2009/07/30

GARATU 2009: BURU-MAPEI buruzko IKASTAROA Bilbaon



Udazkenean (urriaren 27an hasi, azaroaren 19an amaitu) buru-mapei buruzko 20 orduko ikastaroa Bilbaon, GARATU programaren barne.

Xehetasunak hemen
.

GARATUri buruz: Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Unibertsitate eta Ikerketa Sailak izenarekin urtero-urtero egiten duen deialdiko prestakuntza-eskaintza da GARATU.

HELBURUAK
  1. Eskuz zein ordenagailuz buru-mapak egiteko gaitasuna. Noiz eta zertarako erabilera bakoitza? Zer alde on modu bakoitzak?
  2. Parte-hartzaileak buru-mapak erabiltzeko jauzia egitea. Aurrerantzean erabiliko dituztenean ere irakaslearen laguntza izango dute
  3. Ideiak labur, argi, ondo egituratuta eta modu ederrean adierazteko gaitasuna garatzea
  4. Lan-esparruan erabiltzeko aukerak zabaltzea
  5. Nork bere edo talde baten informazioa kudeatzeko erabiltzen ikastea
  6. Buru-mapak talde-lanerako erabiltzen ikastea
  7. Buru-mapak interneten bidez erabiltzen ikastea, elkarlanerako

EDUKIAK

1. Tony Buzan eta Barry Buzan anaien “The mind mapping book” liburua oinarri hartuta bertan deskribatzen den teknika norbereganatzen hasiko gara:
  • sarrera: testuingurua, antzeko teknikak,...
  • buru-mapen abantailak
  • nola egin buru mapak: arauak eta egiteko prozesua
  • irudimena lantzen
2. Buru-mapak egiten:
  • eskuz
  • ordenagailuz: XMind, Mind Manager, FreeMind, Mindomo, iMindMap...
  • zertarako buru-mapak erabili
3. Jendaurrean mintzatzea
4. Ideia antolaketa
5. kasten jarraitzeko iturriak

Izena emateko eta bestelako argibideak hemen.

UDAROn sormenaren eta Espazio Irekiaren gainean



ASKATASUNA SORMENAREN OINARRI

AMAIA UGALDE

Elkarrizketa, 2009-6-29an

UDARO (09/6/30)


Oso solasaldi atsegina Amaia Ugalderekin, UEUn emandako Sormena Espazio Irekian ikastaroa zela-eta. Jarraian berak egindako testua. Mila esker, Amaia eta mila esker, UEU!


Askatasunez, lotsa eta beldur barik, edozein gairen inguruan sormenez aritzeko teknika da Espazio Irekiarena. Taldean batu, eta landu nahi dituzten gaien zerrenda osotu dute gaur “Sormen Teknikak Open Space Technoloy bidez” ikastaroan. Eleder Aurtenetxe gidari, sormenaren inguruko ideiak bilduko dituzte sormen teknika bat erabiliz.

Sormena jaiotzez dugun zerbait izan arren, landu beharreko zerbait ere bada. Horretarako teknika ugari sortu dira. Eleder Aurtenetxeren iritziz, “berezko dugun hori denboraren poderioz eta kultura eta hezkuntza sistemaren eraginez moteltzen edo itzaltzen zaio pertsonari”. Sormenaren oinarrizko baldintza askatasuna dela nabarmendu du, askatasun pertsonala eta askatasun kolektiboa: “hezkuntza sistema antolatuta dagoen moduan, leku gutxi dago askatasun horretarako: espazioak, ordutegiak, ikasi behar diren gaiak, curriculumak... mugatu egiten dute askatasun hori”. Bizitzan zehar sormena itzaltzen joaten dela kontziente izanik, horri buelta eman ahal zaiola dio Aurtenetxek: “autozentsura, beldurra, lotsa... ditugula jabetuz gero, badago horrek haustea eta muga gutxiago izatea lor dezakegu”.


sormenaren inguruko teknika hau, espazio irekiarena, jende-talde baten sormenari buruzko ideiak loratzeko erabiliko dute.


ESPAZIO IREKIA (open space technology)

Izen horrekin ez dugu ezagutzen, baina ziur aski, antzinara joko bagenu, bizitzaren izaera naturala espazio irekia litzateke. Jende multzo batek gai baten inguruan modu autogestionatu batean eta oso era parte hartzailean eztabaidatzen du, eta batzutan erabakiak hartzen ditu. Azken 30 urteetan mundu osoan erabiltzen den teknika da eta arrakasta handiz egiten da. Horretan utziko dugu, onena espazio ireki bat bizitzea delako. Gehiago jakiteko: http://www.openspaceworld.org/.


Teknika oso baliagarria eta oso sinplea da. Hain baliagarria izatearen arrazoia sinpletasun hori da. Batzutan, gauzak antolatzen ditugunean gure burua larregi konplikatzen dugu. Espazio Irekian erraztaile rola joakatuko duenak ahalik eta gutxien egingo du. Teknikaren aitzindariaren (Harrison Owen) ahotan: “Less is more”.


Taldeak, zelakoak: bost laguneko taldeetarako, 200 lagunetarako, eta 2.000 lagunekin ere egin izan da Espazio Irekia.


Espazio Irekiak funtzionatzen du: pil-pileko gai bati buruz jardun nahi duen talde bat dagoenean. Talde hori helburu batekin biltzen da. Gaia gatazkatsua den kasuetan, oso parte hartzaile desberdinak eta kontrajarriak dauden kasuetan. Teknika bereziki erabilgarria suertatzen da baita ere, “atzorako” emaitza behar duten gaietan. Gauza urgenteetan. Gure ikastaro honetan “laborategian” ibiliko gara: gaia ez da gatazkatsua izango, ez da urgentea... sormenari buruzkoa izango da eta sormentsua izango da. Errealitatean eman ohi den tentsio puntua erantsiko bagenio are eraginkorragoa izango litzateke.


Era autogestionatu batean jendeak lan egitea errezten du. Gai-zerrenda taldeak berak definitzen du topaketaren lehenengo ordubetean. Zeri buruz hitz egin nahi duten bertaratuek erabakiko dute eta benetan ardura zaizkien gaiak aterako dira. Hori da lehenengo gauza. Gai-ordena batzutan “goitik” sartzen da, eta hainbat intereseko gai hitz egin gabe geratzen dira, eta agian gero, kafe-orduan irtetzen dira horrelakoak. Espazio Irekiaren teknikaren bidez, saiatzen gara kafe-orduan gertatzen den momentu magiko hori biltzen garen tarte osora zabaltzen. Kanpoko erraztailearen laguntzaz eta jarraibide sinple gutxi batzuei jarraituz, jendeak erabakitzen du zeri buruz hitz egin nahi duten bileraren helburu orokorraren baitan, zeren ardura hartu nahi duten, eta gai horiei buruzko eztabaidak sortu, eta gero konpartitu.


Arau bat badago: oin bien legea: hau da, mugitzeko askatasuna eta ardura. Arau horren babespean bildutakoek benetan interesatzen zaizkien gauzei buruz hitz egiten dute eta talde batetik bestera dabiltza edo, tarte batez, bakarrik egoteko txoko batera joango dira. Jardunaldi(ar)en amaierarako -egun bateko Espazio Irekiak edo egun bi eta erdikoak antolatu ohi dira-, bileretan ateratako ondorioak aktetan bildu eta denentzako banatzen da eta ondoren bertan sortutako ideiak garatzeko denbora izango du taldeak espazio irekia itxitakoan.


Informazio gehiagorako: Interneten www.openspaceworld.org dago. Espazio Ireki permanentea. Web gunea teknika erabiltzen dutenen bilgunea da, eta euren esperientziak kontatzen dituzte.


SORMENARI BURUZ ETA UEUko IKASTAROARI buruz:

Lehenengo egunean Espazio Irekia egingo dute, eta bigarren egunean sormenaren inguruan azken urteetan garatutako pentsamendua azalduko du Elederrek eta horri buruz ikasten jarraitzeko publikazioak, interneteko web guneak... partekatuko dituzte.


Jendea libre sentitzea edozein gauza esateko, eta baita edozein gauza entzuteko prest. Irekita. Konfidantza giro bat, giro sano bat... sormena pizteko gakoetako bat da. Inguru sanoetan mugitzea. Ekimenak bultzatuko dituena, errakuntzak onartu eta txalotu. Jendeak libre sentitu behar du edozein gauzatara ausartu, erratu eta horretaz ikasteko.

UDARO agerkarian BURU-MAPAGINTZAZ



"Ideiak modu ireki baten antolatzeak burua eta pentsamendua irekitzea ekar dezake”

AMAIA UGALDE

Elkarrizketa, 2009-7-13an

UDARO (09/7/15)


Oso solasaldi atsegina Amaia Ugalderekin, UEUn emandako buru-mapei buruzko ikastaroa zela-eta. Jarraian berak egindako testua. Mila esker, Amaia eta mila esker, UEU!


Jendaurrean hitz egiteko, ikasteko, edo edozein ideia buruan antolatzeko eskemak egitea gauza ohikoa da. Buru-mapak ere eskemak dira, baina eskema bereziak. Erdigunean irudi koloretsu bat izaten dute, eta koloreak, marrazkiak, eta hitz gutxiko mapa osotzen da apurka-apurka. Erditik hasita, egitura erradial batekin, ideia baten azpiatalak eransten joan daiteke norbera, era ireki batean. Era horretan garunaren abilezia gehiago erabiltzen ditugu eta prozesua bera gozatzen dugu. Sormenerako eta ideiak antolatzeko teknika hau eskuz eta ordenagailuz egiten ikasten ari dira Udako Ikastaroetan, Eleder Aurtenetxeren laguntzarekin.


Eleder Aurtenetxek koaderno bat dauka eskuan, eta bertan zirriborro koloretsu batzuk ditu, buru-mapak dira. Bere egunerokotasunerako oso baliagarriak zaizkio mapa horiek: “Zirriborro honek, adibidez, balio izan dit gaur jendaurrean esan behar nituenak esateko, modu ordenatu batean, bat-batean, era naturalean, ezer irakurri gabe, eta ezer ahaztu gabe”. Hitzek baino gehiago, irudi eta koloreek, gauzak sailkatu, ordenatu eta memorizatzen laguntzen dutela dio Aurtenetxek, eta horregatik direla hain baliagarriak buru-mapak.

Gai bati buruz daukagun informazio guztia era ireki baten antolatzen da buru-mapekin, eta irekitasun horri garrantzia eman dio Aurtenetxek. Bere ustez, “irekia izate horrek, ideiak modu ireki baten antolatzeak, burua eta pentsamendua irekitzea ekar dezake”. Beraz, orrialde zuri batean, kartulina batean edo arbelean nahi beste ideia modu grafikoan lotzeko era da. Sortzen laguntzen duela gaineratu du Aurtenetxek: “Erdiko ideia horretatik, muin horretatik, adarrak ateratzen goazen heinean, galderak bezalakoak izango dira, erantzun beharreko galderak”. Gainera, irudi eta koloreek asko laguntzen dute: “Kontzeptu batzuk erlazionatzeko, adibidez, kolore berdinez idatzi ditzakegu, eta horrela lotuta errazago gogoratuko gara euren erlazioaz. Asosiazioak oinarrizkoak dira gauzak hobeto oroitzeko eta ideia gehiago ekartzeko. Buru-mapetan horiek modu txukunean, arinean eta erakargarrian adierazten ditugu dira”.

Marrazkien garrantzia

Hizlaria hitzaldi batera marrazkiz betetako eskema koloretsu batekin joatea batzuentzat bortitza dela konturatu da Aurtenetxe: “Umekeriatzat jotzen da kolorea eta irudia ikustea; ez da gauza serioa. Eta serioa ez bada, badirudi ez duela hainbeste balio, ez dela helduen kontua”. Aurtenetxeren esanetan, jende askok eskola sasoitik ez du lan egiten irudiekin eta koloreekin, eta normala da buru-mapak lehenengoz ikustean erreakzio gogorra izatea. Baina marrazkiek –ez dira artistikoak izan behar- asko laguntzen dute memorian: “Garunak askoz errazago oroitzen du irudi bat elkarri lotutako hizki batzuk baino”. Izaki bisualak garela gaineratu du Aurtenetxek: “Irudiak dira interpretatzen ditugun lehen gauza”.

Erabilpenak

Hainbat kontutarako izan daitezke baliagarriak buru-mapak: ikasteko –dislexia duen jendearen artean gainera erabiltzen da metodo hau-, jendaurrean hitz egiteko, enpresa mundurako... Enpresa munduari dagokionez, Aurtenetxek azaldu du bertan izaten den informazio jario handiari ordena emateko modua izan daitezkeela buru-mapak: “Etengabe ari gara informazioa gehitzen, birsortzen, eta informazio uholde horri aurre egiteko lagungarriak izan daitezke buru-mapak egiteko softwareak”. Gai bati buruzko informazio guztia bildu, antolatu, estekak jarri, irudiak, koloreak... buru-mapak edozein proiektu garatzeko erabilgarriak izan daitezke Aurtenetxeren ustez. “Ideiekin lan egin behar duen edozein pertsonentzat egokia eta dibertigarria da tresna hau”.


IDEIA ZABALTZEN


Aurreko idatzi hartan iragarritako ikastaroak pasa dira. Oso esperientzia aberasgarria.

Ikastaro horiei lotuta irratietan berbaz ibili gara azken aldian (Bizkaia Irratian; kolaboratzaile gisa BERBAZ saioa egin ohi dugun Bilbo Hiria Irratian, Sormena Espazio Irekian ikastaroa gai hartuta; Belaixe Irratian; eta Euskadi Irratian, buru-mapei eta espazio irekiari buruz).

Bestalde, UEUko Udako Ikastaroetako prentsa lanetan ari den Amaia Ugalderekin bi aldiz izan gara berbetan UDAROrako, ikastaro bakoitzaren (Sormena Espazio Irekian eta Buru-mapak) harira. Elkarrizketa bi horietakoak blog honetara ekarriko ditugu laster.

UEUkariko idatzi baten laburpena lana Diario Vascon ere eman zuten argitara.

Hik Hasiko ikastaroaren aurretik ere, Olatz Lasagabasterrekin buru-mapei buruz solasean izan ginen Bilbon oso gustora, eta uztaileko Hik Hasiren alean agertu zen elkarrizketa. Irailean izango omen da sarean irakurgarri.

Euskeraz lan egitearen beste alde on bat: hedabideak ideia zabaltzen laguntzeko gogoz.

2009/07/25

CREA-k-TIVE BISCAY


Duela hilabete batzuk idatzi hau bota gendun BLOGISen, Ricardoren (Amasté) idatzi baten haritik, 25. iruzkin gisa agertu zen. Hizpidea, aurten Bilbon izan ziren "Bizkai Creaktiva" jardunaldiak. Blog honetan zerbait sartu behar noizbehinka, opor-kutsua aidean nagi gabiltza, eta ahaleginei etekin erosoa atera behar zaienez horra errepika...


CREA-k-TIVE BISCAY (eleder.aurtenetxe@gmail.com)

Hola Julen, este texto que me ha llegado podría ponerse, creo, como entrada aparte, haciendo referencia, claro, al ginecólogo que me indujo el parto,... he aquí por qué:
1. porque he contado las palabras y ganamos de calle: 1019-659
2. por ser más viejo que Ricardo...
3. ...pero, a su vez, todavía una gran promesa en el mundillo...
4. para abrir la eusko-vía, que va a acercar a la felicidad a más gente y más rápido que la supersur, el TAV y la web 3.0 juntis
5. por mi reputación, estatus, posición social, influencia,... ya sabes, ganar-ganar

un abrazo,

Eleder ;-)

Bai, gu ere han izan ginen. Eta Bilbo Hiria irratirako kronika egin ere egin genuen (http://www.bilbohiria.com/web/2832). Ahalik eta gozoena izaten saiatu ginen/saiatzen gara, alde onari begiratu,... Tratu pertsonala atsegina izan zen (eskuko telefonoa ere eurek utzi ziguten irratiko deia jasotzeko)... Umeekin ere joan ginen itxierara, jendea aurkitzen jarraitzeko gogoz,...

Baina, egia esan:

Z.- antolatzaileen web-tokia ikusita (http://www.creativityzentrum.com/; “eme objektua? ka! eme katxarroa! Hori duk hori, aupa Athletic, la-amatxu-de-begoña, el igualatorio, la dipu y la bbk,...!”)

Y.- topaketa hau Innobasque-ren alboko/itzalpeko zerbait izan zitekeela usainduta (Innobasque-ren aurkezpenean ere izan ginen eta aski izan zen Pedro Luis Uriarteri adi entzutea –debalde egiten omen du, baina ezingo luke bere diruz ordaindu horrelako ardura bat berari uztea- , eman zuten oparia ikustea,… Innobasquek zer emango-kutsatuko zuen asmatzeko.

Bide batez, sormena eta berrikuntza ospatu berri dugu asteon, azken urteetan bezala, askoz taju gehiagoz.

X.- izenak+izanak iradokitzen dutenagatik: irudikatu egoera, CZk eta IBk elkar topatu egin dute L'Mono-n, -uuups!- OLBEren azkenekoan- eta...
CZ: Hello, my name is Creativityzentrum, Jaguar-U?
IB: Jai! I'm (h)Imno(berria, jakina!)basque... Jaguar me? Yes, me 2, 2 Jaguars for me too...

W.- intuizio oneko lagun batzuek, gonbidapena izan arren, hara joateari muzin egin izanda

V.- Bizkaia aldean gai horri buruz (kooperatiba egitura duten, edo, inkluso, enpresa egiturarik ez duten) talde dezente izanda, haietako bati ere hitzik ematen ez zitzaiola jakinda

U.- topaketaren egitura ohiko hutsal samar hori zela,…

Bada, goiko horiek kontuan izanda, itxaropena urria zen: hizlari batzuei entzuten eta bertaratutako jendearekin topo egiten joan ginen batez ere, eta alde horretatik, balekoa. Badakizue, 4,5/0,5=9. Don´t worry, be happy!

- Jakina, denbora urri, ostiral arratsaldeko sail "poterezale-ofizial" kutsukoari muzin egin genion zuzen-zuzenean,

- Unesco-ko hitzaldia ohiko berba-eder urrun hori suertatu zitzaigun,

- Toby Hyam-en j arrera pizgarri egin zitzaigun,

- Saratxagak hezkuntza sistemari buruz 5' ematea adierazgarri egin zitzaigun (http://blog.agirregabiria.net/2009/03/empresa-creatividad-en-bizkaia.html baina, zer egingo zenuke guraso barri bazina, Koldo: unschooling? Kortiñe? oraingo zentruen barrutik sistema aldatzen saiatu?...).

- Kaospilots-ekoa ziur aski pizgarriena...

- David Parrish-engandik printza on batzuk hartu genituen ("qué guay, ser más ricos al levantarnos, yujuuuu!" eztabaida luzeagoa merezi lukeen hori gorabehera)...

Noski, genero ikuspegiz, kultura aniztasun-aberastasun ikuspegiz (beharbada zailagoa da hori, baina, beharbada, gonbidatuz gero,...) hizkuntza- trataeraren aldetik, elkarrekintza errazte aldetik, formatu aldetik, espazioaren aukeraketaren eta erabileraren aldetik,… topaketa pobrea, baina, lehen esan bezala, ez genuenez horretan ezer handirik espero (egia tamalgarria), DWBH!

Plazaratu diren iritzi kritiko eta autokritikoek zer pentsa ematen dute, bai, eta kritiko izatera jokatuz gero, hauek dira nire zalantza nagusiak kasu zehatz honi dagokionean (kasu zehatz hau tokatu da, baina hemen antolatzen den askori zabaldu dakizkieke antzekoak; hartu ditzagun zalantza orokor gisa, bada, hausnartzeko eta hobetzeko oinarri):

1. Nondik agertu da Creativity Zentrum hau benetan? Zer finantzabide izan du, bere sorrerako?...

2. Nola eskuratu ditu honelako topaketa bat antolatzeko baliabideak? Berdin lirateke irisgarri baliabide eta diru horiek antzeko zerbait eratu nahi luketen enpresa hipotetikoentzat?

3. Diru publikoa dagokionean, gardentasuna, inpartzialtasuna, objektibitatea,… bete dira?

(Jakinminez, horrelakoetan zenbat izan ohi dira interes hutsez eta ordainduz joandakoak eta kostu totalaren zer portzentaje egiten du horrek? Batzuetan ematen du, 50 € ordaindu beharra jartzen dela, nolabait, jende ez-egokia uxatzeko, beste ezertarako baino gehiago...).

Horrelako ekitaldien emaitza hobeto baloratzeko, diru kontu horiek guztiak ere ezagutu behar genituzke,…

Zalantza horiek guztiak kultura politikorik ezaren ajeak ditugu eta beste esparru batzuetan konpondu behar lirateke beharbada…

...ala ez? Beharbada, BLOGISen agertu den hau energia guzti hau ondo bideratu eta hurrengoetan agerraldi jai-giroko/sormentsu/konprometitua… sortuko da itsas-museotik gertu, akaso, ahateen inguruan, giza-eraldaketaren zedarri?

Baina, parka, hori ere ez dagokigu guri, ze, zer esango dugu guk, bada,

- aldundian zerbitzu-buru ibili ginen garaian (gure 2. etxebizitza + seme bakarraren USAko “ikas”-urtea + zaborra botatzen joateko erabili ohi dugun “Mini”-a + urteroko Madeira-Baqueiretako uda-neguetako egonaldiek+++... ordaintzeko diru-premiak eragindako izuak harrapatuta) zuzendariaren aginduari baietz esan, eta diru-laguntzak esleitzeko “zuzendutako” balorazio-emaitzak kuku batean beiraratu genituenok?

- gure kume gaztetxoak, lar estutu barik, eta “opo” baten trantze latza (gaiak eta apunte ezkutuak "opogile seinalatuek" eurek aukeratu eta jarrita dauzkate, bai, baina trantzea, hala ere, huraxe ikasi beharra eta azterketa epaimahiaren aurrean irakurri beharra,...) pasa barik, ondo eroso lan-munduratzeko, gure bilbaoarte-dema-uragentzia-lan-ekintza-interbiak-innobasque-basqueteam-beaz-bai-guggenheim-azpiegituretan kokatu izan ditugunok?

- unibertsitate irakasle gisa ibili ginenean noizbehinka kalifikazioak zuzendariaren nahierara jartzea natural hartzen genuenok…?

¡Langui, c'est la vie!...efectivamente, (así) no se puede.

IO: lerro hauek nagi-nagika atara zaizkit. Aukeran, nahiago buruz-buru edo taldean espazio irekian eta modu jolastiagoan jardutea…

IO-2: anonimoei oharra: kilikagarriagoa da nor garen argi utzita idaztea. Tira, beste norbaiten argazkia ere jarri daiteke, famatuegi ez bihurtzeko, eta beti dago idatzitakoan errealitatea eta fikzioa nahasteko aukera...

IO-3: nik ere debalde idatzi dut hau, Pedro Luis, eta arrazoi duzu, nire dirutza osoa ordainduta ere, debekatu behar litzaidake niri ere holango zera bat erditzea

IO-4: baina, gaur egun hizkuntza zuzendaritzan nabil aholkulari gisa eta hango aginduak betez sareratzen dut pieza hau. Parka laburregi jo badut, oso lanpetuta nabil (laster, Azkue Fundazioan zuzendari izatekotan, hala diote)

IO-5: berriro ere idazteko tentaziora eraman naute, baina “meo culpa”. Ondo esanak parkatu eta okerrak kontuan hartu (gora eta gora jarraitu nahi dut, bai!)

Ely-Eder

(ni ere, batzuetan, andra naiz, eta beraz, ni ere zoriondu behar nauzu, Ricardo, kuota igoarazi dugu-eta!)

eleder.aurtenetxe@gmail.com