0. ATARIKOA
- Amets Arzallusek: Egunean hamaika ordu lanean pasatzen dituztenak nola bizi dira?
- XAPREK: Lotuta. Nik lanari aurkitzen diodan alde txarra hori da, bizitza lotu egiten duela, bizitzen ez duela uzten. Niretzat lana polita da, lana egin beharra dago, baina bizitzen uzten duen neurrian. Orain tristeena da gazteak lanean hasi orduko erretiratzeko desiratzen daudela, zahartzea nahi dute, eta hori tristea da. Izan ere hamaika ordu egiten baldin badituzu ez daukazu disfrutatzeko denborarik, eta desiratzen zaude astea bukatzeko. Baina astea pasatzen da, segituan dator bestea, hura ere pasatzen da, eta esaten duzu: «Ea, baina nik bizimodu honetan zer?». Segituan bukaera ailegatzea nahi izatea bezala da….
- AA: Eta lanik egin gabe bizi daiteke?
- X: ...hemen langile fama edukitzea baino alferraren fama edukitzea hobea da. Langile fama baldin badaukazu denek lanerako deitzen dizute. Eta alferrarena badaukazu, inork ez dizu lanera deitzen. Ikusten duzu, niri denek jan eta edan egiteko deitzen didate! Eta jan eta edan gabe ez dago bizitzerik, lanik egin gabe bai.
2005-IV-4ko ARGIATIK (
http://www.trikitixa.net/ )
1. GALBAHEAZ
Euskeraz, lana eta beharra hitzak bereizten ditugu. Beharra erabiliko dut behartuta edo gogoaren kontra, sarri diru truk egiten dugunari esateko. Lana, barruak eskatuta, gogoz, alaiki egiten dugunari esateko. Baita ere, norbaitek egitea merezi duen zeregin hori izendatzeko. Balioa eransten duena, ez alperrekoa, ez suntsikorra. Gaur egun, denerik daukagu: batzutan zementu grisarekin ari gara behar latzean, eta beste batzutan, berriro bizitzen ikasteko lan ederrean baita ere.
1.1. Zementu grisa
Aurreko asteburuan Bilbon auto lasterketak. Sandra argazkilaria beharrean ibili da. Haustuta bukatu du igandea (garai batean, jai-eguna). Kotxeen zarata, asfaltoa bero, batetik bestera 5 kilotik gorako tresneria lepoan 10 orduz… lau txakurraundiren truk eta kontratua noiz etengo dioten larri.
Biharamonean hiriko egunkari nagusian hamalau orrialde eskaini zaizkio gertaerari. Handiak gara Bilbaon. Irrifartsu agertu zaizkigu agintariak, arrakastaren bitsetan blai. Jon, Kosmar, Kari... Horiek, ustez, gizartea hobetzeko lanean ari dira. Hiria marka bihurtu eta herritarrei aberastasuna, turismoa eta beharra ekartzeko lanean.
Hauen ondoko argazkian Nuria azafata dugu. Europako instituzioek diruz bultzatua, aukera berdintasunaren aldeko joera geldiezina eta erabatekoa da lan munduan. Baina auto gidariak gizonezkoak eta azafatak andrazkoak genituen(ogibidez, besteak beste, ikusleen begiak alaitu eta haien ahoberokeriak barrez hartu behar zituzten azafatak). Eta Nuria minigonazko beharginaren hitzak: “oso ondo joan da eguna, pega bat besterik ez: guk ezin dugu belarrietan tapoirik jantzi nagusien aginduz eta zarata handia dago... Ez omen da estetikoa...”. Unerik zaratatsuenetan 130 dezibleiotik gorakoa, tinpanoak lehertu beharrean. "Business" saltsa horretan ere Athleticeko futbolari dexente (neska anonimoagoak alboan), mekanikoak, kazetariak, belarrietarako tapoien saltzaileak, ingeniariak, poliziak,... eta ikusle itsasoa.
Hori guztia XXI, mendeko informazio, komunikazio, nanoteknologia, robotika, zientzia, ezagutzaren, aisialdiaren... garai postindustrial galaktiko hauetan. Bilbaok horrelakoak behar ei ditu. Lana eta aberastasuna ekartzen omen. 140.000 lagun disfrutatzen, eta ondartzak beteta, karabana luzeak... uau, autogintzaren hornitzaileak gara nagusiki Bizkaian ! Atsedena hartu dugu asteburuan eta astelehenerako pilak kargatuta gaude. Amets on.
Eta… benetako balio erantsia ?
Konturatu, hitzek eta tituluek nahasten gaituzte maiz. Iraqeko auzoko baratzean lanean zebilen laguna langabezian zegoen, eta hura erahil zuen bonba bidalarazitako funtzionarioa efizienteki beharrean, aldi berean. Eta katedra eskuratzeko inongo lotsarik gabe plagioan eta azpi-jokoan dabilena behargin sinestu, mirestu, eta obeditua izan ohi da. Langile fin. Gizarteko eredu. Maisu. Gidari.
Larunbatean, Bilbon bertan Saúl Garate etorri zait kafea hartzen ari nintzen terrazara, ondoko aulkian jarri eta kontari hasi. Zubipean bizi dela azken urtean, emaztearekin banandu eta Bianatik etorria dela hona lan bila. Eraikuntzan ibili izan dela gazte-gaztetatik, Bilbaon daraman urtean lantxoren bat izan duela, baina hura ere laster bukatu zaiola, sinestezina dela zenbat lagun dagoen ezer gabe, zubipean, eta ez guztiak droga arazoak tarteko (horretan Caritas-ekin bat dator)...
Bestetik etxe aaaasko hutsik eta gobernarien hauteskunde aurreko eskaintza nagusietakoa etxebizitza gehiago eraikitzea lanpostu asko sortuz, gainera...
Zementu grisa.
1.2. Arnasa
Etxegintzan hau ere,
Bill McDonoughek-eta zera proposatzen digute: naturaren antzean diseinatu eta eraiki behar dugu. Etxeak arbolen antzean eta hiriak basoen antzean. Ezer ez da geratu behar suntsitu beharreko hondakin moduan... Ehundaka lankide dira eta multinazional handienak bezero:
http://www.forbes.com/home/manufacturing/2004/12/15/cz_ag_1215beltway.html.
Wangari Maathaik azken Nobel Saria jaso du Kenia aldean lurraren alde aitzindari ibili izateagatik. Sosak jaso eta fundazioa sortu dute, lanean jarraitzeko.
Patch Adams medikuak Gesundheit Institute gidatzen du. Euren xede: dibertsioa, adiskidetasuna eta zerbitzearen zoriontasuna osasun arloko profesionalei berreskuratzea. Zer lan egiten duten? besteak beste, hospitaletako gaixoak barrearen bidez osatu.
Etxean bertan ere badira langile finak. Bilbon bertan Haurdun elkartea dugu. Haien lana, erditu behar duten andrak prestatu eta aholkatu. Soldatarik eta diru-laguntzarik gabe, bezeroak (doan) asebetez, ... lan isila baina oso arrakastatsua. Maitasunez egindakoa. Horiek interneten aurkitzea ez da horren erreza (
2009an bai). Auzoan daude, kalean, panfletoetan itsatsita, ahoz-ahokotik helduko zaizkizu telebistako "prime time"-etik baino errezago. Donostian
Kometak, jolas kooperatiboetan adituak, bertatik ogia eginez. Kultura aldaketan, hezkuntzan diardute. Tratuetan "nik irabazi, eta zuk ere, irabazi" pentsaera izan dezagun laguntzen....
Rezikleta.... Zeuk ere ezagutzen dituzu horrelako landareak, ez da ? Gaur bizi den etorkizuna dugu.
Tony Buzanek lankide-sare zabala eratu du jendea mentalki alfabetatzeko ametsak gidatuta, eta
negozio sendoa dauka mundu osoan. Gero oparoa: ...eta zer esanik ez
permakulturak. Lurraren diseinua omen da gakoa. Ondo diseinatuz gero, ahalegin txikia beharko genuke lurrak etekin ugaria emateko. Bizitokia, lantoki, oportoki. Armonia.
Eta horien guztien berri eman nahian hor ari dira
Tom Atlee eta Rosa Zubizarreta. Co-intelligence kontzeptua proposatu digute: pentsa eta sor dezagun eurekin batera !
1.3. Laburtuz
Hitz potoloez (postindustrialismoa, langile porrokatua, barne produktu gordina,aurrerapena, ongizatea,….) eta aurre-iritziez ez gaitezen nahastu.
Gaur egun egiten ari garen gauza askok ez du (ia) deus balio. Are gehiago, suntsikorrak dira. Derrigorrez, uste okerrez, ez-jakintasunez egiten ditugu, komunikabideen propaganda zuritzailez eta banako batzuk hilero-hilero soldata potoloa jasotzeko. Ezer gutxi galduko dugu (gizarteak) behar horiek egiteari utzita.
Bestetik, jende mordoa ari da egun lan ederra burutzen. Sarri komunikabideen fokotik kanpo, ordainik jaso gabe, itzalpean, baina disdiraz lanean. Bezeroak berehala somatzen die, haiei entzunda.
Etorkizuneko lana oso anitza izango da, gaurkoa den moduan. Geuk sortuko dugu. Ez dago helmuga finkorik, baina norantza jo gura dugun aukeratu behar dugu. Orain. Bakoitzak.
Goian aipatutako bideetako zeinek egiten dizu kili-kili?
2. BILUZKETA
Burua biluztu dezagun...
