2009/10/01

ESKOLARAKO PROPOSAMENAK


Atzo gurasoak deitu gaituzte eskolara ikastaroaren nondik-norakoak azaltzeko. Aurreko baten idatzi genuen, 5 urteko alaba aurten hasi da eskolan. Han izanda, zerbait mugitu zaigu barnean. Eta etorkizunean eskola hobeak izan ditzagun, proposamen batzuk etorri zaizkigu burura. Honako hauek:

Irakasleak ziren gure mintzatzaileak. Zuzendaritzari eta eskolaz gaineko arduradunei dagokie, batez ere, gai hauei heltzea, ostera. Izan ere, oso argi jokatu du maistra batek bilerako une batean....
Gurasko baten proposamena: urte-betetze ospaketak sinplifikatzeko (!!!) Txikipark-era eramango ditugu, baina hiru aldiz urtean soilik...
Maistrak: hara, hobe eta errazago hor goiko landatxo horretara bazoazte, etxetik jan-edatekoak eramanda....

  • Eskola ireki behar da. Urrunegi gaude eskola eta gurasoak. Eskolak zer egin dezakeen? Ateak ireki. Ez urtean behin. Egunero. Gurasook bertan sartu eta irteteko askatasuna izan behar genuke. Gure eta auzoko umeen heziketan, eskola barnean ere, aktibo jarduteko eskubidea dugu. Eskolak asko irabaziko luke (ondo antolatutako modu batean) nahi duten gurasoek eskolan sartu eta irakasleekin eskuz esku umeen hezkuntzan eta ongi-izatean parte hartzeko aukera balute. Bestela, eskolak kartzelaren antza handiegia hartzen du. Espazio itxia. Urruna. Umeak baldintzapeko askatasunean ateratzen ditugu etxera, baina goizero bertan sartu behar ditugu berriz, kutxa itxi horretan.
  • Fruta eguna: asteazkenetan "fruta eguna" da gure eskolan. Zer ideia ona! Gure umeen osasunaz arduratzen da eskola. Gainerako egunetan, baina, txandaka, umeek gaileta kutxa bat eraman behar dute hamaiketakorako, gelakideen artean banatzeko. Frutarena osasungarriagoa omen. Beraz, ideia on hori asteko egun guztietara, ez da? Argi agintzen zaigu umeek ez dutela inolako lepokorik-eta eroan behar. Arriskutsuak omen dira. Agindu diezagutela modu argian ere, umeek sagarra-edo ekarri behar dutela egunero hamaiketakorako. Umeen osasunaz arduratzen garenez, esanekoak izango gara!
  • Euskara: atzoko bileraren hasieran euskaraz ele batzuk, eta hortik bukaerara artekoa gaztelera hutsez. Aspaldiko arazo honentzako konponbide erraza. Bilera bat euskaraz egin nahi duten gurasoentzat. Beste bilera bat, erderaz egin nahi dutenentzat. Hainbeste eskatzea al da?
  • Ibilaldiak: urtearen bukaeran "ibilaldia": autobusa hartu eta Donostiako Kutxa Espaziora (5 urteko umeez ari gara). Beste irteera bat baserri-eskola batera, 3 egun eta gau 2. Itzel pasatzen omen dute. Gure proposamena: astean behin ibilaldia (benetakoa, oinez). Eskolatik atera eta gertu dagoen parke eta mendiskara. Joan, jolastu eta etorri. Nahi eta ahal duten gurasoak laguntzaile.
  • Bideo-eguna: ostiraletan bideoa jartzen omen diete. Gurasoei esan zaigu nahi ditugun zintak eramateko. Hori bai, euskarazkoak. Eskolan bideoa, 5 urteko umeentzat? Ez al dute nahiko ordu ematen etxean panatilari begira? Ez al dauka beste plan hoberik eskolak umeentzat? Ez al dago beste ohitura sanoagorik eskolan sustatzeko modukorik? Beraz, puntuan aipatutako ibilaldia, ostiraletan.
  • Kuota: harrituta geratu gara kontu honekin, guztiz. Eskola publiko batez ari gara eta 55 € jarri behar omen ditugu, ez omen duelako ematen aurrekontuak eskolaren gastuetarako. Eskolako ortuko haziak, ibilaldietako gastuak,.. aipatu dituzte. Antza, ohikoa da eskola-bizitzan kuotaren kontu hau. Demasa iruditzen zaigu hori. Eskatzekotan neuk eskatuko diot eskolari. "Aizu, eskola, azken aldian estu gabiltza. Zer deritzozu zure aurrekontuaren %0,01 niri emateari?". Ezezkoa jasoko dudala uste dut. Gure proposamenak eta zalantzak jarraian:
  • legezkoa ote da hau horrela planteatzea? Itzelezko txapuza-kiratsa dario. Jendeak eskutan ematen ohi du "eskola-zerga". Nora ote doa diru hori? Nola kontabilizatzen eta?
  • gehiago ordaindu behar bada, eska dezatela dagokion bidetik: proposa dezatela matrikula igoera-edo.
  • eskolak bere diru-premiak jakinarazi digu eta dirua eskatu. Aizue, utziguzue, orduan zuen kontuak ikusten. Zer diru sarrera duzue? Zertan xahutzen duzue? Zarrastelkeriaren gizartean gaude eta eskola horren hedadura eta hedatzaile denez, oso laster esango dizuegu murriztu daitezkeen gastuak non dauden. Umeak hobeto hezteko moduan izango gara, gainera, horrela. Materia gutxiago, adimen gehiago!
Atzoko moduko topaketek garrantzia handia dute eta oso espazio eskasa ematen diegu. Hara non agertu zaigun Espazio Irekirako abagune parebakoa.

_____________________

BM31: Mind Mapping-Open Space Technology-Sormena
______________________


No comments: