Showing posts with label ikastaroaren edukiak. Show all posts
Showing posts with label ikastaroaren edukiak. Show all posts

2010/03/14

BURU-MAPAGINTZA IKASTAROAK EKARRIAK (UEU_EIBAR 2010-III)

PARTE-HARTZAILEEN BURU-MAPA: Ikastaroan parte-hartutakoei norberaren adierazle den ikurra asma dezaten eskatu diegu amaieran, eta aurrez prestatutako bost adar nagusietako batean edo, sortu nahi izanez gero, beste batean koka dezan nork bere burua eta norberari buruzko ezaugarri batzuk, azpi-adarretan, Emaitza, goiko buru-mapa hori.

Eibarren buru-mapagintzarako sarrera ikastaroa amaitu dugu larunbatean.
Ikastaroaren edukia honako hau izan da, laburtuta:
  • Buru-mapak eskuz egiteko ariketak.
  • Irudimena lantzeko ariketak.
  • Oinarri teorikoak.
  • Buru-mapak jendaurrean mintzatzeko.
  • Buru-mapak Xmind software librea erabiliz.
  • Sakontzeko informazio iturriak.
Egun bitan banatutako 10 ordukoaren bukaeran zera galdetu diegu parte-hartzaileei:

ZER EKARRI(ko) DIZU IKASTAROAK/BURU-MAPAGINTZAK?

ZER DA ZURETZAT?


Bakoitzak hiru ideia labur bota ditzala eskatu dugu. Hona hemen 12 parte-hartzaileek erantzundakoen bilduma:
  1. JENDEA EZAGUTZEA; PRAKTIKOTASUNA; IDEIAK PIZTEA;
  2. BURUKO EKAITZA BARETZEKO AURKIKUNTZA
  3. SORMENA LANTZEKO GOGOA; ORIGINALITATEA; ERABILGARRITASUNA
  4. PERTSONAK; ESPERIMENTAZIOA; IRTENBIDE BAT
  5. ESPERIMENTATZEKO AUKERA; ASKO IKASI DUT; OSO GUSTORA EGON NAIZ
  6. PRAKTIKOTASUNA; PENTSATZEKO BESTE MODU BAT; IDEIAK SORTZEN LAGUNTZEN DU
  7. PRAKTIKOTASUNA; JENDE EZBERDINA EZAGUTZEKO AUKERA; BURU-BLOKEOAK HAUSTEKO MODUA
  8. PENTSAMENDUA ARGITZEKO LAGUNGARRIA; ADARREN GARRANTZIA
  9. KREATIBITATEA; ERABILGARRIA; TERAPEUTIKOA
  10. ALOR ASKOTAN HOBETZEKO GILTZA
  11. KOLOREA ONDO ERABILTZEAREN POTENTZIALA; GIRO EDERRA; JARRAITZEKO GOGOA
  12. BERRITZAILEA; PRAKTIKOA; NORBERAK JARRAITZEKO BALIABIDE ASKO JASO DITUGU
Ideia horrek berrantolatu ondoren, honela laburtuko ditugu (www.wordle.net bidez egina. Irudian klikatuz gero handiago ikusiko duzu):

Wordle: BURU-MAPEN IKASTAROAK EKARRIAK EIBAR 2010-III

... eta irudi horrek ikastaroak ekarriak ondo isladatzen baditu, ez da gutxi gero!

Ondo bizi!

Eleder
BM31: Mind Mapping-Open Space Technology-Sormena
Twitter

2009/01/22

IKASTAROAREN 1. EGUNEKOAK


Astelehena izan zen euskarazko buru-mapei buruzko ikastaroaren lehenengo eguna.
7 lagun izan ginen ikastaroan parte hartzen eta izena emandako beste 3-4 ere etorri ezinik.

Ikastaroa ahalik eta mugituena eta partehartzaileena izatea xede, edozein unetan galderak, iritziak, zalantzak, lasai botatzea eskatuta ekin genion, horrexek egingo zuelako ikastaroa interesgarriago.

Irudiko buru-mapa eder hau (buru-mapagintzaren oinarriak azaltzen ditu), Paul Foreman-i zor diogu. Oso blog interesgarria berea.

Buru-mapa sorta zabal bat izan genuen ikusgai, jendea etorri ahala ongi-etorritzeko.

Nork bere burua aurkeztu zuen gero, honako ariketa honen bitartez: 5 hitz eskatu: 1. izena; 2. ezaugarri berezi bat; 3. zaletasun bat; 4. gogoko web-gune bat; eta 5. gogoko txokoa. Elkarrengana apur bat hurbiltzeko aitxakia, eta elkar ezagutzeaz gain, beti zerbait ikasteko balio diguna.

Etorritakoen bat-bateko parte-hartzeari esker unean-uneko zalantzei eta iruzkinei erantzunez buru-mapei lotutako kontu garrantzitsu dexente izan genuen hizpide. Hala nola:
  • buru-mapen jatorria, liburuaren historia eta bitxitasun batzuk
  • egile diren Buzan anaiei (Tony eta Barry) eta "The Mind Map Book" (1993) idazteko prozesuari buruzko kontuak
  • buru-mapen erabilerak: norberarentzat, jendaurreko azalpenetarako, talde-lanerako ,...
  • ideiak irudien bitartez adieraztea eta norbere iruditegia sortzea
  • egunerokoan arretaz ibili eta irudiak harrapatzea
  • ordenagailuz irudiak nola bilatu, moldatu eta erabili
  • iruditzeko erraztasuna eta iruditzearekiko aurriritzi kaltegarriak (umekeria da, "ni oso baldarra naiz horretan"...)
  • espazio hutsa, garunaren lagun: garunak hutsuneak betetzera jotzen du. Ideia aasko nahi duzula? Paper zati handiagoa hartu buru-mapa egiteko! Ideia bat gogoratzen ez? egiozu toki huts bat adartxo bat eskainita buru-mapan eta etorriko da! Bai ote? Froga egin!
  • egitura erradialaren onurak: beti gehiagorako tokia, egitura irekia, talde-lanerako aproposa,...
Horman itsatsitako ereduetan arreta jarri eta gero, aipatutakoak kontuan hartuta, nork bere lehenengo buru-mapa egiteari ekin zion gero ordu erdiz-edo.

Jolasaren ordua: binaka jarrita, buru-mapak egiteko arau eta aholku nagusiak eta horien zergatiak aipatu genituen. Arau horiek kontuan hartuta zer hobetu dezakegu egindako lehenengo buru-mapa horretan? Horixe da hurrengo zeregina. Zirriborroa hartu eta arau horiek gogoan izanda, buru-mapa berregingo dugu.

Etorritako lagun bik haien buru-mapa azaldu ziguten azkenik.
3 ordu luze eman genituen horretan, asko mugituta baina gelatik irten barik... Konturatu gabe joaten da denbora horrelakoetan.

Bigarren jardunaldia datorren astelehenean. Zeu ere gonbidatuta zaude. Aski duzu e-mail bidez abisua ematea eta animatzea... doanekoa da oraingo honetan, aukera ona! Lasai egon aurrekoan izan ez bazinen, ez da hori izango-eta arazoa hurrengoak ikasteko!

Honako hauek ditut buruan 2. egunerako...
  • hitzak-irudiak ariketa: irudimena lantzen
  • buru-mapa egiteko legeak eta arauak. aurreko buru-mapa berregin
  • buru-mapa jendaurrean mintzatzeko tresna gisa
  • buru-mapak talde-lanerako tresna gisa
  • Mind Manager 5.0 aplikazioa instalatzea
A! Ikastaroan izan zinetenok, ba al duzue idatzi honi eransteko zerbait? Eskertuko dugu!