2012/01/30

ESPAZIO IREKIKOARI BEHA

Aurrekoan (osteguna, ots 26) Espazio Irekiko egun erdiko topaketa izan dugu Bilborocken. GEUZeko aspalditxoko lagun Amaia Agirre eta atsegin handiz ezagutu barri dogun Lucía Gorbeña bideratzen. 
Giza Eskubide eta Bake Hezkuntzaren Elkarteen Foroa da gonbidatzaile. Gorka Ruizek sarrerako hitza. Gaia: Nola lagundu dezakegu elkarbizitza hobetzen Euskadin?
Gu parte hartzen. Eta behatzen, hari eta honi, lankideek zelan egiten duten. Ikasten. Guk honetaz dugun iritziak "Open Space Technology: a user´s guidebook" Harrison Owen-en liburuan azaldutakoa eta azken urteotan bideratu izan ditugun espazio irekikoetan ikasitakoa du oinarri. Besteak beste, zirriborro honetara dakarguna...

Gonbidapenaz eta aurre-lanaz:
  • testua karpetatxo baten han eskuragarri. Normalean ez dugu jarri izan. Beharrezkoa/komeni?
  • Gonbidapen testuan Espazio Irekiko teknikari buruzko azalpen zabala. Komeni ote? 
  • Estiloak. Koloreak eta eskuz egindakoak, gure joera. Han zena, ordenagailuz egindako kartel formalak. 
  • Bilborocken 40 lagun inguru elkartu ginen. Onenean zabalxeagoa beharko litzateke tokia kopuru horrentzat.
Espazio irekitzeaz (fazilitadoreek teknika azaltzeko hasieran egindako berbaldia)
  • Lagun biren artean egitea eskertzen da. Erritmoa aldatzen da, estiloa, adiago egoteko aukera,... Hizkuntza bitan zabalduko bada, ostegunekoan bezala, ezinbestekoa.
  • Begirada-biribila: fazilitadore moduan, biribilean jarrita direnei begiratzeko asti isila eskainiz hasi ohi dugu, Owenek azaldutako moduan. Bitartean zirkulu barrutik biribil osoa ibiltzen ohi dugu, as-ti-ro, ar-nas-ten,... Zuzen-zuzenean berba hartuta hasi zen Amaia azalpenak ematen. Ezer galtzen dugu begiradaren zeremonia kenduta? Benetan lortzen dugu etorritakoen arteko bateratzea hori eskainiz? Gustora geratu izan naiz begiradarenaz espazioa zabaldu eta itxita, baina konturatu naiz, hori gabe ere badabilela Espazio Irekikoa. Beharbada testuinguru jakin batzuetan erosoago, hobeto hartuta?
  • Aurrekoari lotuta eta ostegunekoa ikusita lezio handi bat, GEUZeko jendeari esker gogoratua: ZEURE MODURA egin, eroso izango zaren modura.
  • Espazio Irekiko printzipioak oso argi azalduta, bizi eta patxadaz. Azalpena amaitzerakoan, oso egoki,  4 printzipioak  berriro izendatuta, laburpen gisa.
  • Oin bien legea oso argi azalduta, eta harreran, karpetarekin bat, txapatxo handi bat (hondo horiaren gainean oin beltz biren irudia).
Tximeletak eta erleak aipatu ere ez. Bai, ordea, oso argi geratu arte, askatasunrena: "guztiz aske zara edozein unetan edozein txokotara joateko, eta hori gogorarazteko eman zaizu sarreran oin bien txapa".
  • Elebidun: itzulpen hutsa izatea, elebidunarentzat pisu egiten da. Baina zer beste modu legoke? Bide batez, guk proposatutako gaia kontu honi lotuta dago. Hemen txostena ikusgai.
  • Agenda osatzeko jendeak gaiak proposatzen zituen. Nork bere izena jendaurrean esateari garrantzia ematen zaio Owenen liburua. Bideratzaile gabiltzanean azpimarratzen dugu eta adi egoten gara horrela izan dadin. Egin gabe uzteko moduko beste kontu bat? Ala, benetan jendearen erantzukizuna berresteko lagungarri?
Espazioari eusten:
  • Taldearen garrantzia: kide bat harreran, beste bat jan-edatekoen mahaiaren inguruan,...
  • Sosegua, sobriedadea: Lasaitasun sentsazio oparoa zabaltzen zuten Amaiak, Lucíak eta haien taldeak goiz osoan zehar.
  • Jan-edatekoak oparo, jardunaldi osoan zehar, eta argi esan une oro erabiltzeko moduan dagoela, lasai joateko uneoro zerbait hartzen
  • Irekitasuna: anekdota bat. Halako baten, jan-edatekoen mahaian parte-hartzaile batek, "gozo-gozo gazta, bai, baie ardau apur baten falta,...". Fazilitadore Lucía haren ondoan izan eta, "bai? goazen, ba, laster konponduko dugu hori,..." . Dendara jarraian 4 lagun, elkarbizitzaren alde, eta bueltan beste gustu bat gaztak :-)!
Txostengintzaz (hemen txostena ikusgai): 
  • Ordenagailu bidez egitera gonbidatu gintuzten. Egun batzuk pasa dira (azkenean, Espazio Irekikoa izan eta astebetegarrenean epostaz jaso dugu). Guk deitutako bilerari buruzko txostena 3 egun garrenean bidali genuen. Beste batzuk faltan dituztela pentsa daiteke, antolatzaileek txosten osoa bidali barik dute oraindik. Txostena bukatu eta berehala esku artean izateak du balio berezia Espazio Irekian. Berotan izango duen eragina handiagoa delakoan, "guk geuk egin dugu/egin dezakegu/egingo dugu" sentsazioa indartzen delako parte hartzaileengan,...
  • Txostena banatzeko modua: epostaz, BCC (izkutu kopiaz). Guk hobesten dugu honela egitea, jendearen arteko harremana erraztearren, eta spamkerien bildurrik gabe: tokian bertan esan eposta irekiz bidaliko zaiela denei, eta norbaitek berea BCC gisa nahi izanez gero, esan dezala. Inork ez du nahi izaten BCC moduan jasotzen. Orain arte horrela egindako dozena erdietan inongo arazorik ez.
  • Ordenagailuak behar al ditugu/komeni dira honelako laburretan? Nire aukera: eskuz laburpenak egin, eskaneatu eta berehala bidali txostena. Txosten apainagoa nahi dugula? Ordenagailuz, argazkiak eta bestelakoak gehituz? Aste beteko epean bidali daiteke gehigarri.
  • Ordenagailuz txostena egiteko han hartutako denbora beste bilera batzuetan parte hartzen edo eman ahal izatea nahiago.

Itxiera biribilekoa hasten zenean alde egin dut, umeetara, penaz (kutunetan kutun dudalako itxiera zirkulua espazio irekikoetan) eta pozez, zain nituenenganako gogo biziz. Espazioa itxi eta espazioa ireki.

Esker mila Lucía, Amaia eta gainerakoak gonbiteagatik. Plazer hutsa izan da!

Eleder BuM31    Buru-mapak-Espazio Irekia-Sormena



2012/01/27

AIKIDOA Lukáš Kmiť-ek biolaz

Minutu t´erdiko bideoa. Presov Slovakia.  Sinagoga judu ortodoxoa. Lukáš Kmiť biola jotzen, eta...

Ikusi dutenen arteko elkarrizketan, dotorezia vs. idiotezia aipatzen da. Beste eztabaida nagusia, iruzur publizitarioa ote? 

Baduia zerikusirik aikidoaz?


A+Umorea :-)!


Eleder BuM31    Buru-mapak-Espazio Irekia-Sormena


2012/01/21

Nola lagundu elkarbizitza hobetzen Euskadin? Espazio Irekian, Bilborocken, urt26an

 GEUZeko jendea izan zen inguruan Espazio Irekian ibili eta ezagutu genuen lehenengoa. Hain zuzen, Ramón Alzategaz berba egin eta gero, 2008ko udazkena izango zen, Amaia Agirregaz elkartu ginen s009ko udaberrian edo, eta harekiko elkarrizketak eragin zigun 2010eko Wosonos-en parte-hartzeko.

Amaiarekin omen dabil Lucía Gorbeña Espazio Irekiko topaketa interesgarri hau prestatzen...  5 ordukoa:
Nola lagundu dezakegu elkarbizitza hobetzen Euskadin? Giza Eskubide eta Bake Hezkuntzaren Elkarteen Foroa da gonbidatzaile.

Euskadin bakearekiko eta giza eskubideekiko konpromisoa hartuta dugun pertsona eta erakunde guztiak ETAren indarkeriaren amaierak eta krisi ekonomikoaren areagotzeak markatutako eszenatoki berri baten aurrean gaude. Zalantza eta aukeraz beteriko eszenatokia da, orain inoiz baino gehiago gure konpromisoa eta inplikazioa areagotzea eskatzen duena.
Aldaketa garaia da eta une erabakigarria ere bai, hausnarketa egin eta elkarrekin birplanteatzeko etorkizunean hartu nahi dugun bidea: Nora goaz? Zer nahi dugu? Nola aurrera dezakegu? Zer ekarpen egiten dugu? Zeri ematen diogu lehentasuna?
Prest bazaude parte hartzeko eta erantzunik onenak bilatu nahian “bustitzeko”, topaketa ezberdin batera gonbidatu nahi zaitugu, "Open Space" teknologia berritzailearen bidez antolatutakoa.
Noiz: 2012ko urtarrilaren 26an
Non: Bilborock (Mesedeetako kaia 1. Bilbao)
Ordua: 09:00-14:30
Info gehiago eta izena ematea: foroasociacionesddhhypaz@gmail.com         688 801 794
Gorka Ruiz
Giza Eskubide eta Bake Hezkuntzaren Elkarteen Foroko presidentea

Han izatekoak gara gu ere bai, eta zu? Ondo bizi!


Eleder BuM31    Buru-mapak-Espazio Irekia-Sormena

2012/01/16

Ruper Ordorika: «Kanta ez da musika soila, ez poesia soila... eta badu guztietarik»

Duela aste batzuk Kafe Antzokian izan ginen Ruper Ordorika eta Mugalarien kontzertura bilduak. Gogor jo gintuen kontzertuak. "Hodeien azpian" diskako kantuen aurkezpena. Lehenengo entzunalditik gogor jo. Diska hori eta lehengoak entzun eta entzun ari gara geroztik. Eta kantatzeko txintxoa berpiztu bizi-bizi, kantuak agendan idatzi, eguneroko trenaldian eta oinezaldian irakurri eta kantau, zailtasunak eta hutsak atzeman, zuzendu,... musika-tresna eta abilezia oinarrizkoa, kantua... Horretan gabiltzala atzo www.ruperordorika.com -en elkarrizketa hau topatu dogu... Inprimatu, irakurri, azpimarratu eta gordeko dugun horietako bat izateaz gain, blog honetan inoiz ibiliko denari gertu utzi nahi diogu.. Batek daki-eta noiz eta nondik agerketan den argia...



...eta burua barriro Angeles Arrienengana joan jaku, gogora ekarri ohi dizkigun herri zaharren 4 galderak tarteko: 1. Noiz utzi zenion kantatzeari? 2. Noiz dantza egiteari? 3. Noiz istorioekin (eta zeure bizitzako istorioarekin) gozatzeari? 4. Noiz isiltasun gozoaren lurraldean eroso egoteari?


Badira bebai "metak": Kantuz- LaboaKantuz-Duhalde, Mundua biltzen duen oihartzuna - Ruper bera,... eta beste,... kantuari buruzko kantuak,.. eta asko esan-entzundakoak,.Pirinioen alde bietan kantuan eta jantzan ari omen zen herriarena....

 
2008ko Abenduan, Larrun aldizkarirako Pello Zubiriak Ruper Ordorikari "kantari" buruz egindako elkarrizketa luzea
Ruper Ordorika: «Kanta ez da musika soila, ez poesia soila...
eta badu guztietarik»

Gipuzkoako Oñatin jaioa, 1980ko hamarkada hasieratik ari da kantari, lehen argitalpena Hautsi da anphora izan zuelarik. Aurten hamalaugarrena argitaratu du, Hamar t’erdietan. Urteotan musikari asko pasa dira berak zuzenean emandako kontzertuetatik. Musika eta literatura uztartzen zituzten ikuskizun batzuetan ere parte hartu du. Joseba Tapia eta Bixente Martinezekin herri musika zaharra lantzen du Hiru Truku taldean.

Hain kanta diferenteak entzuten ditugu...
Bada nik beti kanta bakarra entzuten dut. Esan nahi dizut, ez dudala uste ezberdintasun handirik dagoeneik, ezberdintasun formalak bai baina ekimena bera... modu bakarra ikusten dut munduan zehar. Kanta niretzako oso gauza primitiboa da, munduko herri guztiek egiten dute, gizaki guztiek. Gehiago esango dizut, ahotsarekin eta hitzarekin lotua dagoen heinean gizakiaren ezaugarri bat da, primijenioa. Munduan kanta bakarra dagoela esaten dut, nork bere aldaerak egiten dituela bere gorabeheren arabera. Formalki ezberdintasun handiak egongo dira batzuetan, kanta genero bat baita bere horretan: kanta ez da musika soila, ez da literatura soila, ez da poesia... eta badu guztietarik. Hain da primitiboa ezen oso zaila baita zehazten, horregatik. Zer da ahotsa?
Ziurrenik kantak zeuk ere diferente sentituko eta egingo zenituen kantari hasi zinenean eta gaur egun...
Hemen beste alor batean sartzen gara: kantagintzara emana dagoenaren alorrean. Baina gizaki orok kantatzen du, ondo zein gaizki, munduan zehar. Beste batzuk dira “kantu ontzaile” Etxahunek esango zukeen moduan, hor langintzaz ari gara, ofizioaz, eta hor ikasi egiten da. Hor ezin dut esan kantak egiteko modua aldatu ez denik, nire kasuan edo besterenean. Baina funtsean, kantuaren arketipoari begira, ez da aldatzen. Zure jarrera aldatzen da, zure teknika, zure errejistroak, zure gaiak, zure sonoritatea... Baina kanta berez nik esango nuke ez ote dagoen oso lotua beharrarekin. Joxanton Artzek bere denboretan esaten zuen, Mikel Laboaren hitzaurre batean edo, Mikelek kantatzen zuela txoriek bezala behar zuelako, ezaugarri bat zeukalako kantatzea. Horretan ez da aldatzen, ezaugarri hori daukana. Beste batzuek egiten dute besteekin egoteko, afari baten ostean edo edozein erritualetan.
“Kanta ontzaile” horrek kanta bat egiten duenean, zer lortu nahi du?
Ezin daiteke esan modu orokorrean. Seguru badirela milaka arrazoi. Gure ofiziotik begiratuta, zenbaitek dirua irabaztearren egingo du, beste batzuek bere eginkizuna hori delako, lan hori hartu duelako. Baina askotan galdetzen diot nire buruari, gure alorrera begiratuz, zergatik kantatuko ote zuten Aita Donostiak Hazparnen edo bestetan elkarrizketatzen zituen agure haiek? Zergatik kantatzen zituzten kanta haiek? Nondik nora? Zein behar dago? Horiek nahi zutena bera da nik nahi dudana. Baina ez da erraz zehazten, ni gainera aipatu dugun “kantu ontzaileetakoa” naizelako, eta hor jada sartzen dira beste faktore asko: badaukazu entzulearekiko harreman horren berri... Horrek denak informazioa helarazten dio zure kantari. Gero, bazaude mando zaharra bezala, joerak hartuta. Baina funtsean hori da, nik nahi nuke nire baitatik atera, nik asko lotzen dut nire kantatzea behar batekin, zentzu fisikoan, ordenatu beharra, sortzaile guztietan dagoen gauzak moldatu behar hori. Gauza bitxia, zeren eta batzuetan egin ditut batere ordenamendurik gabeko kantuak. Baina joera horretan dago sormenaren gatazka guztia. Ekialdeko erlisioneetan esaten den bezala, mugak moldatzen du espazioa. Ia-ia joango ginateke Oteizarengana. Limitazio horiek... Eman dezagun errima bat, edo neurria, edo bertsomolde bat, muga horrek, gaindi ezinezko limite horrek ematen dizu bidea forma bat emateko. Entzuleak hitzarmena onartuz gero, horrek ematen dio balioa kantuari.
Entzulearekiko hitzarmena aipatzen duzu kantaren osagai bezala.
Hori da niretzako beste gai zentral bat: ez dela kantarik entzulerik ez bada. Argi dago nornahik egin dezakeela kanta, bakarrik, bere kasa, baina benetan osatzen da, ontzen da, norbaitek entzuten duenean. Kantaren behar horretan sartzen da komunikazio behar bat. Konpartitze beharra.
Zer nolako garrantzia dauka horretan doinuak, melodiak?
Kanta ez da, lehen esan dut, ez da musika eta ez poesia. Kantak eman dezagun hiru osagai dituela: bata da hitza, bestea doinua eta hirugarrena da nik “oihartzuna” deitzen diodana. Oihartzun hori lortzen denean, orduan kantak zeozer lortu du, ontzea lortu du. Denok dauzkagu gogoan hitzak sekula gogoan edukiko ez genituzkeenak melodia batekin emanak izan ez balira. Eta alderantziz, denok dauzkagu melodiak gogoan edukiko ez genituzkeenak berekin daramatzaten hitzak ez baleuzkate. Hor sortzen da zerbait. Batzuetan narrazio sinple batean irringarri edo absurdoak liratekeen berbak doinu batekin guztiz bestela hartzen dira, kantak badu magia hori. Oso gauza primitiboa da.
Zeri deitzen diozu oihartzuna?
Oihartzuna da entzulearen ulermenarekin elkartzea... ez ulermen logizista batekin, “kantu hau honetaz da” eta abar, baizik eta sentimenduekin. Orduan ontzen da. Hau gauza oso eztabaidagarria da. Estetika kontu hau hasieratik eztabaidatu da, baina nik badut uste horrela dela.
Doinu bati zer eskatzen diozu? Burura asko etorriko zaizkizu, batzuk gordeko dituzu, besteak baztertu...
Ezin nezake esan hori. Niretzako prozedura erabat intuitiboa da. Ez daukat araudirik. Hasteko, testu on batek ez du beti egiten kanta on bat. Kantak behar ditu poesia batek ez dituen euskarriak, nolabait esateko. Alderantziz, doinu on batek niri ez dit derrigorrez zerbait komunikatzen kanta bilakatu denean. Agian niretzako inportanteagoa da kantariaren abotsa bera, fisikoki; beste batentzako izango da afinazioa, edo zernahi. Esango nuke agian sasoi batean gehiago kezkatzen nintzela niretzako muga batetik aurrera negatibo izan daitekeen kontsiderazio batekin: originaltasunarekin. Badut uste egile batzuek errefusatzen dituztela ateratzen zaizkien zenbait gauza, iruditzen zaielako ez direla behar bezain original. Baina originaltasunaren ideiarekin kontu handiz ibili behar da. Norbera sartzen ahal delako ofizioak ematen dizkion tresnekin tranpetan: “sekuentzia hau aldatuko dut iruditzen zaidalako baduela antzik ez dakit zerekin”. Hori zilegi da, baina ez dut uste interesgarria denik. Kantuak egiteko beti melodiatik abiatzen naiz...
... ez letratik?
Ez, baina beti egin izan dut poema bat edo beste musikatu, gero eta gutxiagotan. Poema bat irakurriz gero benetan gustatzen zaidana, oso-oso zailtasun gutxi izaten ditut hori musikaz emateko. Nire modura. Ez dakit zergatik. Baina behar du izan gauza berezi bat, buruan gelditzen zaidana. Zaletasun handia dut poesia irakurtzeko eta asko maite ditudan poemak badira sekula burutik pasatu ez zaidana musikatzerik. Aldiz, beste batzuk irakurri orduko pentsatzen dut “hau kantuan eman beharko nuke” eta askotan ez direnez sortuak izan kantatuak izateko, niri aukera ematen didate libreago izateko. Askotan mugak libertatea ematen dizu, muga da testua bere horretan eman behar dela eta horri jarraiki batzuetan iristen zara kantu molde ortodoxoetatik alde egitera. Baina azken urte luzeetan egin ditudan kanta gehienak musikatik abiatuta egin ditut.
“Oihartzuna” aipatutakoan, entzulearengan sortzen duena aipatu duzu. Baina doinuak badu beste oihartzun bat kantaren barruan bertan, armonia, soinua edo hotsa deitzen dugun hori, beste instrumentuek ematen dioten kolorea, kantariaren ahotsa...
... tonua bera ere bai: kanta bera oso tonu ezberdin batean jende askok ez luke ezagutu ere egingo. Gauza bitxia da, zeren eta zu kantuaz ari zara kanta oso gauza fisikoa balitz bezala, baina kantak libertate guztia ematen dizu. Jendeak kontuan eduki ditzake alde tekniko horiek, armoniak, tesiturak eta beste, eta modu berean entzuten duzu ez dakit... Etxahunen kanta bat eta flipatu egiten duzu, nola liteke hau hain zehatz esan izana, bere denboran eduki zuen oihartzun hura... Nire kasuan hau da oso gai intuitiboa. Horretaz asko hitz egin genezake. Ni hasieratik ibili naiz taldeekin eta oso inportanteak iruditzen zaizkit alde tinbrikoa eta hori guztia. Baina hori niretzako jada ez da kanta, hor beste erreferente batzuk daude, guztiz inportanteak direnak baina erabat belaunaldi bati lotuak eta abar.
Erreferentzia horiek definitzerik bai?
Zaila da oso... Dena hartu behar da kontuan. “A capella” kantatu behar duenak jendearen aurrean beste ornamentazio bat erabiliko du, edo instrumentu batekin jotzen duenak. Mundu tradizionalean oso bistakoa da hori: soinujoleak modu batez kantatu behar du daukan tresna ahotsarekin gainditzeko, entzun dadin. Oso mediotik kantatzen dute, oso ozenki. Gitarrarekin kantatzen duenak nonbait kokatzen du bere ahotsa entzun dadin. “A capella” kantatzen duenak askoz gehiago ornamentatu behar du ahotsa, bukaeretan eta abar, amaiera goxo bat eduki dezan, goxoa edo garratza, baina instrumentuak ez baitio emango errejistro hori. Gaur egungo kantaerak, oro har... begira zer nolako jeneralizazioa, baina esan dezagun horrela... gaur egungoak eta mikroa azaldu aurreko kantakerak ez daukate zerikusirik. Konbo elektriko batekin kantatzen baduzu, bateria, baxu, gitarra eta abar, gehienetan kantatzeko beste jarrera bat beharko duzu. Bestela ez du funtzionatzen. Tresna guztiek begiratu behar diote kantuari. Baina kantua bera besterik da. Kantaren egitura... Hartzen ahal duzu lieder aleman bat eta zure gitarrarekin eta armoniekin emanda, beste alor batera ekarri duzu. Hartu blues klasiko bat, askoz arinago kantatu eta hor daukazu Elvis, horri deitzen zaio rocka, eta kantu bera da. Kanta bera, tempo batekin eman edo bestearekin, bluesa da edo rocka. Kanta bat maiorrean eman eta ondoren minorrean, eta beste kanta da.
Kantagile batzuen ilusioa, ziur aski mikroa hedatu aurrekoena baina gehiagorena ere bai, izango da bere abestiak besteren ahotan entzutea, ostatuan edo afaritan. Ez da hori zure kasua, ezta zure belaunaldikoena ere. Ala oker nago?
Arrazoi duzula uste dut. Lehen mundua... Oroitzen naiz, kanta zaharrekiko nire zaletasuna dela eta, zinta batzuk entzuten ari nintzela Bizkaiko mugetakoak, Orozkokoak eta erdal mugetakoak. Hor baziren adin handiko pertsonak “Ez dok amairu” erromantzea kantatzen zutenak goitik behera. Euskaldun puru-puruak. Gerta zitekeen horietakoren batzuk euskaldun petoak izan eta aldiz auzokoa erdalduna izatea, baina ez kanpotik etorria, bertako erdaldundua baizik. Testuinguru horretan bati galdetu zioten “eta zergatik ahaztu ziren kanta zaharrak”, eta adineko gizon honek: “Radixoarekin”. Horrekin nora noan? Mikrofonoa baino lehenagoko jende horiek ez zeukaten kantak errepikatzeko beste biderik, bat-batean ikasi behar ziren. Zuk entzuten ahal dituzu doinu militarrak Zuberoako pastoraletan, eta horren esplikazioa erreza da: gaztea lehenbizikoz Eskiulatik irteten zen soldaduskara joateko, eta han hiru urtez entzuten zituen doinuak horiexek ziren. Guztiz beste harremanetan oinarritutako gizarte batean, kantuak eta musikak orohar ikaragarrizko balioa zeukan, liturgikoa ere bai esango nuke. Musika zenean, ospakizuna zen. Baten bat hila zelako, baten bat sortua zelako, herriko festetan... Hori oraintsu arte. Grabatzen ahal denetik musikaren muina erabat aldatu da. Orain ikusi dezakezu flamenkoaren alorrean “Canto de las Minas” jaialdi famatua Miguel Poveda bezalako katalan batek irabazten duela. Aurki japoniar batek. Poveda andaluzen semea da, eta Sabadellen edo beste edonon sortua izanagatik, aitak etxean flamenkozko diskoak jartzen dituelako, berak umetatik harrapatu ditu maisuen zera horiek etxean. Ijitoa, andaluza eta hori guztia izan gabe, “cante”aren ezaugarriak barruan daramatza.
Hau guztia musikaren edo kantaren funtzioekin dago lotuta.
Bai. Baina musikaren papera entzulearen aldetik ere aldatu da. Gure mutiko denboretan tabernetan kantatu egiten zen. Orain ez. Aldiz, orain ez dago isiltasunik, musika nonnahi dago, kafea hartzera sartu eta musika, taxian sartu, musika, autobusa hartu, musika... Jendeak mp3an dauzka bizi osoan entzungo ez lituzkeen kantak. Musika ez da jadanik ospakizunetarako derrigor, izaten ahal da aurretik pasa zaizula auto bat bolumena ozen ipinita. Kantaren funtzio soziala aldatu da. Jendea ez da sentitzen egile, hori hasteko. Oso jende gutxik hartuko luke, nahiz eta bost kalimotxo edan, tabernan kantatzeko ausardia. Hasteko, ezin lezake, zeren eta bafleak ziurrenik a tope egongo dira musika jarrita. Kantuan aritzeko nolabaiteko isiltasuna behar da. Bestetik, ohitura galdu delako. Orain dela hogeita hamar urte ezinezkoa zen ondo afaldu eta ez kantatzea. Eta hori ez zegoelarik kantari profesionalik. Edozer baina kantatu, “Hara nun diran” edo “Tengo una vaca lechera”.
Zuk kantak egiten dituzu, kantatzeaz gain. Zein bide egiten du zure abesti batek zure eskuetatik joan ondoren?
Nik sinesten dut artisautza eginkizun horretan, funtzionalitate batean. Kantuak ondu zerbait konformatzeko, zerbait egituratzeko, nire barrutik ateratzeko. Kuestioa da hortik aurrera teknika bide batean sartzen zarela. Eta honek denbora asko ematen du. Teknika menderatu beharra dago. Kanta sortze beretik, grabatu behar duzunean, zer medio dituzun... Izugarri markatzen du geroko dena. Hasierako arnas hori, kanta ontzera bultzatu zaituena, galdu ez dadin bidean. Saiatzen naiz lehenbiziko arnasa asko errespetatzen. Gero horri emango genioke beste orrazketa bat, eta hor sartzen da langintza, ofizioa, egin nahi duzunari buruzko aburuak, zure esperientzia, ezaguerak, erreferentziak... Baina lehenbizikoa saiatzen naiz ahal bezain libre atera dadin. Gero, hori nola harrapatu estudioan? Honetaz luze mintza zaitezke musikariekin, batzuek modu traumatikoagoan bizitzen dute grabaketa, beste batzuek alaiki egiten dute. Niretzako grabatzea eta produzitzea mundu bat da bere horretan: zer lortu nahi den, zein simulakro bide egin behar den. Azkenean teknika bati buruz ari gara, giro bat erreproduzitzea eta abar. Gero sartzen gara disketxeetan...
Lehen kantaren arrakasta beste batzuen ahotan entzutea zen, eta orain ez, antza. Kanta bat egindakoan noiz ohartzen zara “joño, kanta hau bai borobila egin diat, entzulearen zirrara hori lortu diat” igoal espero ez zenuenean?
Ez da gai hutsala. Gerta liteke zuk egitea kanta bat zutaz kanpo jendeak nekez errepikatu ahal izango duena, edo zure errejistroa oso berezia delako, edo gaia oso berezia delako edo bihurria delako melodia... Jendeak behar ditu errimak, errefrauak, kantaren ezaugarri kanoniko horiek, jendeak gogoan gordetzeko behar dituen gakoak. Batzuetan jendeak gogoan hartzen ditu pentsa ezinezko kantak, beren barruan halako oihartzuna utzi dielako. Buelta emaiozu: jendeak kanta ditzake arbuiagarri zaizkionak, buruan gelditu zaizkiolako. Hori ere gertatzen da. Galdetzen duzunari buruz ez daukat irizpide bat, baina bai segurantza hori: zenbait kasutan badakit kantua hor dagoela, neure alorrera ekarri dudanean, nire kontsideratzen dudanean. Segurantza badut baina ezin nezake esan zergatik. Bitxia da baina gure eginkizunetan dago. Lehengo arotzak bezala, bazekien noiz zegoen aulki egin berria ondo egina, une hartan eta ez beste bi ordu gehiagoz atalen bat gehiago landuta. Edo pintore batek noiz kontsideratzen duen bere margoa bukatutzat, orain eta ez bihar, nahiz eta hodeia horrela geratu, harentzako horrela da. Beste eginkizun askotan, artistikoak ez direnetan ere, horrela da. Noiz pentsatzen duzu zuk artikulu bat hor dagoela?
Gaur publikoak ez du eskatzen duela hogeita hamar urteko gauza bera...
Bueno, formalki erabat aldatu da, erabat, nahiz eta kantuak hor dirauen. Jendeak kanta on bat entzuten duenean, edo ontzat daukana, ez dio horri begiratzen. Baina kuestioa ez da hori, kuestioa da jendeak ez duela entzun nahi hori, jendeak nahikoa lan badauka egunean eguneko kantuekin eta hiperrinformazio horrekin. Bada belaunaldi bat oraindik oroiminez gogoratzen dituena garai bateko zenbait kantari edo zenbait kanta. Euskal munduan oso hurbiletik ikus daiteke, gutxi garelako. Baina eguneroko bizitza beste leku batetik doa, eta hori kontsumitzaileetan oso argi ikusten da. Euskaldun gazte askok ez dituzte beren buruak behartuta ikusten euskal gauzak kontsumitzeko. Euskaraz ari dira-edo, baina kontsumitzaile bezala ez dira hor kokatzen. Jarraitzen dituzte gauzak, edo nirea, edo zurea, baina horrela daude gauzak, eta ezin dugu hitz egin duela hogeita hamar urte bezala. Sasoi hartan hemengo jende askok euskaraz ateratzen ziren disko guztiak erosten zituela esango nuke, hori ezagutu izan dugu. Alde horretatik, normala topatzen dut kantua garaian garaiko ispilu izatea. Gure kasuan, gure txikitasunean aniztasun izugarri baten ispilua, non jende gutxi kontsideratzen den egile eta jende asko eta asko kontsumitzaile.
Hori ere berria da.
Bai, berria da: lehen baziren kontsumitzaileak baina ez zen produkturik. Kanta ez zen kontsideratzen produktu bat, transmisio modu bat kontsideratzen zen... eta maitatzen zen, maitatzen zen bezala horretan ziharduena guztiz modu aprofesional batean edo antzera. Hori aldatu da alor guztietan. Jendeak baditu ohitura batzuk, behar batzuk, ase beharreko minimo batzuk, ezin direnak kantatzearen poderioz berdindu. Jendearentzako gaur kanta polit bat ematea ez da aski, behar duzu parafernalia oso bat, ebidenteak diren gauzengatik... Baina kantuak hor dirau. Gizakiak beti menderatu du teknika musika egin ahal izateko. Gitarra elektrikoa azaldu zenean munduaren bukaera zela zirudien, eta dagoeneko gitarra elektrikoa tresna folk bat da, bakarrik entxufatu egin behar dela. Pentsa, entxufatzea, zer atzerapena... Dena oso arin baitoa. Esaten dutenez munduan dantzatzen den musikaren %80 makinekin egina da, eta hortik sortuko da beste ezaugarri batzuk dituen musika, ez daukat dudarik.
Aldaketa handien atarian gaude, beraz, zure ustetan.
Zibernetika sartu zenetik dauden aldaketak izugarriak dira, eta oraindik ezin pentsatuzkoak. Oraindik ari gara makinekin ezintasun horretan, haurrak bezala programatzen kantuak, konpasak... Hortik sortuko da estetika berri bat. Zineak antzerkia jan zuen bezala. Horren hastapenetan gaude, ez dugu ikusten ahal, sortzaile bezala, baina kantak egiteko nahiak hor dirau. Eta nagusituko da, horrela izan da mendeetan zehar, nahiz eta aldaketa tekniko izugarriak gertatu. Behin batek honetaz galdetu zidan ekonomiaren eta musikaren arteko harremanez egon ziren jardunaldi batzuen haritik. Harremanik nola ez da, bada, egongo. Baina nik ekonomiari baino garrantzia handiagoa ematen diot teknologiaren aldaketari. Rock-and-rollaren iraultza ezinezkoa da gitarra elektrikoa gabe: igo eta gitarra entxufatu lehenik, gero bateria, gero mikroak... horrek ikaragarrizko aldaketa ekarri zuen. Gaua eta eguna. Horrekin batera, grabatzearena. Horrela sortu zen star systema, eta beste. Orain berriz hori dena ezabatzen ari dela dirudi, eta dena berfundatu beharra dagoela. Kantuak iraungo duela esateak eman lezake bolondresaren itxaropena dela. Baina ni erabat seguru naiz, ez dut zalantzarik. Pasatzen dena da ez dugula imajinatzen ahal nola gauzatuko den. Edo honek ekarriko ote duen hastapenetara itzultzeko nahi bat, jendeak batere teknologiarik gabe aritzearena, leku txikietan jotzea komunikazio handiagoa egon dadin... Ala kontrakoa, zeren eta orain ematen du beste bide bat nahiago dela, ugaltzen ari dira 40.000 lagunentzako festibalak berriro, duela hogeita hamar urte bezala, hamabost talde musika jotzen eten gabe, eta non pelikula musikaz haratago doan. Baina klubak ere hor daude. Dena dela, hori da alde soziologikoa. Sortzaile bezala, iruditzen zait jendeak entzuten dituenean gu hunkitzen gintuzten kantak haiek ere modu berean hunkitzen dituztela. Arazoa da ez direla horraino ailegatzen.


Kantuz bizi gaitezen, bada! Sarreran aipatutako Angeles Arrienek hara zer dioen, 4 galderez gain: 

Herri zaharrek argi dute: gure kantu kutunak, horiek gure kantu botere-emaileak ditugu. Kantu horiek zure izatearen alde sormentsuari lotuak dira, eta zure autentikotasunaren aldeak erakusten dituzte. Herri zaharrotan zera uste dute ere bai: abestirik boteretsuena zuk zeure berbakaz, eta zeure melodiaz osatutakoa da.... Has gaitezen bada, nork bere botere-kantuak sortzen, eta jabetu gaitezen hori eginda sormenean hazten garela eta gure kontu esanguratsuak agertzen zaizkigula...
A+U_morea :-)!

Eleder BuM31    Buru-mapak-Espazio Irekia-Sormena

2012/01/12

Aingeruak eta Parasitoak/Bizkarroiak (II): hitzaldiko buru-maparen aitzakitan



Atzo Bulegoa Z/Ban izan ginen, bizkarroi samar, seguru aski :-)! Francisco Tiradok -irakurrita, baina oso fin, eta proiektatutako irudi ugariz lagunduta- emandako hitzaldian. Zerbait barria ikasteko gogoz joan ginen (espazioa eta "inguru intelektuala" barri zitzaizkigun: soziologia/filosofia/pentsamendua... kutsu akademiko ahaztuxearen habitik) eta mapagintza praktikatzeko, dibertitzeko.  Idatzi honen buru jarri dugun irudiaren goiko erdiko buru-mapatxoa hau atera zen, erdigunean hondo horiaren gainean irudian, Francisco, eta pentsamenduak artea menperatu izan duela, balantzaz adierazia.




Eta honek buru-mapagintzari buruzko komentario batzuetarako aitzakia ematen digu:
  • Buru-mapen abantailak:  notak  hartzeak arreta eskatzen badigu, buru-mapa moduan saiatzeak arreta handiagoa eskatzen du oraindik. Gako-hitzak aukeratzen ibili beharra, egitura sortzen eta hitz bakoitza ahalik eta egituraren tokirik egokienean kokatzen saiatzea, ikurtxoak asmatzen ibiltzea,...
  • Erabilerak: berdin dio buru-mapa hau ez horren ederra izatea, arinka egin izana, koadrodun paperean eta koloretako boligrafo hutsa erabilita egin izana. Laburpen moduan oso aberatsa da: egitura asmatzen, gako-hitzak lasto artean bereizten, irudiak sortzen,...  asko aurreratu dugu. Eta errez dugu, behar izanez gero, buru-mapa txukunagoa, ederragoa, osoagoa egiten
  • Egitura irradiakorraren, erradialaren, irekiaren abantailak nabarmenak dira. Biltzeko modukoa deritzogun ideia bakoitzari norberak erabakitako toki egokia aurkitzen eta irekitzen gabiltza etengabe paperean.
  • Txantiloiak: notak buru-mapenm bitartez  hartzen baditugu, egitura askotan errepikatuko diren multzoak=adarrak agertuko dira (edo, nahi izatekotan, hitzaldietarako buru-maparen adar batzuk aurrez eginda eramango). Honako hau bat-batean egin bagenuen ere, beharbada PERTSONAK adar nagusia (behe eskumaldekoa, SERRES eta besteen "adar-ama" edo IDEIAK adar nagusia (goi eskumaldekoa, katramila baltzaz adierazia, garuna espresatu gurean).
  • Espazioa: Hitzaldia ordubete ingurukoa izan zen (eta eztabaidarako tartea baino lehenago alde egin beharrean gine, tamalez). 40´ ingurutan beteta genuen DIN-A7aren tamaina duen orritxua. Din A-4 bat justutxukoa izango litzateke han hartu gura genituenak ganoraz jasotzeko.
  • Irudimena: Aingeruarentzako ikurra (erdi ezkerraldean, HERMES hitzaren ezker, errez bururatu zitzaigun. Bizkarroia adierazteko ezer etorri ez, eta ASMATU egin genuen (kurbatutako hiruki gorria, barnean, erpinetatik gertu, bolatxo baltz bana dituena

Hitzaldiaren edukiaz gutxi esango dogu hemen (saiatu nahi goiko b-m "pertsonal" hori interpretatzen? sudokuak baino emankorrago zure astirako, ziur :-)! Gauzatxu bat soilik. Michel Serres-en parasito kontzeptua ere aurkeztu zigun Francisco Tiradok hitzaldiaren amaiera aldera.
Biren arteko harreman hutsik ez dago. Beti dago 3. bat (edo batzuk, gehienetan). Parasitoak (para-sito: tokiaren ondoan daudenak, konnotazio ezkorrik gabe, ondoan dagoena, beti dago eta zerbait/norbait-zu ondoan,...). Parasitoak tartekari egiten du. Parasitoa hondoko "zarata" da.  Erlazioa akumulatzen du, apurtzen du eta bersortzen du. Parasitoa ezinbesteko sormen-iturri da edozein harremanetan. Parasitoa harremanean diren kideekin baino, erlazioarekin berarekin du harremana. Presentzia ausentea. Ausentzia presentea....

Hitz jakintsuak Franciscorenak, Michelenak,... Bulegoa Z/Bn entzunak esker mila!
Eta horrek gure Espazio Irekira eraman gintuen berehala. Tximeletak ditugu parasitoen antzeko zerbait adierazteko. Tximeletak bileretan eta sartu barik egon ohi dira espazio irekiko topaketetan. Jendeari nahi izanez gero tximeleta ibiltzeko esaten zaio. Lasai egoteko modu horretan, nahi izatera. Jende asko azkenengoz eremu "produktiboan" etxean sentituko dira, euren izatean eta taldean gozo. Hemen kontu hori isladatzen duen istoriotxoa, ingelesez, Espazio Irekiari buruzko gunen nagusitik hartua.


...eta lagunarenera joan ginen gero, eta han ziren tximeletak, Txinatik ekarriak, bata bestearen gainean, hari koloretsuz egindakoak, ezin ederragoak, eta han zen Matriuska, bata bestea barnean hartzen duten andra koloretsu ezin emankorragoak, holan holon, oraingo jakintsuen hitzetan...

a+u_morea :-)!
.
Eleder BuM31    Mind Mapping-Open Space Technology-Creativity
www.burumapak.blogspot.com (eus)   @Eleder_BuM  (Twitter)
www.in-fluyendo.blogspot.com (esp) www.flowandshow.blogspot.com

2012/01/09

MIND42: buru-mapak taldean egiteko SW librea

Abenduan buru-mapa ikastaroa eman genuen UEUren eskutik Eibarren.

Eskuz jarduteaz gain ordenagailuak ere erabili genituen. XMind bakarka aritzeko eta Mind42 aldi berean taldean buru-mapa egiteko, kolaboratiboa esaten omen zaio horri.

Hemen behean "Gorakada Kutxa" gorakada beharrean garenean zabaldu ahal izateko! Eta hemen beste tailer batean egindakoa, umore kutxa izenez, kontzeptu berdina. Ordu erdi  eskas eman genuen honetan, bertan ginen hamartxu lagunok, batzuek etxean pentsatutako ideiak ere paperean zituztela.



Mind42-k abantaila batzuk baditu, bai horixe!
  • aldi berean munduko bazterretan dauden taldekideek eskema bardinean lan egin ahal izatea. 
  • online dabil eta ez da inongo programarik instalatu  behar.
  • software librea da
  • Irudiak txertatzeko erreztasun handia ematen du, Google, Yahoo zein Flickr-etik aukeratuz
Zulo nabermanak ere baditu, programa honek... biba inperfekzioa :-)!
  • maparen erdigunean ezin irudirik txertatzea , eta hori garrantzitsua da buru-mapak egitean, erdiguneko irudia bereziki erakargarria eta adierazgarria izan behar baita
  • editatzeko aukerak mugatuagoak dira
  • ez du modurik eskaintzen adarren arteko erlazio-gezirik jartzeko...
  • taldean jardutean noraino eusten du? 10 lagun inguru ginen aldi berean mapa berdinean lanean eta sarri gertatu ziren deskonexioak gainkargaz edo?
    Dena den aholkagarria, betiere pentsamendu irradiakorra islatzeko tresna delako, ideien anabasari ordena eransteko tresna, eta sw librea izanik elkarlanerako parada egokia ematen duelako.

    Ondo bizi!


    Eleder BuM31    Mind Mapping-Open Space Technology-Sormena

      2012/01/05

      AINGERUAK ETA BIZKARROIAK Bulegoa Z/Bren eskutik

      Patuaren jokaldi atseginez beteko horietako batek ekarri zigun Bulegoa Z/Bren barri. Txikitxutako hainbeste jolas eta bizipenen toki dogun Bilboko Solokoetxen daude duela urtetxua, eta oso proposamen erakargarriak bota ohi dizkigute, arte, pentsamendu eta bizipoz iturri oparotik... Hara datorren eguastenerakoa (19.00), euren gunetik kopitsatsia

      "Aingeruak eta bizkarroiak. Artearen eta gizarte-pentsamenduaren arteko transdukzioak." Francisco Tirado.

      Asteazkena, 11 Urtarrila, 2012 - 19:00
       
      Itxuraz, arteak eta gizarte-pentsamenduak arlo desberdinetan eta logika kontraesankorrekin jarduten dute. Zabal onartuta dagoen topikoaren arabera, arlo horietako bakoitzak bere arrazionaltasuna eta errealitatea kontzeptualizatzeko adierazpidea aurkitu ditu. Hala ere, harremanen eta loturen historia luzea dago arlo horien artean. Hala, gizarteko pentsalarien inspirazio-iturria izan diren literaturako adibideak aurkitu ahal ditugu, eta aztertzeko kezkak artearen bidez adierazi dituzten gizarteko pentsalariak ere bai. Hala ere, harreman hori beti izan da korapilatsua eta gatazkatsua. Gizarte-pentsamenduak beti izan du joera artea berdintasun-baldintzetan ez hartzeko, eta ildo horretako azterketek adierazpide artistikoa eta adierazpide horren egileak soziologizatzera jo izan dute. Izan ere, gizarte-pentsamenduaren baitan, hausnarketa egiteko tradizio luzea dago, “artearen soziologia” izenekoa. Hala ere, azken hamarkadetan, salbuespen batzuk azaldu dira, subsunzioko harreman horrekin haustura dakarten salbuespenak. Michel Serres filosofoaren lana adibide paradigmatikoa da. Egile horrek jolas didaktiko bat proposatzen du artearen eta gizarte-pentsamenduaren artean. Jolas horretan, artea inspirazio-iturria da, eta pentsamendua, berriz, argudioak emateko euskarria, baina, bereizgarri gisa, ez dio bere idiosinkrasiari uko egin beharrik. Bere proposamenek transdukzio-prozesu berezia egituratzen dute artearen eta gizarte-pentsamenduaren artean; prozesu horretan, artearen kodeak gizarte-pentsamenduaren kodeetara itzultzen dira, eta alderantziz. Era horretan, josturarik gabeko ehuna eratzen dute biek, eta hor garrantzia duen gauza bakarra da gure oraina definitzen duen errealitateari buruzko azalpen sakona prestatzea. Ariketa horren adibide egokia da, artea abiaburutzat hartuta (pintura eta eskultura), aingeruen mitoari buruz edo bizkarroiaren irudiari buruz egin duen lana. Aingeruek mezulari bilakatu den gizaki bat irudikatzen dute, planetako mutur batetik bestera informazioa etengabe mugitzen duen eta zirkulazio horrekin globaltasun berria ehuntzen duen gizakia. Bizkarroiek, berriz, gakoak eskaintzen dituzte, harreman guztien eta beren eraldatze-prozesuen eta egungo bilakaeraren logika zein osagaik zehazten duen ulertu ahal izateko. Hala, bada, aingeruaren mitoak eta bizkarroiaren irudiak gakoak eskaintzen dituzte gure oraingo ontologia aztertzeko eta ulertzeko. Michel Serresen proposamenetan aingeruek eta bizkarroiek aukera ematen digute artearen eta gizarte-pentsamenduaren artean transdukzioak egiteko, eta, gainera, transdukzioa logika gisa agertzen da, hierarkikoki antolatu beharrik gabe edo batak duen logika bestearenera itzultzeko beharrik gabe, arlo horiek baterako funtzionamenduko maila berean kokatzen dituen logika modura.

      Francisco Tirado Gizarte Psikologiako irakasle titularra da Bartzelonako Universitat Autònoma-n, eta GESCIT (Grup d'Estudis Socials en Ciència i Tecnologia) taldeko kide sortzaileetako bat da. Ikerkuntzan dituen interesak hiru esparru handi hartzen ditu barne: a) zientzia eta teknologiako gizarte-azterketak; b) botere-harremanak eta ekintza politikoa ingurune soziotekniko berrietan; eta c) biopolitika eta medikuntza. Argitalpen hauek atera ditu, besteak beste: 
      • Francisco Tirado: Los objetos y el acontecimiento. Teoría de la socialidad mínima. Bartzelona: Amentia Editorial; 
      • Franciso Tirado eta Miquel Domènech (arg.): Lo social y lo virtual. Nuevas formas de control y transformación social. Bartzelona. Editorial UOC; 
      • Ana Gálvez eta Francisco Tirado: Sociabilidad en pantalla. Bartzelona: Editorial UOC.
      Esker mila, bulegokide maiteak, egun hauetako baten han gaituzue,... aingeru ala bizkarroi :-)?


      Eleder BuM31    Mind Mapping-Open Space Technology-Sormena

      SATCHITA

      Zorion Punpaka hasi hasi ginen, eta lotuten=gelditzen gatxagoa da. Abenduaren 16an Eutokian izandako topaketan gorakada eragiten diguten bideo/kantuen bildumatxoa hasi genuen. Horietatik Satchita dakargu hona, Pablo Villochek aholkatua... PLAY FOR CHANGE proiektu interesgarriaren barneko kanta. Azken aldian sarri agertzen ari jakun zuloa. Munduko hizkuntzak orekatzen eta estilo anitzak biltzen  dituen kantu-zerrendarik/espaziorik ba al dago sarean? Zer gustora jasoko dudan horren berri! Eta hala ez balitz, horra ekintzaileentzako zulo polita!

       
      Peça a deus,
      Que os homens encontrem seus passos perdidos
      E que os sonhos dispertem esses olhos dormidos,
      Que o amor transborde e que vivamos em paz;
      Qua os dias terminem com os braços cansados
      E que a sorte só queria estar ao seu lado
      Que a dor não me assombre, nem me cause desespero,
      Peça a deus.
      Sat-chit ananda parabrahma,
      Purushotamah, paramahtma,
      Sri bhagavathi sametha,
      Sri bhagavathe namahah
      Oh oh oh oh oh oh oh oh oh oh
      Peça a deus,
      Que nos mande do céu muita sabedoria,
      Um amor verdadeiro, que ninguém passe fome,
      Um abrço de irmão e que vivamos em paz;
      Qua terminem as guerras e também a pobreza,
      Encontrar alegrias entre tanta tristeza,
      Que a luz ilumine as almas perdidas e um futuro melhor.
      Sat-chit ananda parabrahma,
      Purushotamah, paramahtma,
      Sri bhagavathi sametha,
      Sri bhagavathe namahah
      Oh oh oh oh oh oh oh oh oh oh

      Moteltxue? Hala bajatzu be,... astindu gorputze :-)!


      Eleder BuM31    Mind Mapping-Open Space Technology-Sormena

      2012/01/03

      OSO BEREZIA ZARELAKO...


      Muxote Potolo Bat eko jendeak egindako bideo zoragarria, munduan bakarra zarelako, oso pertsona berezia.

      Hik Hasi aldizkariaren 164.aleak eduki interesgarria orain ere. Besteak beste, hauek hiruak:
      GAIA: BIZI TOKI. Ikasiz bizi, bizitzen ikasiz.
      ELKARRIZKETA: Jon Sarasua Maritxalar.
      GALDEIDAZUE: Nola jokatu beharko genuke eskolan sormena lantzeko? Yrjö Engeström.
      Hori iragartzeko mezuan gorakada eragiten duten bideo horietakoa bota digute. Bizipozerako giltza batzuk, zabal jotzen ari den Ruper Ordorikaren azken Hodeien azpian diskako "Nora zoaz bakarrik?" kantu apartagaz. Bai ederra!

      Uros bizi!

      Eleder BuM31    Mind Mapping-Open Space Technology-Sormena