Atzo lagunekaz ederto baten Mundakan.
Kantuzaleak denak eta azken aldian gutxiagotan elkartu garenez kantutegia ere arean kamustuta...
"Itsasoari begira" zetorkigun behin eta barriz burura eta kantuaren leloa genekien doi-doi. Hurrengorako beharbada ikasita izango dugu bideo honen laguntzaz...
beste kanta batzuk ere bildu ditut bulkada beretik tirata, hala nola
_Mursegorengandik "Europa zaharreko banpiroen guda"
Broklyn bridge, NYC: hor ageri den tipoa ez naz ni, baina gauza batzuetan bat egiten dugu: irrifarerako joera, eta betaurrekoak. Ziur aski, urte honetako aldaketa nagusia izan da niretzat. Berriro ere, ume-umetan bezala, eroso sentitzen naz "bidrioak" jantzita. Pasa dira nerabezaro luuuuze honetako lotsak sufrikarioak eta ordu gutxiago gabiltza orain lentillak jantzita. Idatzi honetan irakurritakoek ere lagundu zuten, beharbada,... ez, ka! lehenago ginen jada itxuraz mudatuak. Bai, ptqk aurkitzea ere oso polita izan da aurten:-)!
OHARRA: "gaur" dioen tokietan, 2010-12-16az ari gara
Zuri-zuri daukat orria eta ezer asko pentsatu barik idazteari ekin diot, premia bati erantzunez. Gauzak kontatzeko gogo handia izan ohi dugun horretariko une bat da. Ume batek egin zezakeen moduan idatzi nahi nuke orain. Datorrena datorrentxuan botata. Gero orrazketa labur bat egingo dut 5 minututan, egitura eta ordenari erreparatu barik, ortografia zuzentzeko soilik...
Mundakara bizitzen joan gara irailean eta aldaketa handia izan da. Oso pozik horregaz. Umeentzako espazio txikiagoa, zabalagoa, lasaiagoa, biziagoa, motelagoa, mantsoagoa,... komunitarioagoa ere esan nehi dut, antzeko aurpegiak ikusten ditugu egunero, 1000tik goratxu duen kostaldeko herri eder honetan. Pisu txiki baten alokairuan, eta handiago baten bila. Umeak pozarren, elkarlaguna (eskermila, Kirmen!) ere bai eta ni neu, zer esanik ez, aspaldiko urteetan txoko hori nuen eta bizitzeko kutuntzat... Olentzerorena ere egitekoa naiz eskolan, ez-ezaguna behar omen zen eta inor agertuez... :-)! Atorra jazten utziko ote digute neguaren ondarrean? Polita behar du izan!
Gaur BIlbon lo egitekoa, ama kili-kolo dabilelako. Iñigo laguna topatu gaur kalean eta Kiko Veneno ikusten joan behar dugula... ni, txuflara, batez ere, gorputzari astindualditxua eman, barre batzuk bota, aspaldiko lagunak aurkitu Kafe Antzokian,... atzo ere, patuak nolabait hurbilduta han izan ginen, eta a zer egonaldi ederra! Aurkikuntza asko bertan: VIctor Heredia goratu zigun Txileko Alek, euskal-diba ezagutu ahal izan genuen bete-beteko emanean larrosa zuriak bota eta bota jaikosaki tranpaldo gainetik... harik eta larrosa gorria agertu zitzaion arte. Hori botako ete zigun? Ka! Mantso mantso hartu, eta dotoreziaz jarri zuen bere hile mototsaren edergarri..., aspaldiko jendea eta jende barria,...
Goizean oso bilera esperantxagarria. Espazio irekiko dugu berriz ere, antza, laster han eta hemen. Gaur gaia definitzen ibili gara. 3. sektoreko behatokiak artea eta gizarte-bazterkeriaz mintzatzeko, amesteko eta sortzeko parada emango digu. Open Space Technology bilera-metodoa erabiliko dugu horretarako. Amasteko Ricardok deituta Eutokian izan genuen esperientzia ere polita izan zen. Eta hango hotsak entzundako beste lagun batzuk ere Espazio Irekiko bilera zabaltzeko deia egin digute Team Academy-tik. Gauzak berez-berez dabiz. Auto-eraketa.
EDE euskaraz gehiago aritzeari buruz oso elkarrizketa interesgarria Itziar Kerexetagaz. Laster euren eskutik buru-mapei buruzkoak.
Harrison Owenek urtean behin ikastarora gonbidatzen gaitu, Phil Coleman eta Karen Davis lankideekin New Yorken (hemen horren berri sakonago, programa barne). Han izatekoak gara ere bai, eta oso ilusio handia egiten digu horrek, Errekaduren bat egitea nahi badozu, esan lasai, eta egin-egingo dizugu, ahal bada:-)! Oraingoz, ideia bat nagusi. Brooklyn bridge delakoa polita omen eta bertan kitarraz kantari barriz be, beharbada?
Aldundia hasi ginen aldi baterako lanean. Hasieran baino gustorago orain. Blog esperimentala ere hasi genuen: http://www.funtziona.blogspot.com/, hango bitxitasun batzuekaz.
Ingelesez irakurri ahal duenarentzat. Hemen liburu interesgarri pilo bat. Baten baten interesa baduzu, eleder.aurtenetxe@gmail.com helbidera idatzi eta pasako dizugu (haietako batzuk ondo-ondo azpimarratuta, gainera :-)!
Treneko joan-etorrietan Byron Katie-k bidalitako "A thousand names for joy" liburuak ondo harrapatu nau egunotan.
Irratiko elkarrizketak alboratuta oraingoz, baina lehengoak hemen entzungai, eta otsailean ekiteko gogoz, aste birik behin, beharbada?
Asteartean Eugenio Moliniren tailerrean izan ginen eta merezi izan zuen. Gaia? Lan-talde eraginkorrak. Kakoa? Bakoitzarentzat zentzuzkoak diren zereginetan jardutea eta jendea borondatez hurbiltzea lantera. Gaur egun argi-argi ikusten dugu aspaldiko urteetan laino zitzaiguna. Betaurreko barriei esker ote?
Ondoko hori, buru-mapagintza ezagutarazi zuen Tony Buzanek eginiko buru-mapa bat da, lasaitze-ariketak gai hartuta eta Mind Map Art webgunean eskura duzu.
Heldu den urtarrilaren 20an, 18:00-19:30 artean, Bilboko Boluntan (7 kaleetan, hemen) buru-mapei buruzko ordu-terdiko hitzaldia emotekoak gara, EDE fundazioaren eskutik, doan.
Gero, dozena bat lagun inguru elkartuz gero, 8 orduko sarrera-ikastaroa izango genuke Bilboko Boluntan ere, udaberrian, 27€-tan edo. Ideia bat izan dezazun, hemen irakurri ditzakezu sarrera ikastaro hauetako baten ondoren parte hartutako jendeak ikastaroaren gainean esandakoak (galdera bi hauek eginda: ZER EKARRI(ko) DIZU IKASTAROAK/BURU-MAPAGINTZAK? ZER DA ZURETZAT?). Eta beste esteka honetan, buru-mapei buruzko sarrera artikulu bat duzu.
Hitzaldirako edo ikastarorako izena emateko, hemen dituzu kontaktuak:
EDE fundazioan urriak izaten dira euskaraz eskainitako ikastaroak eta Bilbo baten buru-mapei buruz emango genukeen lehenengoa izango litzateke hau. Ea ateratzen den! Horretan interesa daukan edozein laguni pasatuko diozu esteka hau, mese?
Ondo bizi!
Eleder
BM31_ BILBAO: Mind Mapping-Open Space Technology-Sormena
Amastéko Ricardogaz azken urteetan izandako hainbat elkarrizketaren ondoren sortu zen aurrekoan elkar-lanean aritzeko aukera.
Espazioa Irekitzen gonbidatu gintuen Txelu kideagaz, EUTOKIKO etorkizuna gai hartuta, jendearentzako deialdi zabala eginda eta bertan hainbat elkarrizketa interesgarri loratzeko tokia emanez.
Gainera,bertan hitz egindakoak buru-mapa batera eraman zuten I love my work eko lagunek (esker mila, MawatreS, Hodei eta Igor!), buru-mapagintzari buruzko oinarrizko kontu batzuk azaldu ondoren.
Goiko argazkiko buru-mapa hori atera zen. Lehenengo saioa izan da horrelakoetan eta denborak eta neurtzeko balio izan digu.
Ikasitako lezio batzuk:
topaketa batean berba egindakoak laburzeko tresna aparta da buru-mapa
egingo dutenek trebatu behar dira lehenik. Iruditzen jakitea baino askoz gehiago behar da: ideiak gako hitzetara ekartzeko gaitasuna, ideiak antolatzeko gaitasuna,...
material egokia behar da: gutxienez 12 kolore, harbela erabiliko bada, pastel-klariona bereziak,...
elkarrizketetan parte hartu duten jendeak irudia bera egiten integratzea aberasgarria litzateke,...
Alex Carrascosa datorkigu gogora, taldean egindako arte-lan ederrak bideratzen duen trebetasunagatik eta eskarmentuagatik,...
Biharamonean Espazio Irekia genuen Eutokian, eta harako nire burua prestatzeko egin nuen goiko buru-mapa hau. Ikasten eta berrikusten nuen bitartean, prozesua zeharo gozatzen. Berrikusketa asko egin ditut espazioa ireki aurretik eta bertan dut hurrengoetarako behar dudan guztia oso toki txikian. Orokorra eta xehetasun guztiak toki baten.
Horra hor gogokoen ditugun gai biren, ezkontza, bada!
Mundakara bizitzen etorri ginen irailean ( ikus aurreko asteko olatutzarrak, udagoien ederrean! http://ttiki.com/19592), Bilbon lanean jarraitzen dugun arren. Lagun on baten mezua gaur...
"... Dana dala, zure izena agertzen da noizik behin, adibidez atzo lagun batek bialdutako eposta batean, EUTOKIA proiektuaren gainean. Zur eta lur geratu naz: eposta gaztelania hutsean eta web orrira sartu eta gauza bera. Zelan da posible?"
Erantzunean nire harridura agertzeaz gain, euskarazko bertsioa ere heldu egin zaidala baietsi diot. Hura moldatu (letra etzan urdinez) eta hona dakart orain.
Goiko IRUDIA: espazioa irekitzen gure burua prestatzeko egiten ari garen buru-maparen erdiko irudia. Bukatua dagoenean blog honetara ekartzekoa. Mila esker, Lan Ekintzako Cristina Lauciricari argazkiagatik!
Proiektuan lan egiten denbora luzea eman ostean, azkenean EUTOKIA hemen dugu, Lan Ekintzak bultzatutako Berrikuntza Sozialerako Bilboko Zentroa (bizitzan surfean jakin behar ei da ondo, eta hara nora heldu garen, aurrekoan beste hau idatzi eta gero :-). Leku ona, utopiaren eta errealitatearen artean, ideien, pertsonen eta proiektu ezberdinen konexio sortzailerako, elkarte-enpresa ekimenaren eta ekintza-hausnarketaren bitartez, giza garapenean lagunduz, gizarte zabalago, berritzaileago eta solidarioago batean elkarbizitzako asmo sendoa hartuta.
Aurkezpenerako tailer batzuk antolatu ditugu taldeka burutzeko (15 eta 20 lagun bitarteko taldeak. EUTOKIA aurkezteaz gain, denok batera proiektuari buruzko buru- mapa handi bat sortzea izango da helburua. Pertsona eta kolektibo ezberdinekin harremanetan jartzeko modu bat; beraien erantzuna edo feedbacka bilatu, konplizitateak, asmoak sortu, lor daitezkeen harremanak azaldu eta adierazi, sinergiak aztertu, landu daitezkeen gaiak aurreikusi, eta abar...
Jarduera guztien artean ostiralean, azaroak 19, 16:00etatik 21:00etara talde-tailer handi bat egitekoak gara, nahi duenak nahi duenean sar daitekeen Espazio Irekia izango dugu. Guztion artean EUTOKIKO etorkizuna irudikatzen jolastuko gara. Han izango gaituzue zain!
Gainera azaroaren 15, 16, 17, 19, 20an EUTOKIA ezagutzeko bisitaldi gidatuak izango dira. Interesa duzuenok e-postaz (info@eutokia.org) edo telefonoz (630 826 598 / 944 597 720) adieraztea duzue, taldeak osa ditzagun.
Agur bero bat eta eskerrik asko komunitate eutokiarratik!!
Horraino antolatzaileen deialdiaren moldaketa. Gu orain, buru-belarri Espazio Irekirako prestatzen.
Ondo bizi! Eleder
Espazio Irekian (hemen Espazio Irekia zertan datzan, mundu mailako elkartearen webgunean) biltzean orma-irudi batzuk erabili ohi dira. Haietako batek, egun horretan bildu gaituen gaia jasotzen du. Beste batek, agenda egiten lagunduko diguten post-it sorta, eta post honetara dakartzagun beste 3 hauek espazio irekian lan egiteko modua laburtzen dute.
1. Espazio Irekiko 4 oinarriak: azken aldian (2012) honela jartzea dogu gogokoago:
4 OINARRIAK
1. Etorri garenak, jenderik egokiena
2. Datorrena datorrela!
3. Hasi behar duen orduan hasiko da
4. Amaitu denean, amaituta
2. Espazio Irekiko lege bakarra: ... eta kartel honetan tximeleta(k) eta erlea(k) margoztu behar genituzke ere bai...
3. Iragarpena: beste modu honetan gogokoago dugu... "Prest egon sorpresak biltzeko!" edo batzutan kartelean "Sorpresa !" testu hutsa margoztu ohi dugu, horren adierazgarri diren marrazkitxoen artean...
EUTOKIKO irekieran 3D BURUMAPA izango dugu Amasté-ren eskutik. Bertan izango gara espazioa irekitzen eta buru-mapa egiten laguntzen. Amasté-ko jendeari eta Ricardori bereziki, eskerrak bertarako gonbiteagatik eta kartel eder hauek paratzeagatik!
Ondo bizi,
Eleder
BM31_ BILBAO: Mind Mapping-Open Space Technology-Sormena
Horra Harrison Owen (eragile nagusi-etako-a), Espazio Irekia zer den xume-xume azaltzen. Abuztuko arratsalde eguzkitsu baten ordengailuaren aurrean egoteak zalantzak handiak sorrarazten dizkit, baina, horrelako sorpresa ederrak ere ekarri ditzake ;-)!
Kili-kili eginda? Blog honetan badituzu Espazio Irekiari buruzko beste ale batzuk, eta sarean zenbatnahi material ezin interesgarriagoak, bada!
Ondo bizi!
Eleder
BM31_ BILBAO: Mind Mapping-Open Space Technology-Sormena
Eli Epeldek argazkia, Baionako 2010eko UEUren Udako Ikastaroetan. Mila eskr, Eli!
UEUren Udako Ikastaroetan irrati elkarrizketak aurten ere. Hemen Bilbo Hiria Irratikoa eta hemen Radiokulturako erreportaje ederra. Euskadi Irratikoa aurkitu ez oraindik.
Beste bat ere egitekoa omen ginen (Arrosa Sarerako, antza) eta Baionan asti apur bat bagenuenez, nota-liburuskan buru-mapa bat egin genuen gaiari buruzko ohiko galderei ondoen erantzun ahal izateko hurrengoetan. Elkarrizketa bertan behera lotu zen azkenean, baina pieza hau sorrarazi zuen!
Lau adar nagusi...
Sarrerakoak, zer diren buru-mapak, ezaugarriak,...
Baionan buru-mapei buruzko ikastarotxoa duela aste pare bat. Han prentsa arduragaz Maider Gogorza laguna. "Beñatek ikastaroan parte hartu nahi eta Radiokulturakoagalderak egin gura,...". "Ederto, aurrera!". Oso interesatua bera eta galdera sakonak, buru-mapak eta sormena gai hartuta.
Besteak beste, hauek mintzagai nagusiak:
- kantuan erreportajea zabaltzen, buru-mapei buruzko 9 puntukoa ;-)!
- neure ibilbidea eta gai hauekiko interesa
- buru-mapak: zer, nola, zertarako:
-erabilerak: talde-lana, ahozkotasuna eta jendaurrean mintzatzea,
ikasketa, idaztea
- sormena: denean erabilgarri eta premiazko: -antolakundeetan: kontrola, agindua eta bildurra VS. autogestioa,
parte-hartzea eta sormena -hezkuntzan: eskola irekiagoetarantza dantzan
-kalean
-jendearengan: boterea eta poztasuna; saria eta zigorra;
bildurrak gainditzeaz
- utopia
Galdera sakonak Beñatek eta iritzia eman behar.... Badakizue, ondo esanak parka, eta botatako okerrak kontuan hartu ;-)!
Entzun gura? Egin hemen klik, eta 2020-VII-20koan bilatu "Burua galtzean egin map!!!"
Ondo bizi!
Eleder
BM31_ BILBAO: Mind Mapping-Open Space Technology-Sormena
UEUren eskuitk ikastaroa eman dugu duela aste bi Baionan. Itzel gustora eta eroso jada ikastaroak ematerakoan. UEUrekin kazetari ibilitako Eli Epelderekin izan ginen berbaz (2010-VII-6, gora SF! ;-), eta lerro eder hauek paratu zituen berak UDARO egunekorako. Mila esker, Eliri eta UEUko jende apartari!
Erosketak egiterakoan ezer ez ahanzteko, bertsoetako errimak ikasteko edo klase bat prestatzeko; ideiekin lan egin behar dugun edozein alorretarako dira baliagarriak buru-mapak. Gaur UEUko udako ikastaroen baitan Eleder Aurtenetxeren eskutik ‘Buru-mapak: ideiak sortu eta antolatzeko teknika’ ikastaroari ekin dioten ikasleek euren ideiak askatzeko eta egituratzeko arauak eta horien zergatiak ezagutu ahal izango dituzte.
- Nola antolatu duzu ikastaroa?
Ikastaroaren helburu nagusiak, buru-mapak zer diren ezagutzea eta egiten ikastea. Buru-mapak egiteko dauden arauak azalduko ditugu eta batik bat horien zergatiak aztertuko ditugu. Era berean, talde bat izanda, elkarrengandik zer ikasi dezakegun ikusiko dugu; askotan edozein gauzari buruz zerbait ikasteko biderik onena beste pertsona baten bidez izaten baita. Hori horrela, aipatu behar da buru-mapak, oso sinpleak eta oso konplexuak direla era berean. Sinpleak, ulertzeko oso errazak direlako eta ikuste hutsez identifikatu ditzakegulako. Baina beste alde batetik, konplikatua zaigu horiek egitea, batik bat gauzak irudien bitartez adierazteko ohiturarik ez dugulako. Ikastaro hau, hain zuzen ere, irudiak baztertuta izanda zer galtzen dugun jabetzeko abiapuntua izan daiteke. Ikastaroa oso praktikoa da, buru-mapen teknika ariketen bitartez ikasten baitute ikasleek.
- Zertan datza buru-mapen teknika?
Buru-mapen oinarria ideiak egitura erradial baten bitartez antolatzea da. Erdigunean dugun hitz edo irudi baten inguruan sei ardatz inguru sortzea da ohikoena, seitik gora memorizatzeko arazoak ditugulako. Funtsean, pentsamenduari egitura ematea litzateke. Beraz, ideiak multzokatu beharko ditugu eta hierarkizatu. Era berean egitura hori beti irekia izango da, etengabe sartu ahal izango dugu ideia berri bat edozein mailatan. Normalean erabiltzen dugun egitura linealean egitura itxia da eta gauzak txertatzea zail suertatu daiteke.
- Irudizkoak zein hitzezkoak izan daitezke buru-mapak?
Bai, berez hitzez zein irudiz osatu daiteke buru-mapa bat, baina burmuinarentzat irudia askoz ere lagungarriagoa da. Gure pentsamendua ikusmenean oinarritzen da, zerbait oroitzerakoan irudiak etortzen zaizkigu burura, ez testuak. Hitza irudi bat argiago finkatzeko lagungarri ere izan daiteke, noski.
- Formula magikorik bada buru-mapak egiteko?
Formula magikorik ez baina jarraibide batzuk badira. Beti ere, jarraibide horiek askatasuna emango digutela ulertuz. Hasieran, batez ere, egitura aldetik arau batzuk jarraituz teknika garatzen ikasiko dugu, buru-mapak erraz egiteko eta horiek erraz interpretatzeko. Pentsamendu intelektualari lotuta dago buru-mapen teknika.
- Zeintzuk dira arau edo jarraibide horiek?
Hasteko zuhaitz egitura erabiliko dugu beti. Erdigunean irudi koloretsu bat jarri ohi dugu eta testu apur bat gehitu diezaiokegu gaia definitzeko. Erdigunetik 5-6 adar nagusi aterako dira, eta horietatik azpiadarrak aterako dira. Adar nagusiak, azpiadarrak baino lodiagoak izango dira, enfasia eta garrantzia emateko. Era berean adarrak trazaera bakarreko lerro kurbatu leunak behar dute izan, angelu zorrotzak saihestuko ditugu. Testua jartzen badugu berdin egingo dugu, garrantzizkoenari tamaina handiagoa emango diogu, garrantzia gutxiago duenari baino. Edozein kontzeptu adierazteko irudia erabiliko dugu. Hitzak erabiltzekotan gako-hitza bilatuko dugu; ideia bat hitz bakar batez adierazten saiatu behar baitugu. Espazioa era argi batean definitu behar da, ideiak, adarrak, elkarren gainean metatu gabe. Ideian arteko asoziazioak ere oso garrantzitsuak dira eta adierazi egin behar dira koloreen, gezien eta ikurren bidez, batik bat. Asoziazioak modu sinple batez adieraziz memorizazioa eta sormena landuko dugu; asoziazio berriak egiteko pizgarri izan baitaitezke. Horiek lirateke, arau nagusiak, baina badira gehiago ere. Noski, jendeak galdetu dezake zergatik egitura erradiala? Zergatik adar kurbatuak? Guzti horiek arrazoiak dituzte. Adibidez, naturan agertzen diren egitura gehienak kurbatuak direnez gure garunarentzat atseginagoa da forma hori, eta beraz, modu errazagoan barneratuko dugu. Zuhaitzak, neuronak, gure gorputza erradialak dira eta egitura hori barneratuta dugunez gauza bera gertatzen da.
- Zertarako dira baliagarriak buru-mapak?
Lehenago aipatu bezala sormena eta memorizazioan laguntzeko tresnak dira buru-mapak. Edozein proiekturen inguruan zerotik edo buruan duzunetik hasi behar baduzu, orri zuria hartu eta eskuz marrazten hasten bazara eta ideiak burura datozkizun moduan egituratzen badituzu, oso denbora gutxian, eta espazio txiki bat erabilita, gauza pilo bat adierazi ahal dituzu, eta sormena pizten dizu. Gainera prozesua bera gozagarria da. Bizitzaren edozein alorretan erabili ditzakegu. Zirriborro gisa erabili dezakegu, edota gehiago landuz, behin eta berriz erabiltzeko moduko buru-mapa sortu dezakegu, edota jendaurrean zerbait azaltzeko moduko zerbait. Ideiekin lan egin behar dugun edozein alorretarako dira. Erosketak egiteko ere, ohiko zerrendaren ordez, buru-mapa bat egin dezakegu. Irakaskuntzarako oso baliagarriak dira, bai irakasleentzat eta baita ikasleentzat ere. Testuak erabiltzen ditugun edozein gauzetarako baita ere.
- Eskuz ala ordenagailuz egiten duzue lan?
Bi modutara. Sormenerako, ideia berriak egituratzeko, asoziazio berriak berehala kokatzeko eta marrazkiak errazago pentsatu eta adierazteko eskuz askoz ere indartsuagoa da lana, baina ordenagailuz lan egitea ere oso produktiboa izan daiteke. Ordenagailuan dugun informazio guztia buru mapa baten bidez ordenatu dezakegu. Estekak egiteko aukera ematen digu eta informaziora jotzeko bide zuzena ahalbidetzen du. Era berean, informazioa berrantolatzeko aukera ematen dizu, oso praktikoa da. Ehunka programa daude buru mapak egiteko; guk ikastaroan software librea erabiltzen dugu, Xmind izena duen programa erabiltzen dugu, software librearen artean garrantzitsuena baita.
Uda ederra bizi!
Eleder
BM31_ BILBAO: Mind Mapping-Open Space Technology-Sormena
UeUn buru-mapagintzarako sarrera-ikastaroa eman berri. Aurreko astean HIK HASIkoetan emandakoan sortu zen buru-mapei buruzko 9 puntuko bertsoa. Orain gure nota liburuan marraztu dugu, Baionako aisialdian. Kantuan ere emana dugu berriki Bilbo Hiria Irratian, estrainekoz uhinetan.
"hola Pablo, he visto que hablas hoy en Bilbao (ahorita, ¿verdad?). Si tienes un hueco estos días, escríbeme o dame un toque y conversamos, ¿bien?suerte!Eleder"
Egun batzuk eta gero jaso nendun erantzuna:
"aupa Eleder! Disculpa mi tardanza en responderte :-(. El día de la conferencia fue un viaje relámpago que hice desde Suecia. Fueron solo 48 horas y no me dio tiempo a nada. Hoy he vuelto a Bilbao y estaré por aqui unos dias,mi teléfono... a ver si conversamos, Pablo"
Zuri ere ideiekin lan egitea suertatzen al zaizu maiz? Ikastea, informazioa laburtzea, jendaurrean mintzatzea? Proiektu jakinei buruzko informazioa eta ideiak ateratzea eta antolatzea? Batzuetan bakarka eta sarri askotan taldean ere bai?
Lan-mota horietan lagungarri izango zaizun teknika bat ikasi nahi? Zeregin horiei lotutako arazotxoak prozesu mugagabe eta gozagarria bihurtuko duen sormen- eta ikasketa-teknika zeureganatu nahi? Bideo honetan buru-mapen funtsa labur-labur
Buru-mapek horretan guztian lagunduko zaituzte. Eta aste pare bat barru Baionan sarrera-ikastaroa izango dugu. Zer ekarriko dizun ikastaroak? Hara aurreko baten izandakoek egindako balorazioa.
Hemen ikastaroari buruzko xehetasunak eta matrikula egiteko tokia.
Buru-mapei buruzko sarrera ikastaroa eman dugu berriki (apirilaren 17an eta 24an) Iruñan. 10 ordukoa labur geratu zaigun arren, merezi izan du balorazioen arabera (1-5 eskalan: balorazio orokorra: 4; taldearen parte-hartzea: 4,5; irakaslearen gaitasuna: 4,5).
Alderdirik positiboenak? Hona hemen bertaratuek esandakoak:
Idatzi hau zirriborro bat besterik ez da. Testua bota egin nahi dut, aire apur bat hartzeak on egingo diolakoan, baina 20 minututan egindako zirriborroa baino ez da, aspalditxuon garatutako ideiekiko hurbilpena besterik ez. Nolanahi, gaia bera bizitzan garrantzitsua izan bazait ere, gai garrantzitsuagoak ere badaudenez, denbora gehiegi ez nioke eman nahi, eta inork serioegi hartzerik ere ez. Dena den, garrantzitsua izan zaidanez, berriz ere burura etorriko zaizkit arrek jaten izaten nauten ideia horietakoak, eta denborarekin emendakinak egingo dizkiogu testuari.
Lehen pentsatzen nuen (alderdi politikoen zuzuan soldata jasotzen ari direnen, gizartearen, hedabideen eta abarren eraginez, ziurrenik) Bilbao batean bizi danak aukera bi zituela, sentimenduaren identitate-adar jakin bati dagokionean: euskalduna (sentitzea) ala espainola (sentitzea).
