2019/01/29

Konplize ditut eta

Konplize ditut eta

Emakume zuzenak,
okerrak, kirtenak,
moja txintxoak eta
zerrama irtenak,
itsusiak, politak,
atletak, herrenak:
konplize ditut eta
maite ditut denak.

Langileak, alferrak,
lanik ez dutenak,
tuntunak, mediokreak,
klaseko lehenak,
ale desegokiak,
andre txit gorenak:
konplize ditut eta
maite ditut denak.

Ama onak ta txarrak,
ama ez direnak,
lurrera jausi arte
mozkortzen onenak
ta umeen merienda
usaina dutenak:
konplize ditut eta
maite ditut denak.

Lotsatiak, ausartak
argalak, gizenak,
iletsuak, soil-soilak,
marimutilenak,
katemeak, gorilak
panterak, zezenak:
konplize ditut eta
maite ditut denak.

Lehen munduko emeak,
kapitalistenak,
lur usaia daukaten
andre indigenak,
zuri, gorri, horiak,
beltzetan beltzenak:
konplize ditut eta
maite ditut denak.

Markesaren alabak,
neskame gizenak,
printzesak ta sorginak,
ogroak, sirenak,
Maritxuak, Bartolo
itxura dutenak:
konplize ditut eta
maite ditut denak.
 Eta gizonak ere bai, bai?

 @Eleder

Anari: epilogoa

Epilogoa

Ihes egiteko era guztien artean,gutako bakoitzak aukeratua du berea,eta zuk zeurea. 
Oharkabe, erabakia duzu bizitzaren gorritik metro bat atzera bizitzea, bidean seinaleak: zaindu segurtasun tartea.
Badakizu, garrantzirik ez dutenen artean, garrantzi gehien dutenak, bihurtzen dituzula zuk garrantzizkoenak, garrantzizkoenak
Eta trenak euri tanten kontra lehertzen hasten direnean,
Hutsuneak azpimarratuz
Zeure burua ikusten duzu kotxeen argi-itzal bustian
Telefonoz deitzen duen
animalia izu eta hipokondriako bat
Eta tristuraren industriak zuretzat sortu dituen
ansiolitiko eta kantuak, makrobiotika eta liburuak,
konstelazio eta terapiak, sare sozialak eta farmaziak,
zure melankoli burgesa bezatzen dutenak
dena duzu
dena duzu galtzeko
dena duzu galtzeko beldurra