Andoni Zubizarreta (lan-mundura kirol munduan ikasiak ekartzen diarduen Make a Team-eko zuzendari) jarri dute Bizkaia Creaktivako antolatzaileek jardunaldiok irekitzeko hitzaldia ematen ("El fútbol, la innovación en milímetros"). Debutatu egin dugu Andoni hizlari bezala entzuten. Gustora jarraitu ditugu bere hitzak. Irudi ugari, gako-hitzak eta umore-tanta gozoak erabili ditu bere mintzaldia hornitzeko.
Hona hemen hartutako ideia batzuk, hitzaldia entzuten ari ginela egindako buru-mapatik.
- Iribarri hasi-berritan ikasia: "Andoni, aitzakiak badakartzazu, ezer gutxi hobetuko dugu. Entrenamendu saioetara, arazoak ekartzea hobe, arazoen gainean lan egin ahalko dugu-eta. Aitzakien gainean, ostera, zereginik ez".
- Zer da talentua? (futbolean, bizitzan) azeleratzeko une egokia zein den jakitea.
- Guardiola (FC Barcelonako prestatzailea) partida garrantzitsu baten atsedenaldian, gauzak maldan gora zituztela, taldekideak berpizteko zer egin? Itzelezko matraka? Motibazio hitzaldia? Ez, antza, Gladiator filmako irudiak jarri! Irudien indarra.
- Identitateaz: Brasilgo selekzioa bideo baten, zelairantza doazela, itzelezko jai-batasun giroan. Kanpokoekin bat, taldekideekin bat. Identitatea. Batasuna. Partida irabazi eta bukatutakoa, taldekide guztiak biribil bat eginda, esker ona erakutsiz eta euren erritu kanta-dantza ikusgarria. Athletic-en, Andonik berak bizi izan zuena, hemengo bertsio ez horren "sanberoa"/"sun"-beroa: jokalariak Aita Gurea otoitz egiten jantzigelan,... XX. mende hasierako jokalariekiko, Zarra-Gainza-Benantzio-Panizo-Iriondo eta gainerako Athletic guztiekiko lotura adieraziz.
- Ituk (Make_a_Team enpresan Andoniren kide, Lopez Iturriaga, Bilboko saskibaloilari ohia) esaten omen: "enpresetan jende baikorrak PLUS bat izan behar luke". Beste toki guztietan ere bai, jakina. Horrenbesteko ezkortasuna daukagu-eta nahinon ingurutan! Bat nator.
- Pertsonak, komunikazioa eta entzutearen garrantzia: edozein antolakundeetan edonork izan ditzake ideia bikainak. Berrikuntzarako gako bat, jende guztiari entzuteko joera izatea. Apaltasuna lagun. Jende guztiak taldearen erronkak eta norabidea ondo barneratuta izatearen eta entzun egingo zaiola jakitearen garrantzia. Horretarako, goian aipatutako identitatea/batasuna lortzea giltzarri.
Ondo bizi!
Eleder
BM31: Mind Mapping-Open Space Technology-Sormena
No comments:
Post a Comment