AMAIA UGALDE
Elkarrizketa, 2009-7-13an
UDARO (09/7/15)
Oso solasaldi atsegina Amaia Ugalderekin, UEUn emandako buru-mapei buruzko ikastaroa zela-eta. Jarraian berak egindako testua. Mila esker, Amaia eta mila esker, UEU!
Jendaurrean hitz egiteko, ikasteko, edo edozein ideia buruan antolatzeko eskemak egitea gauza ohikoa da. Buru-mapak ere eskemak dira, baina eskema bereziak. Erdigunean irudi koloretsu bat izaten dute, eta koloreak, marrazkiak, eta hitz gutxiko mapa osotzen da apurka-apurka. Erditik hasita, egitura erradial batekin, ideia baten azpiatalak eransten joan daiteke norbera, era ireki batean. Era horretan garunaren abilezia gehiago erabiltzen ditugu eta prozesua bera gozatzen dugu. Sormenerako eta ideiak antolatzeko teknika hau eskuz eta ordenagailuz egiten ikasten ari dira Udako Ikastaroetan, Eleder Aurtenetxeren laguntzarekin.
Eleder Aurtenetxek koaderno bat dauka eskuan, eta bertan zirriborro koloretsu batzuk ditu, buru-mapak dira. Bere egunerokotasunerako oso baliagarriak zaizkio mapa horiek: “Zirriborro honek, adibidez, balio izan dit gaur jendaurrean esan behar nituenak esateko, modu ordenatu batean, bat-batean, era naturalean, ezer irakurri gabe, eta ezer ahaztu gabe”. Hitzek baino gehiago, irudi eta koloreek, gauzak sailkatu, ordenatu eta memorizatzen laguntzen dutela dio Aurtenetxek, eta horregatik direla hain baliagarriak buru-mapak.
Gai bati buruz daukagun informazio guztia era ireki baten antolatzen da buru-mapekin, eta irekitasun horri garrantzia eman dio Aurtenetxek. Bere ustez, “irekia izate horrek, ideiak modu ireki baten antolatzeak, burua eta pentsamendua irekitzea ekar dezake”. Beraz, orrialde zuri batean, kartulina batean edo arbelean nahi beste ideia modu grafikoan lotzeko era da. Sortzen laguntzen duela gaineratu du Aurtenetxek: “Erdiko ideia horretatik, muin horretatik, adarrak ateratzen goazen heinean, galderak bezalakoak izango dira, erantzun beharreko galderak”. Gainera, irudi eta koloreek asko laguntzen dute: “Kontzeptu batzuk erlazionatzeko, adibidez, kolore berdinez idatzi ditzakegu, eta horrela lotuta errazago gogoratuko gara euren erlazioaz. Asosiazioak oinarrizkoak dira gauzak hobeto oroitzeko eta ideia gehiago ekartzeko. Buru-mapetan horiek modu txukunean, arinean eta erakargarrian adierazten ditugu dira”.
Marrazkien garrantzia
Hizlaria hitzaldi batera marrazkiz betetako eskema koloretsu batekin joatea batzuentzat bortitza dela konturatu da Aurtenetxe: “Umekeriatzat jotzen da kolorea eta irudia ikustea; ez da gauza serioa. Eta serioa ez bada, badirudi ez duela hainbeste balio, ez dela helduen kontua”. Aurtenetxeren esanetan, jende askok eskola sasoitik ez du lan egiten irudiekin eta koloreekin, eta normala da buru-mapak lehenengoz ikustean erreakzio gogorra izatea. Baina marrazkiek –ez dira artistikoak izan behar- asko laguntzen dute memorian: “Garunak askoz errazago oroitzen du irudi bat elkarri lotutako hizki batzuk baino”. Izaki bisualak garela gaineratu du Aurtenetxek: “Irudiak dira interpretatzen ditugun lehen gauza”.
Erabilpenak
Hainbat kontutarako izan daitezke baliagarriak buru-mapak: ikasteko –dislexia duen jendearen artean gainera erabiltzen da metodo hau-, jendaurrean hitz egiteko, enpresa mundurako... Enpresa munduari dagokionez, Aurtenetxek azaldu du bertan izaten den informazio jario handiari ordena emateko modua izan daitezkeela buru-mapak: “Etengabe ari gara informazioa gehitzen, birsortzen, eta informazio uholde horri aurre egiteko lagungarriak izan daitezke buru-mapak egiteko softwareak”. Gai bati buruzko informazio guztia bildu, antolatu, estekak jarri, irudiak, koloreak... buru-mapak edozein proiektu garatzeko erabilgarriak izan daitezke Aurtenetxeren ustez. “Ideiekin lan egin behar duen edozein pertsonentzat egokia eta dibertigarria da tresna hau”.
No comments:
Post a Comment