2011/07/14

HITZ EGIN DEZAGUN ZORIONTASUNAZ

Esker mila Pako, Berria,... oso beharrezkoa, atsegina eta hurbila atera zaizue pieza hau... twitterlandetik bloglanda ekartzeko premia ere sentitu dugu, pentsa!


Eta, bada ez bada ere, bertara kopipeistatuko dut, horrelako perlak galtzea pekatu litzake eta :-)!


HITZ EGIN DEZAGUN ZORIONTASUNAZ
PAKO ARISTI (Berria, 2011.VII.1)
Artikulu honen lehen lerroan gauza bat aitortu nahi dut: Zoriontsu naiz. Eta alderantziz beharko lukeen arren, gertaera horrek arazo handiak sortzen dizkit: ez dut aurkitzen norekin partekatu nire sentimena, jendeak ez baitu zorionaz hitz egiten, ez du hitz egin nahi ere. Ez dut kausitzen lagunarterik zoriona ardatz, hizketagai eta lanketa izango duenik, zorionak batuko gaituen talde bat, hala nola batzen duen jendea futbolak, joera politikoak, gimnasioak, ikastaro berean izen emateak edo auzo batzordean egoteak.

Jendeak ez baitu zorionaz hitz egiten entzun nahi, ezin duzu inon oso altu esan zoriontsu zarenik: arraro begiratzen dizute («zer hartu ote du?»), etsipenez («gizajoa, okerrera egin du»), gorrotoz («nik adina lan egingo bahu») edo mendeku gosez («eroriko haiz bai»). Zu eroritzea nahi dute, neurritik aterata bazeunde bezala. Zoriontsu izatea neurriz kanpo bizitzea balitz bezala, justu kontrakoa denean: zorionak behar luke gure mundu igaroaldiaren neurri bakar.

Zorigaitzak partekatzeari elkartasuna deitzen diogu, baina, zinez, zoriona partekatzea izango litzateke elkartasunik ederrena. Ezinezkoa bihurtu da: jendea ofenditu egiten da zure zoriona partekatzera joaten bazara haiengana. Egunkarietan ere zoriona ez daukate gai seriotzat; iritzi orri hauen serietatearen erdian 'Zoriona' jartzea titular moduan irrigarri eta erdeinagarri gertatuko zitzaizuen gehienoi.

Hitz antzua bilakatu da zoriona: alde batetik derrigorrezkoa, gure desioez itauntzen digutenean; bestetik serio hartzen ez duguna, urteek sendatzen duten gaitz bat balitz bezala. Infantilizatu dugu bere potentziala, karikatura bihurtu dugu, auto-laguntzako liburuen eskuetan utziz, inozoen helburuetara marginatuz. «Zoriontsu naiz» esatea umekeriatzat hartzen da hemen, heldutasunera iritsi ez den baten erreakziotzat, heldutasuna zorionik existitzen ez den lurralde bat balitz bezala, zoriona hizketagaitzat hartzea ere merezi ez duena.

Gauza onak ere ez ditugu esaten apenas, «disko polita atera duzu», «ze ilejera polita daukazun», «zure irribarrea beti gustatu izan zait», «zer praka xalauak», «zer pintxo gozoa atera zaizun»… Erronka tankerako esaldiekin agurtzen dugu jendea, naturalagoak agertzen garelakoan, baina errepresio emotibo bat besterik ez da, pobretzailea eta ankerra. Hain galdua dugu gauza politak entzuteko ohitura, non halakoren bat esaten duzunean harri eta lur begiratzen dizun besteak. Baina laster hedatzen da anbientean halako gozotasun infinitu baten lurrina.

Zorionaren aurkako alergia sufrimenduaren gorazarreak sortzen du. Sufrimendua asko baloratua dago, alor guztietan, eta egunkarietako azal eta orri nagusiak sufritzen duen jendez beterik datoz, gizarte eredu bilakatzen den jendea. Gure menditzarrak korrika igotzen dituztenak txalotzen dira albistegi guztietan, maratoiak egiten dituztenak, edozein ariketetan hesteak botatzeraino lehertzen direnak.

Duela gutxi irakurri dugu hiru mendizalek Groenlandian barrena egin duten ibilaldiaren berri: 2.300 kilometro egin dituzte izotzetan oinez, sekulako hotza eta haizea pairatuz. Zertarako?, diot nik neure baitan, zer demostratzeko? Eta ezertarako nekatzearekin plazer hartzen duen jendea dagoela onartuz ere, zergatik ez dute isilean egiten, albistegien bitartez eredu triste eta nekagarri hori eman ordez?

Honen ondorioz plazer hartzea gaizki ikusia dago, beti ere programatua ez dagoenean, festetan, adibidez. Noiz agertuko ote da zelai batean dagoen bikote baten argazkia, esanez oso zoriontsu daudela sei aldiz egin dutelako larrutan arratsalde honetan? Seinale ona litzateke. Artistak ere ez dira ausartzen esaten asko disfrutatu dutela lan hori egiten; ahopeka esaten dute «oso giro ona izan dugu grabazioan». Noiz esango du idazle batek: «Asko gozatu dut liburu hau idazten, nik adina gozatzen baduzue irakurtzen zoriontsu naiz»?

Tabernetan «gaizki egin dut lo» entzuten zaio jendeari; inori ez diot entzun esaten «ederki egin dut lo». Hango eta hemengo, honen eta haren gaitzak kontatzen ditu jendeak; inork ez du esaten «ederki nago, sasoi betean, indartsu, apetitoarekin, optimista eta lujurios». Zorigaitzaren motiboak lantzen ditugu etengabe, inertziaz eta inkontzientziaz, zoriona gaizki ikusten duen gizartea etengabe indartuz.

Sufrimenduaren baloraziotik dator lanaren goraipamena. Ez da posible, eta ez dut sinesten, gu hainbeste lan egitera etorri garenik bizitza honetara. Emil Cioranek esan zuen: «Lana maldizio bat da (…), eta etengabeko lanaren bitartez soilik errealizatu gaitezkeela pentsatzea eskandalo bat da, ulertezina». Baina euskaldunoi langile etiketa aspaldi jarri ziguten munduan zehar, eta geroztik gure inkontzientean txertatu eta belaunaldiz belaunaldi transmititzen den zigorra bihurtu da gure garunetan. Lan asko egiteak plusbaliak eransten dizkio zure irudiari: fina zara, konfiantzakoa, serioa, arduraduna. Ikusia nago alferraren etiketa erabiltzen dibortzio batean senarraren aurka.

Lan asko eginda gauza asko eros ditzakezu, baina denbora gutxiago duzu bizitzeko. Halere, jendeak nahiago du bizitza-esperientziari uko egitea ondasun materialei baino.

Lanaren fruitua da diruaren laudorioa. «Asko irabazten du» esateak beste definizio guztiak ezabatzen ditu. Jendea zorpetu da ez zegokion bizi-maila bat lortzeko, klase konplexua erraietaraino sartua zeukalako, pobrezia baita tabu nagusia gure herrian.

Balore onak asko ditugu, baina zorion ororen sorburua aurkitzeko oztopatzen duen hura kentzea da bide bakarra. Zoriona ez delako metaketa, soilketa baizik.

PAKO ARISTIK Berrian idatzia da goiko hori (2011-VII.1). A ze ederra, ez da?

Eleder BuM31    Mind Mapping-Open Space Technology-Creativity
www.burumapak.blogspot.com (eus)   @Eleder_BuM  (Twitter)
www.in-fluyendo.blogspot.com (esp)   www.flowandshow.blogspot.com


No comments: