2014/06/24

Eguzki Dantza (one heart dance)




Irratian izan genituen Pagorriagako Agus eta Ainhoa, Eguzki Dantza bazetorrena iragartzen. Elkarrizketa entzun eta laburpena irakurri nahi? Ilusio handiz ari ziren. Eta kutsatu zitzaigun, bertan izan gara aurreko asteburuan, eta datorren asteburuan bertara itzultzeko ilusio handiz gagoz orain.

Zegatik? Zer azpimarratuko genukeen? Hona hemen zerrendatxo bat,...
  • Ze toki ederra Pagorriaga! Zoragarria!
  • Zelako maitasunez eta ilusioz prestatu diguten tokia azken asteetan bertan izan direnek! Oso txukuna, ederra, zabala,.... primerakoa!
  • Roy Littlesun. Oso eragin handia egin digu, bere 81 urteetan, soiltasunez, argitasunez, itzelezko indarraz, umoreaz, egote hutsaz, ondo jositako hitzaldiez, isiltasun adierazkorraz, janaria astiro-astiro hamaika aldiz mastekatuz...

  • Lagun euskaldun ugari, bizi-pozez, argitsu, fokatuta,... eta han-hemengoak, eta bere kabuz, "Bakarka" metodoaz, euskaraz ikasitako Juluieta brasildarra, eta,... Jende zoragarria, adin guztietakoa!
  • Giro baketsua, janari osasungarria, bertan lo egiteko aukera,... prezio jatorretan.
  • Umeekaz egoteko moduko topagune paregabea. Gainera ekintza gehigarri ederrak: zaldiz ibiltzeko auker, buztin tailerrak, ume ugari,...
  • Auzolan esperientzia ederra, bertan parte hartzeko irekia.
  • Osanaturrek egiten duen ekarpen mardula eta horren eragileak bertatik bertara ezagutzeko modua
  • Esperientzia meditatiboa. Bai tanborrean, bai txalapartan, zein dantza ibiltarian, lurrarekin eta nor bere bihotzarekin konektatzeko aukera aparta!
  • Ardura indartzeko eta norbere barrua sendotzeko ariketa itzela! 40 bat lagun bertan egonda, denari eustea, erronka polita! Eta ze ederra gero, "geuk egin dugu!" sentsazioa, gure bihotzean betiko iraungo duena!
Eta hantxe daude orain ere, une oro, ekainaren 30era arte edo uztailaren 1era arte, ortozik edo zapatetan, gau eta egun, eguzki, txingor, txinparta, eta datorrena datorrela, pum-pum-pum tanborrari eragiten, zantzo eta irrintzi ugariren artean, eta dantza ibiltari ederrean, euskal arima zaharrei ohore egiten, haiek berbizten.
Info +
*Bertaratzeko informazio praktikoa hemenPagorriaga Baserria      Tel. 943.582071    ainhoa@osanatur.com 
* Eguzki-dantzaren moldeari eta esanahiarei buruzko kontuak hemen ingelesez.
* Tokiko argazki batzuk hemen 
* Eguzki-dantza iragartzeko irrati elkarrizketa entzun eta laburpena irakurri nahi?

Gu, Bilbon-Mundakan egunotan, asteburuan Pagorriagara itzultzeko irrikitan! Zu zeu be, beharbada?

Bizi!

@Eleder_BuM    
www.burumapak.blogspot.com  www.flowandshow.blogspot.com  
http://in-fluyendo.blogspot.com.es
www.bilbohiria.com/irratsaioak/berbaz





2014/06/17

BIzi Tokiren aldeko elkartasun kanpaina

Bizi Toki : eraldaketa soziala eta eskolari alternatiba
Elkartasun kanpaina



Hiru urte jada Bizi Tokin eraldaketa sozialean eta eskolari alternatiban hainbat bizipen eder ditugula eta arlo hauetan Euskal Herrian gogoeta eta praktika aitzinarazten ari garela. Gaur egun Bizi Toki Euskal Herri mailako topagunea da eta luzaz hala izaten segitu nahi du!

Bizi Tokiren egoitza konpontzeko lanak auzo lan aberasgarrien bidez burutzen ditugu, baina material anitz erosi behar dugu. Horretarako 20.000 € biltzeko elkartasun kanpaina bat egin behar dugu. Kanpaina hori, Bizi Toki gehiago ezagutarazteko eta eraldaketa soziala eta eskolari alternatiba zabaltzeko baliatu nahi dugu ere.

Gauzak hola, Bizi Tokik interesa piztu dizuen guziei laguntza eskatzen dizuegu. Gure ideia, irailean eta urrian Euskal Herriko ahal bezain bat herri eta auzotan Bizi Toki lagundu nahi dutenek ekitaldiak antolatzea da. Ekitaldiak bi partetan egiten ahal lirateke. Lehen partean, bi ordu ingurukoa, Bizi Tokiren aurkezpena eta eztabaida bat antolatzen ahal lirateke. Bigarren partean dirua biltzeko elkartasun afaria edota kontzertua, antzerkia, zintzur bustitzea, kantaldia, bertsolaritza, talo jatea, ostatua, pintxoak, ogitartekoak...

Euskal Herriko txoko anitzetan Bizi Toki aurkeztu dugu jada baina gogotik itzuliko ginateke txoko hauetara eta gogotik ere beste berri batzuen ezagutzera joango ginateke. Eskertuko genizueke beraz, lagundu nahi bagaituzue, gurekin harremanetan sartzea.

Besarkada azkarra eta agian laster arte.

2014/06/03

Geuk II_ekainaren 12an Durangon



GeuK gune irekia izan zen otsailaren 26an Durangon.

Han hazitako izpirituak, ilusiak, gogoak,... beste hau dakar, datorren asterako.
Gune Irekiaren izpirituari eutsita bideratuko dena, Ixi Garziaren eskutik.

Kaka zaharra :-)!

Datorren asteko ekainaren 12koari buruzko Informazio gehiago hemen.

@Eleder_BuM    
www.burumapak.blogspot.com  www.flowandshow.blogspot.com  
http://in-fluyendo.blogspot.com.es
www.bilbohiria.com/irratsaioak/berbaz

2014/05/29

Berandu dabiltza

...kantu puska...eta karaoke polita Gabi de la Mazak paratua!

Tirantezko galtza laranjak TrucaRec-eko lagunen eskutik egin bidean ditugun honetan (baietz, gabonaurreko Kafe Antzokiko urterokorako, baietz :-)!
Eguneroko bizitza ikatza bezelako
labexomorroak ixurtzen hasi zenean etengabe,
Otis Redding badiako kaian eseri zen
aideplano eroriei kantatzeko blues band.
Sagarraren loreek su hartu zuten eta
niri odola hasi zitzaidan sudurretatik
baldosa zuriko komuna publikotan
pornografia irakurtzen ari nintzenean love,
eta alkimistek txosten bat eman zuten
argitara plusvaliaren alde azalduz erabat,
Errestaurantetik bi homosexsual bota
zituzten arrazoi komertzialak zirela merio.
Bakardadearen milaka kopia inprimatu
ziren neguaren ateetan geundelako,
ene osaba batek postale bat izkribatu
zidan Stop ene urtebetetzea zelako Stop iloba,
eta bide batez bere seguruetxea kontseilatu
nahi zadalako inoiz ez da jakiten noiz,
ene maitaleak telefonoa jo zidan kobre
zaporeko maitasunez gauaren erdian.
Eguneroko bizitza ikatza bezelako
labexomorroak ixurtzen hasi zenean etengabe.
Gero ernari gelditu zen ibaia zerutik
atergabe jautsitako espermaz, alkandora
arrosak loredunak xuriak gorribeltzak
multikoloreak herrestan eramanez,
eta aste berean ni puta bat naiz oihuztatu
zuen ezkontza despedidan Champagne,
Olivetti batetan bere lehen gutun erromantikoa
osatu zuen sekretaria lotsatiak;
eskaleek halere trapuzko etxeak jaso
zituzten zubipean mitxeletak babesteko,
kattagorriek supermerkatuari eraso zioten
altxa besoak non da intxaur kaxafuertea.
Negua heldu zen azkenez eta
antzerrek V bat egin zuten zeruan,
dispensariotan antitristezi pildorak
banatu zituzten ugari
Ejiptoko zazpi izurriteren edizio
ugaldu eta korrejitua usmatuz;
zoriona gramoka saltzeari ekin
zioten trono aingeru eta kerubinek;
beturte kardinek igotze desnaturala
eman zuten Erromako boltsan,
mila liburu erregalatu zituzten bankuek
Ora eta bereziki Labora lemapean;
baina alferrik zen berandu dabiltza
ez dute ezer lortuko honez gero,
palazioak lurrera doaz gartzeletako
ormak pitzatu egin dira, 
eta gu libro gabiltza kaleetan tirantezko
galtza laranjaz jantzirik, libro libro.
...eta orain, epelago begitratuta kontuari/kantuari,...
"baina alferrik zen (haiek) berandu dabiltza,... eta gu libro-libro,..."
(azken lerroetan) muturbikeria ote hau be?

@Eleder_BuM    
www.burumapak.blogspot.com  www.flowandshow.blogspot.com  
http://in-fluyendo.blogspot.com.es
www.bilbohiria.com/irratsaioak/berbaz

2014/05/21

Izarren hautsa

Azken aldian Berbaz saioan sarri agertu jakun kantua, Izarren Hautsa.

Zerbait aldatzen ari ote da inguruan?

Bitxi-bitxi ematen du kantak, publizidade barik aurkitu dugun bideo bakarrean, Zuriñe Hidalgok kantua emanda, Lete, Laboa edo Ruperren aldean eta hitzen aldean, baietz?


Hitzak Kantuan.net-etik jasoak

Izarren hautsa egun batean
bilakatu zen bizigai,
Hauts hartatikan uste gabean
noizbait ginaden gu ernai.
Eta horrela bizitzen gera
sortuz ta sortuz gure aukera
atsedenik hartu gabe:
Lana eginaz goaz aurrera
kate horretan denok batera
gogorki loturik gaude.
Gizonak badu inguru latz bat
menperatzeko premia,
borroka hortan bizi da eta
hori du bere egia.
Ekin ta ekin bilatzen ditu
saiatze hortan ezin gelditu;
Jakintza eta argia:
Bide ilunak nekez aurkitu,
lege berriak noizbait erditu,
hortan jokatuz bizia.
Gizonen lana jakintza dugu;
ezagutuz aldatzea;
naturarekin bat izan eta
harremanetan sartzea.
Eta indarrak ongi errotuz
gure sustraiak lurrari lotuz
bertatikan irautea:
Ezaren gudaz baietza sortuz
ukazioa legetzat hartuz
beti aurrera joatea.
Ez dadukanak ongi ohi daki
edukitzea zein den ona,
bere premiak bete nahian
beti bizi da gizona.
Gu ere zerbait bagera eta
gauden tokitik hemendik bertan
saia gaitezen ikusten;
amets eroak baztertuz bertan
sasi zikinak behingoz erreta
bide on bat aukeratzen.
Gizonen lana jakintza dugu;
ezagutuz aldatzea;
naturarekin bat izan eta
harremanetan sartzea.
Gu sortu ginen enbor beretik
sortuko dira besteak
borroka hortan iraungo duten
zuhaitz ardazka gazteak.
Beren aukeran jabe eraikiz
ta erortzean berriro jaikiz
ibiltzen joanen direnak:
gertakizunen indar ta argiz
gure ametsa arrazoi garbiz
egiztatuko dutenak.
Gu sortu ginen enbor beretik
sortuko dira besteak
borroka hortan iraungo duten
zuhaitz ardazka gazteak. (3 aldiz)
Eta ametsa bilakaturik
egiaren antziduri
Herri zahar batek bide berritik
ekingo dio urduri;
Guztien lana guztien esku
jasoko dute sendo ta prestu
beren bizitzen edergai;
Diru zakarrak bihotzik eztu,
lotuko dute gogor ta hestu
haz ez dadin gizonen gain.