...Agian, lan kontzeptua, beharra, enplegua,...ez dira irakatsi zaigun moduan ulertu behar. Agian ez dute prestigiatzen, desprestigiatzen baino. Agian ez dute katea izan behar, eta bai bizi-pozerako giltza.
...Agian ez dugu asumitu behar bizitza gurutz-bidea denik eta bai pozez onartu ospaketa izan daitekeela.
...Agian medikua oker dago, eta irakaslea, eta abadea, eta laneko nagusia, eta bezero hau edo hori, eta ...
...Agian, lan-esparruko bidegabekeriari (zenbat txantxullo, zenbat txapuza, zenbat txarrikume eta zenbat txapapote!) aurre egiteak onura egingo digu.
...Beharbada beldurra uxatu, duin jokatu eta aurre egiten badugu, kaleratuko gaituzte, baina ziur, patuaren sari, lanpostu hobea daukagula zain. Dena dela,
Tom Petersek-eta aspalditxo esana digute. Gaurko lan munduak inoiz baino aukera handiagoa ematen dio banakako beharginari.
...Agian, 0 eta 3 urte arteko gelak eskaini-eskatu ordez, umeen bizitzako lehenengo urteetan lan kontratuetaik askatzeko eskubidea eskaini-eskatu behar genuke.
...Agian bileraz bilera, bazkariz bazkari, aeroportuz aeroportu egiten dugun horri zentzurik aurkitu gabe ibili behar hau ez da lana, ez da onuragarri, ez da aberasgarri.
...Agian soldata txikiagoa, materia gutxiago eta adimen handiagoa hautaturik, zoriontsuago bizi. Nork jakin?
Juliete Schor-ek (The Overworked American liburuan) alarma piztu zuen. Behar-ordu gehiegi estatu batuarrek. Eta guk, diot nik. Asko eta asko, gure gogoaren aurka eta biziaren aurka. Hau erokeria ! Han urriaren 24a
NORK BERE DENBORA BERRESKURATZEKO EGUNA ospatzeari ekin diote askok. Beharrean, despertsonalizatzen gaituen horretan bizia joaten ari zaigula-eta kexu dira, arduraz.
3. BIZI !
Michael Fogler-ek Unjobbing (beharrari utzi) liburua idatzi du. Jende arrunt askok egin du aukera horixe munduko bazterretan azken hamarkadetan. Horrantza jo dezakegu guk ere bai. Batzutan diru truke eta beste batzutan doan, baina egingo dugun lana geure barruak eskatuta edo onartuta. Utopikoa dirudi gaur langile arruntarentzat, baina gogoratu,
utopiari buruz:
- Pauso bat ematen dut berarengana hurbilduz, eta pauso bat emango du berak urrunago. Beste pauso bat nik, eta beste bat berak, ihesi...zertarako, bada, utopia?
- Horrexetarako, bada, ibiltzeko!
Gaur beharrean jarraitzen dut nik neuk, laster (2 urte barru? 5? 10?), beldurretatik eta menpekokerietatik askatu eta nire benetako lane(t)an, lan bokazionale(t)an ibiliko naizela amestuta.
Arbolen antzekoa izateko. Sorkuntza lanera askatzeko. Hazten. Ematen. Inor/ezer kaltetu gabe. Horrelakoak ginen jaio ginenean, ez da? Osasunaren jabe eta geure gaitasunak deskubrituz, garatuz eta ingurukoei eskainiz.
Gorbatako korapiloa askatuta. Ordulariarengandik aske. Tituluetatik aske. Nominatik aske. Oporretatik aske eta astelehenetatik aske.
Zertan? Ibaizabal garbitzen eta bertan
Big Jump antolatzen; bizikletaz mandatuak egiten; bertsotan; permakultura sustatzen; web-orriak diseinatzen eta irratian albiste-emaile; clown gisa eta nagusiei ipuinak kontatzen; ikasten, ikertzen, ikasten laguntzen; ogia egiten; Bilbaora etorritakoei bertako txokoak erakusten; sagarrondoak (...mmm... gaztainondoak ere bai!) landatzen eta auzokoentzat bazkaria prestatzen, eta harrikoa egiten, eta ... zentzua daukan edozer horrexetan.
Buruko lana eta eskuzkoa. Gorputz eta arimaz. Hamaika aukera dago!
Aisia askagarri eta profesio(ar)en aberasgarri. Lagunekin, maiteekin, umeekin, zaharrekin eta auzokideekin egoteko... eta arteari emoteko: pintura, musika, jolasa... Belar gainean etzan eta zeru zabalera begiratzeko, sakon arnastuz... Konturatzen? Dena da bateragarri, dena zabaltzen da, erradialki, elkar jan beharrik gabe. Emankorra da geroa. Egunero lan eta egunero aisi. Inoiz, oso agian, bidaia luuuuuuze bat...
Mundu hobea egiteko lanean. Aske eta erantzule. Alai. Irrifartsu. Bizi !