko gara!

Softwareari dagokionean, Mind Manager erabiliko dugu, nagusiki, Emunen programa hori erabili ohi dutenak egon bazaudetenez. XMind (sw librea) ere erabiliko dugu, hala ere. Hemen XMind programaren (sw librea) bidez egindako buru-mapa bat duzue, programa horrekin hasteko. Lehenago ere buru-mapak edo antzekoak egin izan dituzuenei gonbitea egiten dizuet XMind bidez zerbait interneten argitaratzeko (oso erraz egiten da).

Horretaz edozein zalantza izanez gero, blog honetan bertan iruzkinak eginda edo e-mailez jakinarazi ahal duzue.

Ikastaroa aberasgarria izatea espero dut, eta jakizue ikastaroa eta gero ere laguntzeko prest izango nauzuela

Ondo-ondo izan!

Eleder
eleder.aurtenetxe@gmail.com
www.burumapak.blogspot.com

io: Buru-mapei buruzko gauzak idatzita ditut blogeko ale zaharrenetan (2008ko urrikoak eta 2009ko udaberri hasiera arekoak). Blog honetako eskumaldeko etiketen bidez erraz aurkituko dituzue. Dena den, datorren astean ikastarorako bere-beregiko informazioa prestatzen ari naiz.

2009/03/18

EUSKADI IRRATIKO ENKARGUA II


Duela pare bat asteko enkarguari erantzunez, buru-mapa egin nuen eta Edurneri igorri. Baina irudi hori blogera igon ezin.... Norbaitek nahi balu, e-postaz bidaliko diot. Hura aurrean izanda hobeto ulertuko lirateke jarraian idatziak... Laster MINDOMO (buru-mapak egiteko interneten oinarritutako doaneko softwarea) erabiltzen hasiko naiz eta horrelako arazoei agur (horixe espero !)... AZKENEAN XMIND BIDEZ; EGINA; HEMEN IKUSGAI.

Mind Manager 8.0 erabili dut horretarako. Ordaindu beharrekoa da, baina ezagutzen dudan onena baita ere. 30 eguneko frogaldia ere eskaintzen dute: http://www.blogger.com/www.mindjet.com da enpresaren webgunea. Badut nik programa horren kopia, eskuratu nahi lukeenari, geratu eta di-dakoan instalatuko niokeena (eleder.aurtenetxe@gmail.com).

Programa asko daude buru-mapak egiteko (eta era guztietakoak: libreak, komertzialak, interneten oinarritutakoak,...). Horri buruz beste izango dugu idazteko astia, baina aski duzu bilatzaile on batean "mind mapping software" ematea, eta baduzu nondik hasi. "Wikipedia mind map" bilatzea ere hasteko modu ona da.

Edurnek proposatutako ariketatxo honek zer esana eman dit ere. Hona hemen, honi lotuta, aipatzeko moduko kontuak:

1. AHALEGIN OREKATUA: buru-mapa zertarako den, horrenbeste denbora eta ahalegin emango diogu hura egiteari. Esaterako, astean behin egiten ditut irrati elkarrizketak kolaboratzaile gisa. Horiek prestatzeko eskuz egin ohi dut buru-mapatxo bat, kolore-erabilpenean eta edertasunean baino, ideia kopuruan eta horien antolaketan gehiago erreparatuta. Elkarrizketa-gidoi on bat prestatzeko aski dut ordu laurden.Jendaurreko mintzaldi baterako balitz, ordea, ordu batzuk emango nituzke buru-mapa prestatzen (eskuz zein ordenagailuz) mapa hura entzulego hipotetikoari erakutsiko diodala eta mintzaldia hobeto ulertzeko funtsezkoa izango dela kontuan hartuta.

2. IKUR (HITZ, IRUDI,...) PERTSONALAK/UNIBERTSALAK: jakina, buru-mapa zertarako den ere, modu bateko edo besteko ikurrak erabiliko ditugu. Norberarentzako bada soilik (edo buruz buru beste pertsona bati azalduko zaiona) norberak garatutako ikurrak, hitzak, irudiak,… oso lagungarri dira. Beste inork ere begiratuko badu buru-mapa hori, ostera, hark ulertzeko moduko hitzak, irudiak, edo hitz-irudi bikoteak sartuko ditugu buru-mapan.
Argi dagoena zera da: buru-mapa ondo eginda badago, hartzaileak hobeto, arinago, epe luzeagoan atxikitzeko moduan eta sormena hobeto piztuaraziz jasoko du informazioa.

3. BURU-MAPAREN ABANTAILAK: aurreko “post”-ean agertzen zitzaigun gidoiaren aldean honako abantialak ditu honela lan egiteak nagusiki:

3.1. EGITURA: 20 inguru galdera hurrenez hurren izatea baino, galdera horiek 4 bloketan ordenatzeak lagundu egiten dio pentsamenduari eta oroimenari.
3.2. KOLORE KODATUAK: buru-mapen ezaugarri bat da kolore kodatuak erabiltzea. Adibide honetan, marroiz tintatu dugu hitz baten hondoa, hitz hori bere albokoari kontrajarria dela adierazteko.
3.3. ASOSIAZIOAK: ideien arteko asosiazioak adierazten ditugu buru-mapetan. Hori egiteak lagundu zezakeen, esaterako irratiko elkarrizketan, bat-batean baina ordena galdu gabe, galdera batetik beste batera salto egiteko,...
3.4. GAKO HITZAK: ahal dela, gako-hitzak erabiliko ditugu huts-hutsik:
Esaldi batean gako hitzak ugari badira, hitz nagusi baten pean izango ditugu haren “kumeak”. Ideiak horrela idatzi “beharrak” hobeto ulertzea dakar, eta denbora eta espazioa aurrezten digu.
3.5. NATURALTASUNA, BAT-BATEKOTASUNA ETA ORDENA: Gainera, jendaurrean mintzatzeko erabiliko denean ordena ematen dio mintzaldiari, erraztu egiten du norbere hitzez, era naturalagoan adieraztea, eta bat-batean ideia berriak txertatzen laguntzen du. Badago tokia beste ideiak batzuk sartzeko. Hobeto esanda, bat-batean etorriko zaizkigun ideiek EUREN tokia izango dute aurrez prestatutako buru-mapan.

Eta, irakurtzen ari zaren hori, inoiz Edurnerenaren antzeko enkargu bat proposatu nahi bazenu, lasai asko bota!

OHARRA: lehen esan bezala, ez dut blogean buru-mapa argitaratzeko modurik izan. Gaurko programek hori errazten dute, baina oraindik ez dut gai hori menperatzen. Norbaitek horretaz gehiago baleki, pozik hartuko nuke laguntza!

2009/01/21

ZERTAN ARI NAIZEN ORAIN



Astelehenean ekin diogu euskarazko ikastaroari. Zazpi lagun elkartu gara eta Greg izan dugu bertan bisitari. Bera da Discovery World honetako sustatzaileetako bat eta eskertu behar diot (bai eta BIBeko lankide Javiri, Iñigori... ere) ikastaro hauek prestatzeko eta gidatzeko gonbitea. Orain urte pare bat elkar ezagutu genuenetik oso tratu hurbila izan dugu. Gauza askotan egiten dugu bat biok: sormenarekiko interesa, izaera jolastia eta lana eta bizia nahastearen aldeko apostuan, bai behintzat.

Lana eta bizia bat direla uste baitut zinez. Alperrik saiatzen garela "orain lan, gero bizitzeko" pentsamenduan sarriegi... Horretaz idatzi nuen Patu ez-izenez duela hiru urte eta, patua patu, konturatu barik, bide horretarantz aldatu da zeharo nire eguneko bizia.

Lehengo Aldundiko lantoki erosotik kanpo geratu nintzen ezustean, eta a zer lasaitua! Aspaldi buruan nuenari heltzera erdi-"kondenatua" nago (beste erdia, gutxienez, horrixe egiteko irrikitan). Aspaldiko amets hura egia bihurtzeko, bizi-bizi. Lan-une bakoitza gozatuz...

Izan ere sormenari buruz ikertzen eta ikasten jarraitu nahi dut eta ikasitako hori ingurukoekin partekatzen. Ahal den heinean euskaraz eta euskarazko ikas-jarduera profesionalen egarri denari freskagarria ematen...

Ia une oro sinesten dudan horixe egiten. Buru-jabe.

Bideari ezustean heldu nion, Greg-ek proposatuta eta behin nagiak bota eta berehala, baiezkoa eman eta hurrengo unetik, buru-belarri sartuta nabil kontu honetan.

Hasi, buru-mapei buruzko ikerketa, trebakuntza, aholkularitza eta zerbitzu bereziak eskainiz hasi naiz, lehen aipatutako "Bizi!" idatzi horretan islatzen dudan pentsaeraz. Iruditzen zait premiazkoa dela gure artean buru-mapen kontua zabaltzea. Erantzuna ere oso positiboa izaten ari da...

Sormen eta adimen kolektiboari lotuta, bada loa kentzen didan beste teknika bat, eta horri heldu behar diot patuak adierazten didanean... Open Space Technology da teknika horren izena. Zinez interesgarria. Jakina, buru-mapekin uztartuz gero, are eragingarriagoa.

Tira, zertan ari naizen orain? Egia esan, idatzi hau astelehenean buru-mapei buruzko ikastaroan gertatuak laburtzeko asmoz hasia nuen... eta hara nora joan garen!

Orain, oraintxe, lehiaketa honetarako idazten ari nintzen ere bai. Arin ibili lerro batzuk idatzi eta zozketan sartu nahi baduzu! Etzi arte baduzu idazteko aukera eta 30 minutu emangoi dituzu horretan, gehienera. Lehiaketa ordez, gainera, zozketatxoa izango omen da. Buru-mapak ordenagiluz egiteko Mind Manager 8.0 programaren lizentzia sari gisa!

Merezi izan du beste zereginak geroko uztea, ez da? Berriz ere jolasteko grinak harrapatu gaitu!

Jarrai dezagun, bada, jolasten eta zurrunbiloan datozen ideiak, banan-banan, buru-mapetan bakoitza bere tokian jartzen... anabasari orden apur bat ezartzen...