Showing posts with label UDARO. Show all posts
Showing posts with label UDARO. Show all posts

2010/07/20

ELKARRIZKETA: “Sormena eta memorizazioa lantzeko oso erabilgarriak dira buru-mapak”

 UEUren eskuitk ikastaroa eman dugu duela aste bi Baionan. Itzel gustora eta eroso jada ikastaroak ematerakoan. UEUrekin kazetari ibilitako Eli Epelderekin izan ginen berbaz (2010-VII-6, gora SF! ;-), eta lerro eder hauek paratu zituen berak UDARO egunekorako. Mila esker, Eliri eta UEUko jende apartari!


Erosketak egiterakoan ezer ez ahanzteko, bertsoetako errimak ikasteko edo klase bat prestatzeko; ideiekin lan egin behar dugun edozein alorretarako dira baliagarriak buru-mapak. Gaur UEUko udako ikastaroen baitan Eleder Aurtenetxeren eskutik ‘Buru-mapak: ideiak sortu eta antolatzeko teknika’ ikastaroari ekin dioten ikasleek euren ideiak askatzeko eta egituratzeko arauak eta horien zergatiak ezagutu ahal izango dituzte.

- Nola antolatu duzu ikastaroa?
Ikastaroaren helburu nagusiak, buru-mapak zer diren ezagutzea eta egiten ikastea. Buru-mapak egiteko dauden arauak azalduko ditugu eta batik bat horien zergatiak aztertuko ditugu. Era berean, talde bat izanda, elkarrengandik zer ikasi dezakegun ikusiko dugu; askotan edozein gauzari buruz zerbait ikasteko biderik onena beste pertsona baten bidez izaten baita. Hori horrela, aipatu behar da buru-mapak, oso sinpleak eta oso konplexuak direla era berean. Sinpleak, ulertzeko oso errazak direlako eta ikuste hutsez identifikatu ditzakegulako. Baina beste alde batetik, konplikatua zaigu horiek egitea, batik bat gauzak irudien bitartez adierazteko ohiturarik ez dugulako. Ikastaro hau, hain zuzen ere, irudiak baztertuta izanda zer galtzen dugun jabetzeko abiapuntua izan daiteke. Ikastaroa oso praktikoa da, buru-mapen teknika ariketen bitartez ikasten baitute ikasleek.

- Zertan datza buru-mapen teknika?
Buru-mapen oinarria ideiak egitura erradial baten bitartez antolatzea da. Erdigunean dugun hitz edo irudi baten inguruan sei ardatz inguru sortzea da ohikoena, seitik gora memorizatzeko arazoak ditugulako. Funtsean, pentsamenduari egitura ematea litzateke. Beraz, ideiak multzokatu beharko ditugu eta hierarkizatu. Era berean egitura hori beti irekia izango da, etengabe sartu ahal izango dugu ideia berri bat edozein mailatan. Normalean erabiltzen dugun egitura linealean egitura itxia da eta gauzak txertatzea zail suertatu daiteke.

- Irudizkoak zein hitzezkoak izan daitezke buru-mapak?
Bai, berez hitzez zein irudiz osatu daiteke buru-mapa bat, baina burmuinarentzat irudia askoz ere lagungarriagoa da. Gure pentsamendua ikusmenean oinarritzen da, zerbait oroitzerakoan irudiak etortzen zaizkigu burura, ez testuak. Hitza irudi bat argiago finkatzeko lagungarri ere izan daiteke, noski.

- Formula magikorik bada buru-mapak egiteko?
Formula magikorik ez baina jarraibide batzuk badira. Beti ere, jarraibide horiek askatasuna emango digutela ulertuz. Hasieran, batez ere, egitura aldetik arau batzuk jarraituz teknika garatzen ikasiko dugu, buru-mapak erraz egiteko eta horiek erraz interpretatzeko. Pentsamendu intelektualari lotuta dago buru-mapen teknika.

- Zeintzuk dira arau edo jarraibide horiek?
Hasteko zuhaitz egitura erabiliko dugu beti. Erdigunean irudi koloretsu bat jarri ohi dugu eta testu apur bat gehitu diezaiokegu gaia definitzeko. Erdigunetik 5-6 adar nagusi aterako dira, eta horietatik azpiadarrak aterako dira. Adar nagusiak, azpiadarrak baino lodiagoak izango dira, enfasia eta garrantzia emateko. Era berean adarrak trazaera bakarreko lerro kurbatu leunak behar dute izan, angelu zorrotzak saihestuko ditugu. Testua jartzen badugu berdin egingo dugu, garrantzizkoenari tamaina handiagoa emango diogu, garrantzia gutxiago duenari baino. Edozein kontzeptu adierazteko irudia erabiliko dugu. Hitzak erabiltzekotan gako-hitza bilatuko dugu; ideia bat hitz bakar batez adierazten saiatu behar baitugu. Espazioa era argi batean definitu behar da, ideiak, adarrak, elkarren gainean metatu gabe. Ideian arteko asoziazioak ere oso garrantzitsuak dira eta adierazi egin behar dira koloreen, gezien eta ikurren bidez, batik bat. Asoziazioak modu sinple batez adieraziz memorizazioa eta sormena landuko dugu; asoziazio berriak egiteko pizgarri izan baitaitezke. Horiek lirateke, arau nagusiak, baina badira gehiago ere. Noski, jendeak galdetu dezake zergatik egitura erradiala? Zergatik adar kurbatuak? Guzti horiek arrazoiak dituzte. Adibidez, naturan agertzen diren egitura gehienak kurbatuak direnez gure garunarentzat atseginagoa da forma hori, eta beraz, modu errazagoan barneratuko dugu. Zuhaitzak, neuronak, gure gorputza erradialak dira eta egitura hori barneratuta dugunez gauza bera gertatzen da.

- Zertarako dira baliagarriak buru-mapak?
Lehenago aipatu bezala sormena eta memorizazioan laguntzeko tresnak dira buru-mapak. Edozein proiekturen inguruan zerotik edo buruan duzunetik hasi behar baduzu, orri zuria hartu eta eskuz marrazten hasten bazara eta ideiak burura datozkizun moduan egituratzen badituzu, oso denbora gutxian, eta espazio txiki bat erabilita, gauza pilo bat adierazi ahal dituzu, eta sormena pizten dizu. Gainera prozesua bera gozagarria da. Bizitzaren edozein alorretan erabili ditzakegu. Zirriborro gisa erabili dezakegu, edota gehiago landuz, behin eta berriz erabiltzeko moduko buru-mapa sortu dezakegu, edota jendaurrean zerbait azaltzeko moduko zerbait. Ideiekin lan egin behar dugun edozein alorretarako dira. Erosketak egiteko ere, ohiko zerrendaren ordez, buru-mapa bat egin dezakegu. Irakaskuntzarako oso baliagarriak dira, bai irakasleentzat eta baita ikasleentzat ere. Testuak erabiltzen ditugun edozein gauzetarako baita ere.

- Eskuz ala ordenagailuz egiten duzue lan?
Bi modutara. Sormenerako, ideia berriak egituratzeko, asoziazio berriak berehala kokatzeko eta marrazkiak errazago pentsatu eta adierazteko eskuz askoz ere indartsuagoa da lana, baina ordenagailuz lan egitea ere oso produktiboa izan daiteke. Ordenagailuan dugun informazio guztia buru mapa baten bidez ordenatu dezakegu. Estekak egiteko aukera ematen digu eta informaziora jotzeko bide zuzena ahalbidetzen du. Era berean, informazioa berrantolatzeko aukera ematen dizu, oso praktikoa da. Ehunka programa daude buru mapak egiteko; guk ikastaroan software librea erabiltzen dugu, Xmind izena duen programa erabiltzen dugu, software librearen artean garrantzitsuena baita. 

Uda ederra bizi!

Eleder
BM
31_ BILBAO: Mind Mapping-
Open Space Technology-Sormena

Twitter: @Eleder_BM 

2009/07/30

UDAROn sormenaren eta Espazio Irekiaren gainean



ASKATASUNA SORMENAREN OINARRI

AMAIA UGALDE

Elkarrizketa, 2009-6-29an

UDARO (09/6/30)


Oso solasaldi atsegina Amaia Ugalderekin, UEUn emandako Sormena Espazio Irekian ikastaroa zela-eta. Jarraian berak egindako testua. Mila esker, Amaia eta mila esker, UEU!


Askatasunez, lotsa eta beldur barik, edozein gairen inguruan sormenez aritzeko teknika da Espazio Irekiarena. Taldean batu, eta landu nahi dituzten gaien zerrenda osotu dute gaur “Sormen Teknikak Open Space Technoloy bidez” ikastaroan. Eleder Aurtenetxe gidari, sormenaren inguruko ideiak bilduko dituzte sormen teknika bat erabiliz.

Sormena jaiotzez dugun zerbait izan arren, landu beharreko zerbait ere bada. Horretarako teknika ugari sortu dira. Eleder Aurtenetxeren iritziz, “berezko dugun hori denboraren poderioz eta kultura eta hezkuntza sistemaren eraginez moteltzen edo itzaltzen zaio pertsonari”. Sormenaren oinarrizko baldintza askatasuna dela nabarmendu du, askatasun pertsonala eta askatasun kolektiboa: “hezkuntza sistema antolatuta dagoen moduan, leku gutxi dago askatasun horretarako: espazioak, ordutegiak, ikasi behar diren gaiak, curriculumak... mugatu egiten dute askatasun hori”. Bizitzan zehar sormena itzaltzen joaten dela kontziente izanik, horri buelta eman ahal zaiola dio Aurtenetxek: “autozentsura, beldurra, lotsa... ditugula jabetuz gero, badago horrek haustea eta muga gutxiago izatea lor dezakegu”.


sormenaren inguruko teknika hau, espazio irekiarena, jende-talde baten sormenari buruzko ideiak loratzeko erabiliko dute.


ESPAZIO IREKIA (open space technology)

Izen horrekin ez dugu ezagutzen, baina ziur aski, antzinara joko bagenu, bizitzaren izaera naturala espazio irekia litzateke. Jende multzo batek gai baten inguruan modu autogestionatu batean eta oso era parte hartzailean eztabaidatzen du, eta batzutan erabakiak hartzen ditu. Azken 30 urteetan mundu osoan erabiltzen den teknika da eta arrakasta handiz egiten da. Horretan utziko dugu, onena espazio ireki bat bizitzea delako. Gehiago jakiteko: http://www.openspaceworld.org/.


Teknika oso baliagarria eta oso sinplea da. Hain baliagarria izatearen arrazoia sinpletasun hori da. Batzutan, gauzak antolatzen ditugunean gure burua larregi konplikatzen dugu. Espazio Irekian erraztaile rola joakatuko duenak ahalik eta gutxien egingo du. Teknikaren aitzindariaren (Harrison Owen) ahotan: “Less is more”.


Taldeak, zelakoak: bost laguneko taldeetarako, 200 lagunetarako, eta 2.000 lagunekin ere egin izan da Espazio Irekia.


Espazio Irekiak funtzionatzen du: pil-pileko gai bati buruz jardun nahi duen talde bat dagoenean. Talde hori helburu batekin biltzen da. Gaia gatazkatsua den kasuetan, oso parte hartzaile desberdinak eta kontrajarriak dauden kasuetan. Teknika bereziki erabilgarria suertatzen da baita ere, “atzorako” emaitza behar duten gaietan. Gauza urgenteetan. Gure ikastaro honetan “laborategian” ibiliko gara: gaia ez da gatazkatsua izango, ez da urgentea... sormenari buruzkoa izango da eta sormentsua izango da. Errealitatean eman ohi den tentsio puntua erantsiko bagenio are eraginkorragoa izango litzateke.


Era autogestionatu batean jendeak lan egitea errezten du. Gai-zerrenda taldeak berak definitzen du topaketaren lehenengo ordubetean. Zeri buruz hitz egin nahi duten bertaratuek erabakiko dute eta benetan ardura zaizkien gaiak aterako dira. Hori da lehenengo gauza. Gai-ordena batzutan “goitik” sartzen da, eta hainbat intereseko gai hitz egin gabe geratzen dira, eta agian gero, kafe-orduan irtetzen dira horrelakoak. Espazio Irekiaren teknikaren bidez, saiatzen gara kafe-orduan gertatzen den momentu magiko hori biltzen garen tarte osora zabaltzen. Kanpoko erraztailearen laguntzaz eta jarraibide sinple gutxi batzuei jarraituz, jendeak erabakitzen du zeri buruz hitz egin nahi duten bileraren helburu orokorraren baitan, zeren ardura hartu nahi duten, eta gai horiei buruzko eztabaidak sortu, eta gero konpartitu.


Arau bat badago: oin bien legea: hau da, mugitzeko askatasuna eta ardura. Arau horren babespean bildutakoek benetan interesatzen zaizkien gauzei buruz hitz egiten dute eta talde batetik bestera dabiltza edo, tarte batez, bakarrik egoteko txoko batera joango dira. Jardunaldi(ar)en amaierarako -egun bateko Espazio Irekiak edo egun bi eta erdikoak antolatu ohi dira-, bileretan ateratako ondorioak aktetan bildu eta denentzako banatzen da eta ondoren bertan sortutako ideiak garatzeko denbora izango du taldeak espazio irekia itxitakoan.


Informazio gehiagorako: Interneten www.openspaceworld.org dago. Espazio Ireki permanentea. Web gunea teknika erabiltzen dutenen bilgunea da, eta euren esperientziak kontatzen dituzte.


SORMENARI BURUZ ETA UEUko IKASTAROARI buruz:

Lehenengo egunean Espazio Irekia egingo dute, eta bigarren egunean sormenaren inguruan azken urteetan garatutako pentsamendua azalduko du Elederrek eta horri buruz ikasten jarraitzeko publikazioak, interneteko web guneak... partekatuko dituzte.


Jendea libre sentitzea edozein gauza esateko, eta baita edozein gauza entzuteko prest. Irekita. Konfidantza giro bat, giro sano bat... sormena pizteko gakoetako bat da. Inguru sanoetan mugitzea. Ekimenak bultzatuko dituena, errakuntzak onartu eta txalotu. Jendeak libre sentitu behar du edozein gauzatara ausartu, erratu eta horretaz ikasteko.

UDARO agerkarian BURU-MAPAGINTZAZ



"Ideiak modu ireki baten antolatzeak burua eta pentsamendua irekitzea ekar dezake”

AMAIA UGALDE

Elkarrizketa, 2009-7-13an

UDARO (09/7/15)


Oso solasaldi atsegina Amaia Ugalderekin, UEUn emandako buru-mapei buruzko ikastaroa zela-eta. Jarraian berak egindako testua. Mila esker, Amaia eta mila esker, UEU!


Jendaurrean hitz egiteko, ikasteko, edo edozein ideia buruan antolatzeko eskemak egitea gauza ohikoa da. Buru-mapak ere eskemak dira, baina eskema bereziak. Erdigunean irudi koloretsu bat izaten dute, eta koloreak, marrazkiak, eta hitz gutxiko mapa osotzen da apurka-apurka. Erditik hasita, egitura erradial batekin, ideia baten azpiatalak eransten joan daiteke norbera, era ireki batean. Era horretan garunaren abilezia gehiago erabiltzen ditugu eta prozesua bera gozatzen dugu. Sormenerako eta ideiak antolatzeko teknika hau eskuz eta ordenagailuz egiten ikasten ari dira Udako Ikastaroetan, Eleder Aurtenetxeren laguntzarekin.


Eleder Aurtenetxek koaderno bat dauka eskuan, eta bertan zirriborro koloretsu batzuk ditu, buru-mapak dira. Bere egunerokotasunerako oso baliagarriak zaizkio mapa horiek: “Zirriborro honek, adibidez, balio izan dit gaur jendaurrean esan behar nituenak esateko, modu ordenatu batean, bat-batean, era naturalean, ezer irakurri gabe, eta ezer ahaztu gabe”. Hitzek baino gehiago, irudi eta koloreek, gauzak sailkatu, ordenatu eta memorizatzen laguntzen dutela dio Aurtenetxek, eta horregatik direla hain baliagarriak buru-mapak.

Gai bati buruz daukagun informazio guztia era ireki baten antolatzen da buru-mapekin, eta irekitasun horri garrantzia eman dio Aurtenetxek. Bere ustez, “irekia izate horrek, ideiak modu ireki baten antolatzeak, burua eta pentsamendua irekitzea ekar dezake”. Beraz, orrialde zuri batean, kartulina batean edo arbelean nahi beste ideia modu grafikoan lotzeko era da. Sortzen laguntzen duela gaineratu du Aurtenetxek: “Erdiko ideia horretatik, muin horretatik, adarrak ateratzen goazen heinean, galderak bezalakoak izango dira, erantzun beharreko galderak”. Gainera, irudi eta koloreek asko laguntzen dute: “Kontzeptu batzuk erlazionatzeko, adibidez, kolore berdinez idatzi ditzakegu, eta horrela lotuta errazago gogoratuko gara euren erlazioaz. Asosiazioak oinarrizkoak dira gauzak hobeto oroitzeko eta ideia gehiago ekartzeko. Buru-mapetan horiek modu txukunean, arinean eta erakargarrian adierazten ditugu dira”.

Marrazkien garrantzia

Hizlaria hitzaldi batera marrazkiz betetako eskema koloretsu batekin joatea batzuentzat bortitza dela konturatu da Aurtenetxe: “Umekeriatzat jotzen da kolorea eta irudia ikustea; ez da gauza serioa. Eta serioa ez bada, badirudi ez duela hainbeste balio, ez dela helduen kontua”. Aurtenetxeren esanetan, jende askok eskola sasoitik ez du lan egiten irudiekin eta koloreekin, eta normala da buru-mapak lehenengoz ikustean erreakzio gogorra izatea. Baina marrazkiek –ez dira artistikoak izan behar- asko laguntzen dute memorian: “Garunak askoz errazago oroitzen du irudi bat elkarri lotutako hizki batzuk baino”. Izaki bisualak garela gaineratu du Aurtenetxek: “Irudiak dira interpretatzen ditugun lehen gauza”.

Erabilpenak

Hainbat kontutarako izan daitezke baliagarriak buru-mapak: ikasteko –dislexia duen jendearen artean gainera erabiltzen da metodo hau-, jendaurrean hitz egiteko, enpresa mundurako... Enpresa munduari dagokionez, Aurtenetxek azaldu du bertan izaten den informazio jario handiari ordena emateko modua izan daitezkeela buru-mapak: “Etengabe ari gara informazioa gehitzen, birsortzen, eta informazio uholde horri aurre egiteko lagungarriak izan daitezke buru-mapak egiteko softwareak”. Gai bati buruzko informazio guztia bildu, antolatu, estekak jarri, irudiak, koloreak... buru-mapak edozein proiektu garatzeko erabilgarriak izan daitezke Aurtenetxeren ustez. “Ideiekin lan egin behar duen edozein pertsonentzat egokia eta dibertigarria da tresna hau”.


IDEIA ZABALTZEN


Aurreko idatzi hartan iragarritako ikastaroak pasa dira. Oso esperientzia aberasgarria.

Ikastaro horiei lotuta irratietan berbaz ibili gara azken aldian (Bizkaia Irratian; kolaboratzaile gisa BERBAZ saioa egin ohi dugun Bilbo Hiria Irratian, Sormena Espazio Irekian ikastaroa gai hartuta; Belaixe Irratian; eta Euskadi Irratian, buru-mapei eta espazio irekiari buruz).

Bestalde, UEUko Udako Ikastaroetako prentsa lanetan ari den Amaia Ugalderekin bi aldiz izan gara berbetan UDAROrako, ikastaro bakoitzaren (Sormena Espazio Irekian eta Buru-mapak) harira. Elkarrizketa bi horietakoak blog honetara ekarriko ditugu laster.

UEUkariko idatzi baten laburpena lana Diario Vascon ere eman zuten argitara.

Hik Hasiko ikastaroaren aurretik ere, Olatz Lasagabasterrekin buru-mapei buruz solasean izan ginen Bilbon oso gustora, eta uztaileko Hik Hasiren alean agertu zen elkarrizketa. Irailean izango omen da sarean irakurgarri.

Euskeraz lan egitearen beste alde on bat: hedabideak ideia zabaltzen laguntzeko gogoz.