2009/01/23

UMEAK, IRUDIAK ETA AURRIRITZIAK


Aurreko baten, buru-mapei buruzko ikastaroan zera atara zen:
"bai, irudi bitartez adieraztea indarsuagoa da, asoziazioak eta loturak biderkatzen ditu irudiak eta errazago geratzen dira oroimenean atseginagoa izateaz gain... baina NI BALDARRA NAIZ IRUDIAK EGITEN".
Geroago, gai horri heldu genionean, oso gai garrantzitsua delakoan, beste lagun batek aitortu zuen:
"egia esan, buru-mapak ikustean izandako lehenengo inpresioa zera izan da: honek ume-kontua/UMEKERIA ematen du. Horrenbeste kolore, iruditxo... ".
Hara zer dioten "The Mind Map Book"-eko egileek horri buruz:
"Buru-mapagintzak bisualizatzeko ahalmen zoragarria berpiztuko digu. Garunak irudiak sortzeko gaitasuna lantzean pentsatzeko eta hautemateko gaitasunak ere lantzen ditu, bai eta oroimena, sormena eta nork bere buruan duen koknfiantza.

Gure bisualizazio-ahalmen zoragarri hori oso baztertuta dago gaur egun, ordea. Horren azpian sineskera bi daude, biak ere oso hedatuak eta biak ere oso kaltegarriak. Horra hor:

1 Irudiak eta koloreak aurre-historiako baliabideak dira, heldu ez denaren umekeria eta gainera, askotan ez dira beharrezkoak.
2
Jainkoak-edo gutxi batzuei emandako doaia omen dira irudiak sortzeko eta kopiatzeko gaitasunak. (Egia zera da, ostera, esku-zabalki emana zaio ahalmen hori jende guztiari).

Garuna hobeto ulertzen dugun heinean honako honetaz jabetuko gara:
irudia eta hitza erabiltzeko abileziak berrorekatu behar ditugu... informatika-industriak ondo islatzen du gai hori... eta eremu pertsonalean buru-mapa kontzeptua ekarri du kontu horrek."
Aurrera bada! Hartu margoak eta jolastera, iruditzera, margoztera, sortzera, amets egitera,... ! Ezina ekinez egina, ez genuen esaten, ba?

2009/01/22

IKASTAROAREN 1. EGUNEKOAK


Astelehena izan zen euskarazko buru-mapei buruzko ikastaroaren lehenengo eguna.
7 lagun izan ginen ikastaroan parte hartzen eta izena emandako beste 3-4 ere etorri ezinik.

Ikastaroa ahalik eta mugituena eta partehartzaileena izatea xede, edozein unetan galderak, iritziak, zalantzak, lasai botatzea eskatuta ekin genion, horrexek egingo zuelako ikastaroa interesgarriago.

Irudiko buru-mapa eder hau (buru-mapagintzaren oinarriak azaltzen ditu), Paul Foreman-i zor diogu. Oso blog interesgarria berea.

Buru-mapa sorta zabal bat izan genuen ikusgai, jendea etorri ahala ongi-etorritzeko.

Nork bere burua aurkeztu zuen gero, honako ariketa honen bitartez: 5 hitz eskatu: 1. izena; 2. ezaugarri berezi bat; 3. zaletasun bat; 4. gogoko web-gune bat; eta 5. gogoko txokoa. Elkarrengana apur bat hurbiltzeko aitxakia, eta elkar ezagutzeaz gain, beti zerbait ikasteko balio diguna.

Etorritakoen bat-bateko parte-hartzeari esker unean-uneko zalantzei eta iruzkinei erantzunez buru-mapei lotutako kontu garrantzitsu dexente izan genuen hizpide. Hala nola:
  • buru-mapen jatorria, liburuaren historia eta bitxitasun batzuk
  • egile diren Buzan anaiei (Tony eta Barry) eta "The Mind Map Book" (1993) idazteko prozesuari buruzko kontuak
  • buru-mapen erabilerak: norberarentzat, jendaurreko azalpenetarako, talde-lanerako ,...
  • ideiak irudien bitartez adieraztea eta norbere iruditegia sortzea
  • egunerokoan arretaz ibili eta irudiak harrapatzea
  • ordenagailuz irudiak nola bilatu, moldatu eta erabili
  • iruditzeko erraztasuna eta iruditzearekiko aurriritzi kaltegarriak (umekeria da, "ni oso baldarra naiz horretan"...)
  • espazio hutsa, garunaren lagun: garunak hutsuneak betetzera jotzen du. Ideia aasko nahi duzula? Paper zati handiagoa hartu buru-mapa egiteko! Ideia bat gogoratzen ez? egiozu toki huts bat adartxo bat eskainita buru-mapan eta etorriko da! Bai ote? Froga egin!
  • egitura erradialaren onurak: beti gehiagorako tokia, egitura irekia, talde-lanerako aproposa,...
Horman itsatsitako ereduetan arreta jarri eta gero, aipatutakoak kontuan hartuta, nork bere lehenengo buru-mapa egiteari ekin zion gero ordu erdiz-edo.

Jolasaren ordua: binaka jarrita, buru-mapak egiteko arau eta aholku nagusiak eta horien zergatiak aipatu genituen. Arau horiek kontuan hartuta zer hobetu dezakegu egindako lehenengo buru-mapa horretan? Horixe da hurrengo zeregina. Zirriborroa hartu eta arau horiek gogoan izanda, buru-mapa berregingo dugu.

Etorritako lagun bik haien buru-mapa azaldu ziguten azkenik.
3 ordu luze eman genituen horretan, asko mugituta baina gelatik irten barik... Konturatu gabe joaten da denbora horrelakoetan.

Bigarren jardunaldia datorren astelehenean. Zeu ere gonbidatuta zaude. Aski duzu e-mail bidez abisua ematea eta animatzea... doanekoa da oraingo honetan, aukera ona! Lasai egon aurrekoan izan ez bazinen, ez da hori izango-eta arazoa hurrengoak ikasteko!

Honako hauek ditut buruan 2. egunerako...
  • hitzak-irudiak ariketa: irudimena lantzen
  • buru-mapa egiteko legeak eta arauak. aurreko buru-mapa berregin
  • buru-mapa jendaurrean mintzatzeko tresna gisa
  • buru-mapak talde-lanerako tresna gisa
  • Mind Manager 5.0 aplikazioa instalatzea
A! Ikastaroan izan zinetenok, ba al duzue idatzi honi eransteko zerbait? Eskertuko dugu!

2009/01/21

ZERTAN ARI NAIZEN ORAIN



Astelehenean ekin diogu euskarazko ikastaroari. Zazpi lagun elkartu gara eta Greg izan dugu bertan bisitari. Bera da Discovery World honetako sustatzaileetako bat eta eskertu behar diot (bai eta BIBeko lankide Javiri, Iñigori... ere) ikastaro hauek prestatzeko eta gidatzeko gonbitea. Orain urte pare bat elkar ezagutu genuenetik oso tratu hurbila izan dugu. Gauza askotan egiten dugu bat biok: sormenarekiko interesa, izaera jolastia eta lana eta bizia nahastearen aldeko apostuan, bai behintzat.

Lana eta bizia bat direla uste baitut zinez. Alperrik saiatzen garela "orain lan, gero bizitzeko" pentsamenduan sarriegi... Horretaz idatzi nuen Patu ez-izenez duela hiru urte eta, patua patu, konturatu barik, bide horretarantz aldatu da zeharo nire eguneko bizia.

Lehengo Aldundiko lantoki erosotik kanpo geratu nintzen ezustean, eta a zer lasaitua! Aspaldi buruan nuenari heltzera erdi-"kondenatua" nago (beste erdia, gutxienez, horrixe egiteko irrikitan). Aspaldiko amets hura egia bihurtzeko, bizi-bizi. Lan-une bakoitza gozatuz...

Izan ere sormenari buruz ikertzen eta ikasten jarraitu nahi dut eta ikasitako hori ingurukoekin partekatzen. Ahal den heinean euskaraz eta euskarazko ikas-jarduera profesionalen egarri denari freskagarria ematen...

Ia une oro sinesten dudan horixe egiten. Buru-jabe.

Bideari ezustean heldu nion, Greg-ek proposatuta eta behin nagiak bota eta berehala, baiezkoa eman eta hurrengo unetik, buru-belarri sartuta nabil kontu honetan.

Hasi, buru-mapei buruzko ikerketa, trebakuntza, aholkularitza eta zerbitzu bereziak eskainiz hasi naiz, lehen aipatutako "Bizi!" idatzi horretan islatzen dudan pentsaeraz. Iruditzen zait premiazkoa dela gure artean buru-mapen kontua zabaltzea. Erantzuna ere oso positiboa izaten ari da...

Sormen eta adimen kolektiboari lotuta, bada loa kentzen didan beste teknika bat, eta horri heldu behar diot patuak adierazten didanean... Open Space Technology da teknika horren izena. Zinez interesgarria. Jakina, buru-mapekin uztartuz gero, are eragingarriagoa.

Tira, zertan ari naizen orain? Egia esan, idatzi hau astelehenean buru-mapei buruzko ikastaroan gertatuak laburtzeko asmoz hasia nuen... eta hara nora joan garen!

Orain, oraintxe, lehiaketa honetarako idazten ari nintzen ere bai. Arin ibili lerro batzuk idatzi eta zozketan sartu nahi baduzu! Etzi arte baduzu idazteko aukera eta 30 minutu emangoi dituzu horretan, gehienera. Lehiaketa ordez, gainera, zozketatxoa izango omen da. Buru-mapak ordenagiluz egiteko Mind Manager 8.0 programaren lizentzia sari gisa!

Merezi izan du beste zereginak geroko uztea, ez da? Berriz ere jolasteko grinak harrapatu gaitu!

Jarrai dezagun, bada, jolasten eta zurrunbiloan datozen ideiak, banan-banan, buru-mapetan bakoitza bere tokian jartzen... anabasari orden apur bat ezartzen...