2009/01/21

ZERTAN ARI NAIZEN ORAIN



Astelehenean ekin diogu euskarazko ikastaroari. Zazpi lagun elkartu gara eta Greg izan dugu bertan bisitari. Bera da Discovery World honetako sustatzaileetako bat eta eskertu behar diot (bai eta BIBeko lankide Javiri, Iñigori... ere) ikastaro hauek prestatzeko eta gidatzeko gonbitea. Orain urte pare bat elkar ezagutu genuenetik oso tratu hurbila izan dugu. Gauza askotan egiten dugu bat biok: sormenarekiko interesa, izaera jolastia eta lana eta bizia nahastearen aldeko apostuan, bai behintzat.

Lana eta bizia bat direla uste baitut zinez. Alperrik saiatzen garela "orain lan, gero bizitzeko" pentsamenduan sarriegi... Horretaz idatzi nuen Patu ez-izenez duela hiru urte eta, patua patu, konturatu barik, bide horretarantz aldatu da zeharo nire eguneko bizia.

Lehengo Aldundiko lantoki erosotik kanpo geratu nintzen ezustean, eta a zer lasaitua! Aspaldi buruan nuenari heltzera erdi-"kondenatua" nago (beste erdia, gutxienez, horrixe egiteko irrikitan). Aspaldiko amets hura egia bihurtzeko, bizi-bizi. Lan-une bakoitza gozatuz...

Izan ere sormenari buruz ikertzen eta ikasten jarraitu nahi dut eta ikasitako hori ingurukoekin partekatzen. Ahal den heinean euskaraz eta euskarazko ikas-jarduera profesionalen egarri denari freskagarria ematen...

Ia une oro sinesten dudan horixe egiten. Buru-jabe.

Bideari ezustean heldu nion, Greg-ek proposatuta eta behin nagiak bota eta berehala, baiezkoa eman eta hurrengo unetik, buru-belarri sartuta nabil kontu honetan.

Hasi, buru-mapei buruzko ikerketa, trebakuntza, aholkularitza eta zerbitzu bereziak eskainiz hasi naiz, lehen aipatutako "Bizi!" idatzi horretan islatzen dudan pentsaeraz. Iruditzen zait premiazkoa dela gure artean buru-mapen kontua zabaltzea. Erantzuna ere oso positiboa izaten ari da...

Sormen eta adimen kolektiboari lotuta, bada loa kentzen didan beste teknika bat, eta horri heldu behar diot patuak adierazten didanean... Open Space Technology da teknika horren izena. Zinez interesgarria. Jakina, buru-mapekin uztartuz gero, are eragingarriagoa.

Tira, zertan ari naizen orain? Egia esan, idatzi hau astelehenean buru-mapei buruzko ikastaroan gertatuak laburtzeko asmoz hasia nuen... eta hara nora joan garen!

Orain, oraintxe, lehiaketa honetarako idazten ari nintzen ere bai. Arin ibili lerro batzuk idatzi eta zozketan sartu nahi baduzu! Etzi arte baduzu idazteko aukera eta 30 minutu emangoi dituzu horretan, gehienera. Lehiaketa ordez, gainera, zozketatxoa izango omen da. Buru-mapak ordenagiluz egiteko Mind Manager 8.0 programaren lizentzia sari gisa!

Merezi izan du beste zereginak geroko uztea, ez da? Berriz ere jolasteko grinak harrapatu gaitu!

Jarrai dezagun, bada, jolasten eta zurrunbiloan datozen ideiak, banan-banan, buru-mapetan bakoitza bere tokian jartzen... anabasari orden apur bat ezartzen...

No comments: