2019/01/29

Konplize ditut eta

Konplize ditut eta

Emakume zuzenak,
okerrak, kirtenak,
moja txintxoak eta
zerrama irtenak,
itsusiak, politak,
atletak, herrenak:
konplize ditut eta
maite ditut denak.

Langileak, alferrak,
lanik ez dutenak,
tuntunak, mediokreak,
klaseko lehenak,
ale desegokiak,
andre txit gorenak:
konplize ditut eta
maite ditut denak.

Ama onak ta txarrak,
ama ez direnak,
lurrera jausi arte
mozkortzen onenak
ta umeen merienda
usaina dutenak:
konplize ditut eta
maite ditut denak.

Lotsatiak, ausartak
argalak, gizenak,
iletsuak, soil-soilak,
marimutilenak,
katemeak, gorilak
panterak, zezenak:
konplize ditut eta
maite ditut denak.

Lehen munduko emeak,
kapitalistenak,
lur usaia daukaten
andre indigenak,
zuri, gorri, horiak,
beltzetan beltzenak:
konplize ditut eta
maite ditut denak.

Markesaren alabak,
neskame gizenak,
printzesak ta sorginak,
ogroak, sirenak,
Maritxuak, Bartolo
itxura dutenak:
konplize ditut eta
maite ditut denak.
 Eta gizonak ere bai, bai?

 @Eleder

No comments: