Hitzak: Badok-etik; Eneritz Furyak Twitter.en: @eneritzfuryak
Attrezzo
Xingola beltzak begien azpian,
doluz, doluz,
huntza gora, paretetan,
gure etxea makurtuz.
Ura zuzendu nahi izanagatik
itoz, itoz,
larrua oztopo badu euriak
ez du errukirik izango.
Munduari errukirik ez genion
inoiz izan
maitale denak akastun bihurtzen direnik
ez genuen ikusi nahi izan.
Eta samaldaka galdu ditut letrak,
xahutu zentzua, horri botaz errua
halakorik ez dela esanda ere...
nor ote, ni ote?
Entzun dut dela rock and rolla
bidea, eskola
baina ez da berdin aurretik edo atzetik
oihalari hamaika buelta eman dizkiot
eta sutu naiz, menperatu nau,
utzi diot hala izan dadin,
berriz, berriz.
Zein zurbilak diren sabaiak
dotore jantzita, xuxurlaka profetak
esanez ez dutela nire izena akordatzen
esanez, esan gabe, gainetik begiratzen.
Eten nahi dut haien zainetako
attrezzo gorria, harrotasun basatia:
denok baikara lekuko isil
basamortua zaborrez bete dugu hain arin.
Ikatzezko ozeano honetan.
Banoa eta ez hegan
oinak lurrean nahiago ditut
adjektibo bakar batean ezin naiz kabitu:
hizkuntzak mugatzen nau
ideiak usteldu, gaur
goizean jaiki naizenetik
atzokoak hor dirau.
Ezin dut eraitsi, ene itzala ebaki,
munduak daramanaren antzera du etsi,
onartu du amnesiak ez duela sendatzen
ez dela gaitz errealik paper batez osatzen.