Idazki honen bigarren zatia. Hemen dira lehenengo printzipioen azalpenak: 1. Jendeak ondo defendatzen du sortutakoa 2. Arduraz jokatzen du jendeak axola zaionari dagokionean 3. Elkarrizketa da gizakiak betidanik erabili izan duen pentsatzeko modua 4. Elkarrizketa aldatu nahi baduzu aldatu elkarrizketan ari den jendea 5. Liderrak edonondik agertzeko gertu egon
Eta hona hemen beste bostak:
6. Ondo dabilen horretan jar dezagun arreta, eta energia eta sormena jasoko ditugu
7. Geugan dago jakintza
8. Dena da porrota erdi-bidean garenean
9. Jendeak edozerri egingo dio aurre bat eginik gauden artean
10. Eskuzabaltasuna, parkatzeko gaitasuna eta maitasuna
Entzuteko moduko aleak direlakoan, ondo bizi :-)!
Eleder
BM31_ BILBAO: Mind Mapping-Open Space Technology-Creativity
Horrelako puska ederretan bildu ohi ditu Nancy Margulies-ek jende-multzoek adierazitakoak. Berak idatzitako "Mapping Inner Space" liburua pentsamendu bisulera eta buru-mapagintzarako sarrera polita, zinez.
Idatzi hau lehenengo bistadizoan begiratu eta "kontxo, zer itxura eskasa!" botako nuke ziur aski nik neuk ere. "Bost bideo zati, norbait hizlari, antza, eta siesta orduan..." baina, bai zera!
Margaret Wheatley agertzen zaigu ingeles argiz eta patsadatsuz komunitate osasuntsuetara iristeko bidea erakutsiz. Zinez interesgarria!
BERBAZ irrati saioa egitearen aitxakiaz idatzi genion behinola Meg-i eta "Leadership and the new science" liburu gomendagarria jaso genuen harengandik. Inork liburua nahi balu, eskatzea aski!
Hona hemen lehenengo 5 gida-lerroak eta ingelesezko azalpena, Nancy Margulies-en irudi adierazkorrez hornituta.
1. Jendeak ondo defendatzen du sortutakoa 2. Jendeak arduraz jokatzen du axola zaionari dagokionean
3. Elkarrizketa da gizakiak betidanik erabili izan duen pentsatzeko modua
4. Elkarrizketa aldatu nahi baduzu, aldatu elkarrizketan ari den jendea
5. Liderrak edonondik agertzeko gertu egon
Benetan inspirazio-iturri, Meg! Hurrengo idatzi batean 10 printzipioetako beste erdia.
Goza dezagun iraultza :-)!
Eleder BM31: Mind Mapping-Open Space Technology-Sormena
Heldu den apirilaren 17 eta 24an buru-mapagintzarako sarrera ikastaroa ematekoak gara Iruñean.
Datuekin, informazioarekin, buruarekin, ideiekin... lan egiten duzun horietako bat zara?
Sarri ideiak atera behar dituena eta ideia horiek informazioari lotu, berrantolatu, eta aurkeztu behar izaten dutenekoa?
Beharbada jende eta informazio asko biltzen duten proiektuen ardura izan ohi duzu?
Irakaskuntzan ari zara, akaso, edo asko ikastea dagokizu gaur egun?
Jende aurrean mintzatu behar izaten ote duzu tarteka eta horren inguruko guztiak amesgaizto baten itxura izaten ohi?
Kosta egiten ote zaizu testuarekin lan egitea, eta, irudiek eta koloreek, ostera zure gogoa berpizten?
Edonola izanda, ziur aski, aurkikuntza izango da zuretzat buru-mapagintza, lehenegoz hurbiltzen bazara.
Ziur aski, azken ikastaroratutakoei legez, oso tresna praktikoa irudituko zaizu, sormena piztuko dizuna eta bideak irekiko dizkizuna.
Horren susmotan bazaude eta egoki izanez gero, bota begirada bat UEUren eskutik Iruñean eman behar dugun ikastaro honi, eta ingurukoei ere berri eman.
Buru-mapak egiteko erabili ohi dugun XMind programari libreari buruzko bideoa da goiko hau. Hala ere, aipatutako ezaugarri batzuk "XMind Pro" ordainduzko bertsioan agertzen dira soilik. Ikastaroetan softwarea erabiltzen ikasiko dugu, jakina, baina, eskuz buru-mapak egiteari behar duen tartea, eman eta gero, jakina!
Mereziko duelakoan, ondo bizi!
Eleder BM31: Mind Mapping-Open Space Technology-Sormena