2009/01/22

IKASTAROAREN 1. EGUNEKOAK


Astelehena izan zen euskarazko buru-mapei buruzko ikastaroaren lehenengo eguna.
7 lagun izan ginen ikastaroan parte hartzen eta izena emandako beste 3-4 ere etorri ezinik.

Ikastaroa ahalik eta mugituena eta partehartzaileena izatea xede, edozein unetan galderak, iritziak, zalantzak, lasai botatzea eskatuta ekin genion, horrexek egingo zuelako ikastaroa interesgarriago.

Irudiko buru-mapa eder hau (buru-mapagintzaren oinarriak azaltzen ditu), Paul Foreman-i zor diogu. Oso blog interesgarria berea.

Buru-mapa sorta zabal bat izan genuen ikusgai, jendea etorri ahala ongi-etorritzeko.

Nork bere burua aurkeztu zuen gero, honako ariketa honen bitartez: 5 hitz eskatu: 1. izena; 2. ezaugarri berezi bat; 3. zaletasun bat; 4. gogoko web-gune bat; eta 5. gogoko txokoa. Elkarrengana apur bat hurbiltzeko aitxakia, eta elkar ezagutzeaz gain, beti zerbait ikasteko balio diguna.

Etorritakoen bat-bateko parte-hartzeari esker unean-uneko zalantzei eta iruzkinei erantzunez buru-mapei lotutako kontu garrantzitsu dexente izan genuen hizpide. Hala nola:
  • buru-mapen jatorria, liburuaren historia eta bitxitasun batzuk
  • egile diren Buzan anaiei (Tony eta Barry) eta "The Mind Map Book" (1993) idazteko prozesuari buruzko kontuak
  • buru-mapen erabilerak: norberarentzat, jendaurreko azalpenetarako, talde-lanerako ,...
  • ideiak irudien bitartez adieraztea eta norbere iruditegia sortzea
  • egunerokoan arretaz ibili eta irudiak harrapatzea
  • ordenagailuz irudiak nola bilatu, moldatu eta erabili
  • iruditzeko erraztasuna eta iruditzearekiko aurriritzi kaltegarriak (umekeria da, "ni oso baldarra naiz horretan"...)
  • espazio hutsa, garunaren lagun: garunak hutsuneak betetzera jotzen du. Ideia aasko nahi duzula? Paper zati handiagoa hartu buru-mapa egiteko! Ideia bat gogoratzen ez? egiozu toki huts bat adartxo bat eskainita buru-mapan eta etorriko da! Bai ote? Froga egin!
  • egitura erradialaren onurak: beti gehiagorako tokia, egitura irekia, talde-lanerako aproposa,...
Horman itsatsitako ereduetan arreta jarri eta gero, aipatutakoak kontuan hartuta, nork bere lehenengo buru-mapa egiteari ekin zion gero ordu erdiz-edo.

Jolasaren ordua: binaka jarrita, buru-mapak egiteko arau eta aholku nagusiak eta horien zergatiak aipatu genituen. Arau horiek kontuan hartuta zer hobetu dezakegu egindako lehenengo buru-mapa horretan? Horixe da hurrengo zeregina. Zirriborroa hartu eta arau horiek gogoan izanda, buru-mapa berregingo dugu.

Etorritako lagun bik haien buru-mapa azaldu ziguten azkenik.
3 ordu luze eman genituen horretan, asko mugituta baina gelatik irten barik... Konturatu gabe joaten da denbora horrelakoetan.

Bigarren jardunaldia datorren astelehenean. Zeu ere gonbidatuta zaude. Aski duzu e-mail bidez abisua ematea eta animatzea... doanekoa da oraingo honetan, aukera ona! Lasai egon aurrekoan izan ez bazinen, ez da hori izango-eta arazoa hurrengoak ikasteko!

Honako hauek ditut buruan 2. egunerako...
  • hitzak-irudiak ariketa: irudimena lantzen
  • buru-mapa egiteko legeak eta arauak. aurreko buru-mapa berregin
  • buru-mapa jendaurrean mintzatzeko tresna gisa
  • buru-mapak talde-lanerako tresna gisa
  • Mind Manager 5.0 aplikazioa instalatzea
A! Ikastaroan izan zinetenok, ba al duzue idatzi honi eransteko zerbait? Eskertuko dugu!

No comments: